2017/05/11

FAMILIEN ANIZTASUNA


Kaixo balorezale hori!!

Datorren astean bi data garrantzitsu izango ditugu: alde batetik maiatzak 15, Familien naziarteko eguna, eta bestetik maiatzak 17, Homofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna. Bi egunak oso gertu daudenez, pitin bat aurreratuko gara eta gaiak lantzen hasiko gara.

Familiaren kontuarekin sartuko gara gaurko sarrera honetan. Oso galdera sinple batekin hasiko gara: 

Zer da familia?

Ziurrenik, burura datozkizun erantzun eta ideia guztiak zuzenak dira, baina suposatzen dugu pentsatu duzun lehenengo gauza izan dela zeure familiarengan, ezta? Normala!

Hartu minutu bat jarraian txertatzen dizugun irudia aztertzeko, ondoren galdera bati erantzun beharko diozu:




Familia mota ezberdinak al daude?

Duela ez asko, familia mota bakarra zegoen: ama, aita eta seme-alabak. 




Eredu tradizionala deitzen zaio mota horri eta, irudiak alderatuz, konturatuko zinen ereduak aldatu egin direla eta jada familia eredua ez dela beti seme-alabak dituen bikote heterosexualarenarekin lotzen. Askoz ere zabalagoa da kontzeptua. Ea hurrengo bideoak ikuspuntua irekitzera laguntzen gaituen:





Irudikatzen zenuen hainbeste posibilitate ezberdin bideoa ikusi aurretik? Edo familia tradizionalaren irudiarekin geratzen zinen? Zergatik izango ote da hori? Zer uste duzu zuk? Bai horixe, gure gizarteak hainbat aldaketa esperimentatu ditu azken 50-60 urteetan eta gaur egun hainbat familia mota ezberdintzen dira, nahiz eta komunikabideetan gehienetan tradizionala baino ez den aipatzen.

Egon momentu bat. Pentsatu ezagutzen dituzun lagunen familiez. Denak al dira zurea bezalakoak? Goazen aztertzera egoera ezberdin arruntenak:

Tradizionala: lehen aipatu dugu eta aita, ama eta seme alabak osatuta dago.

Gurasobakarrekoa: hainbat arrazoiengatik (heriotza, banaketa...) seme alabak guraso batekin bizi dira. Diborziatuen kasuan, umeak bi familia guraso bakarrekoak ditu.

Berreraikia: Bikotekide batek, gutxienez, seme-alabaren bat izan zuen aldez aurretiko beste harremanen batean. Familia-mota honetako partaideak aita, ama, anaiordeak, arrebaordeak edota anai-arrebak izan daitezke.

Adopzio-familia: Gurasoekiko lotura genetikorik ez dagoen arren, haurrak ekartzeko nahia handia izaten da. Adopzio prozesuak oso luzeak izaten dira. Erabakia hartu ondoren, eta egokitasun egiaztagiria eman baino lehen, aztertu egiten da adoptatzailearen edo bikotearen egoera. Izapide burokratikoak eta itxaropen garaia pasatu ondoren, gurasoak umearen bila joaten dira. Orduan hasten da elkar ezagutu eta onartzeko garaia, familian eta etxean behar diren egokitzapenak eginez.

Harrera-familia: Guraso biologikoek une konkretu batean ondo zaindu ezin badute, beste familia batek babesten du  umea, adopzioa planteatu gabe.

Familia homosexuala: Beste familia mota guztien itxura edo konposizioa izan dezake, baina gurasoak homosexualak izango dira.

Baina, zein da motarik onena? Ba... ez dago! Familiarik onena maitatua sentiarazten zaituena da. Maitatzea eta maitatua sentitzea, hori dugu sentimendurik atseginena eta familian, normalean, hori gertatzen da.

Aurreko guztia kontuan hartuz, ondorioztatu ahal dugu familia guztiak balio handikoak direla. Bideo honek oso ondo azaltzen digu:





Espero dugu familia hitza entzutean ikuspuntu zabalagoa izan dezazun orain. Eta gogoratu, familia hitza aditzean burura datozkizun pertsonek osatzen dutela zurea. Zaindu zure familia, betidanik eta baldintza barik zu laguntzen eta maitatzen egon delako eta zure maitasuna eta babesa beharrezkoak dituelako, ahalik eta indartsuena izateko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina