2018/06/20

BESTE AMAIERA BAT

Kaixo lagun hori:

Pasa den ikasturtearen amaieran bezala, itxiera eman nahi diogu bukatzear dagoenari. Bizitzaren ziklo eta etapa guztiek merezi dute amaierako puntua fundamentuz idaztea. Gaur ez bada, bihar amaituko dira klaseak; eta merezita edo ez, deskantsatzeko, deskonektatzeko eta atseden hartzeko garaia iritsi da. Izaten dena izaten dela zeure egoera, amaiera iritsi zaizu eta horrekin batera, baloratzeko unea ere bai. Hori da, hain zuzen, sarrera honen xedea, aurten egindako lana "baloratzea".

Lehen aipatu dugun legez, hasiera daukan guztiak, amaiera ere badauka. Irailean arraun egiten itsasoratu zinen eta, gogorra eta luzea izan arren, amaitu egin da estropada. Hurrengo bideo honek oso ondo azaltzen digu arraun egin dugun bitartean, zeintzuk izan diren itsasoan aurkitu ditugun zailtasunak, erronkak eta laguntzak. Zuretzat espresuki eginda dago, gustatzea espero dugu:




Dagoeneko kaian zaude, nekatuta estropadan egindako esfortzuagatik; baina pozik aldi berean, zeure onena eman duzula dakizulako. Bideoan aipatu den bezala, zure lan horretan eragin handia izan dute zeure lagun taldeak, patroiak eta afizioak, hau da, irakasleak, familia eta gainerako lagunak. Inoiz ez zara bakarrik egon eta haiei esker ere bai, helmugara iritsi zara.

ZORIONAK TXAPELDUN!


Bide luze honetan, motxila bete duzula ziur gaude. Gauza berri asko ikasi dituzu ikasturtean zehar; eta, blog honetako argitalpenen bitartez, gutxienez, bestearen zapatetan jartzeko gaitasuna garatu izana espero dugu. Horrek, etorkizuneko elkarbizitzarako lagunduko zaitu, ziur izan. Egindako 67 sarreretan, balore asko landu ditugu eta hainbat gai jorratu ditugu: amodioa, autoestimua, elkarbizitza, aniztasuna, errespetua, kultura, ausardia, giza eskubideak, hezkidetza, berdintasuna... Ez da lan makala izan, oso hitz potoloak haiek guztiak eta gai horien inguruko hausnarketa sakonak egin ditugu elkarrekin. Plazer bat izan da guretzat hau guztia kudeatzea, are gehiago jakinda lerro hauetan idazten dugunari esker mundu hobea eraikitzen laguntzen ari garela, modu xumean izanda ere.

Ez dakigu zein nolako jarraipena izan dugun zugandik, baina gure aldetik ikasturte honetako balorazioa oso ona izan da. 2017ko irailetik hona, guztira, 116.000 bisitaldi inguru jaso ditu gure blogak, itzelezko datua izan da aurtengoa ere bai! Aipamen berezia egin nahi diogu maiatzean egindako LGTBfobiaren kontrako sarrerari, 6000 bisitaldi baino gehiago izan baititu. Hau marka hau!

ESKERRIK ASKO!


Eta gaur, ekainak 21, Europako musika eguna denez, ikasturtea hasi genuen moduan amaitu nahi dugu: musikarekin! Ekarpena, honetan ere bai Mireneren eskutik, kasualitatea ote? Eskerrik asko horrenbeste gauza polit erakusteagatik! Ikusi, abestu, dantzatu eta gozatu!





Atseden eta indarrak hartu hurrengo kapitulua idazteko! Ikusi arte!


2018/06/14

PANTAILAREN BESTE ALDEAN

Kaixo balorazale:

Jakin dugu ikasle batzuk ez direla gailuen erabilera ona egiten ari, nahiz eta gai hau berria ez izan eta askotan jorratu izana. Horren ildora, azken egunotan entzun da komunikabideetan Frantzian telefonoak legez debekatuta egongo direla datorren ikasturtean eskola guztietan. Geure uste apalean, ez da neurri egokia, horrela ez baita arazoa akabatuko. Gailuekin sortzen dira arazoak, baina gailua bera ez da arazoa, haren erabilera desegokia baizik. Kontua da gailuek ez daukatela errurik, hau da, erabiltzen dituztenak ez daudela ondo hezituta erabilera egokian. Horretan jarri behar da indarra eta horregatik behin baino gehiagotan jorratu dugu gaia hemendik. Arazo bat konpontzeko, aurre egin behar zaio, eta horretarako arriskuak egon behar; baina laguntzarekin posiblea da berbideratzea.

Materiala ikertzen ibili gara eta zurekin partekatu nahi ditugun bideo batzuk topatu ditugu. Ez zaitugu beldurtu nahi, baina egia da agertzen diren egoerak nahiko errealak izan daitezkeela.

Has gaitezen lehenengoarekin:





Kontuz partekatzen duzun informazioarekin. Sare sozialetan ezer argitaratu baino lehen, pentsa ezazu ondo informazio hori nork ikus dezakeen eta benetan garrantzitsua den partekatzea... Gelditu zara une batez pentsatzen zertarako egiten dituzun publikazioak sare sozialetan? Zein helbururekin egiten duzu? Zerbait gertatuko litzateke ez bazenu egingo? Gure aholkua: argi ez badaukazu, hobe ez egitea...

Pasa gaitezen bigarren bideo honetara. Beharbada ikusita daukazun, Movistar entrepresaren iragarkia izan zelako. Badazpada ez duzun ikusi, ez dugu ezer aurreratuko. Ikus dezagun!





Ziur, gu bezala, zu ere bai zur eta lur gelditu zarela amaieran gertatzen denarekin eta ematen duten mezuarekin... Jakin badakizu ez duzula ezegazunekin hitz egin behar, ea adibide hau presente daukazun horrelako arazorik sahiesteko. Azken adibide hau ildo beretik doa, erne ikusi:





Ikaratuta, ezta? Hasieran aipatu dugun moduan, ez zaitugu izutu nahi baina erne egon behar duzu eta zaindu behar dituzu pantailaren beste aldean dauzkazun harremanak. 

@amaiaarroyok Twitterren egindako ekarpena gehitu nahi dugu orain, mezuari puntu optimista emateko: IKTen erabilera positibo konstruktiboak azpimarratu beharko lirateke, hau da, IKTek kolaborazioa eta sormena sustatzeko ematen duten aukera, besteak beste. Ikasleei gauza txarrak soilik erakutsita, eredu onak alboratzen ditugu eta esperientzia positibo asko ere badaude.

Amaitu nahi dugu zuri laguntza eskaintzen. Ziur zeure ondoan nagusi asko dituzula, baina beharbada  lotsatzen zara eta ez dakizu zelan edo nori eskatu laguntza. Ez dago txarto norbaitekin partekatzea gertatzen zaizuna edo salatzea ikusi duzun hori, baina hobe nagusi batekin egiten baduzu. Zure lagun batek entzungo dizu baina bere aholkuak, beharbada, ez dira zuzenenak izango; berak, zuk bezalako ikuspuntua izango duelako eta horrelako egoera batean hobe nagusi batengana jotzea, are gehiago profesionala izanik! Hona hemen zeuri zuzendutako doako zerbitzua:





ZeukEsan Euskadiko haurrei eta nerabeei zuzendutako laguntza-gunea da. ZeukEsan-ek laguntza emateko telefonoa eta web-orrialdea dauzka.

Alde batetik, ZeukEsan-en telefonoa, 116111, doakoa da eta guztiz anonimoa.

Bestetik, ZeukEsan web-orrialdea duzu eskura, eta blogak, gizarte-sareak, bideo kanala eta kontsulta-postontzi anonimoa ditu, telefonoz deitu ordez idatzi eta zer gertatzen zaizun kontatu nahi baldin baduzu ere.

Arazorik baduzu eta norbaitekin hitz egin behar baduzu; buruan "bueltaka" dabilzkizun gaiei buruz orientazioa edo aholkua behar baduzu; edo norbait beste norbaitez abusatzen ari dela ikusten baduzu (jazarpena, indarkeria edo bestelako erasoak)... deitu edo idatzi dezakezu.

Honen guztiaren atzean psikologoak eta gizarte-hezitzaileak daude, haurren eta nerabeen esparruan espezializatuak, beraz esku onetan zaude.

Jakin ezazu lasaitasun osoz deitu edo idatzi dezakezula, esku onetan egongo zara-eta. Badakite zein garrantzitsuak diren zure intimitatea, zure ideiak eta zure zalantzak. Arreta osoz hartu eta entzungo zaituzte, eta laguntzen saiatuko dira. Lagundu nahi dizute, besterik gabe!

Horregatik, laguntza behar baduzu: eskatu! Aprobetxatu aukera!

2018/06/08

INGURUMENAREKIKO ERANTZUKIZUNA 2018

Kaixo balorezale,

Ekainarekin bat uda eta ikasturtearen amaiera datoz, baina baita oso egun garrantzitsu batzuk ere. Aste honetan, hain zuzen, Ingurumenaren eta Ozeanoen Mundu Egunak ospatzen dira (ekainaren 5ean eta 8an hurrenez hurren). Iaz, bi egun hauen berri emateko "Ingurumena: altxor mugatua" idatzi genuen zurekin partekatu eta eztabaidatu ahal izateko.

Aurten, erakundeek, lotu dituzte egun biak eta "Plastikorik gabeko Planeta" lelopean izendatu dute. Suposatuko duzunez, munduan dagoen plastiko hondakinekin bukatzeko nahiarekin lotuta dago eta gaiari sarrera emateko lehenengo bideoari ekingo diogu:




Ziur gaude zenbait daturekin aho bete hortz geratu zarela. Bazenekien 8,7 milioi espezie mota ezberdinak zeudela? Eta urtero 500 mila milioi plastikozko poltsak erabiltzen zirela? Guri gehiegi iruditu zitzaigunez informazio hori, zurekin partekatu nahi ditugun kalkulu batzuk egin genituen:

Lurra planetak, gaur egun, 7442 milioi biztanle ditu eta, bideoaren arabera, denon artean 500.000 milioi poltsa erabiltzen ditugu, hots, unitatera laburtuz gero, munduko pertsona bakoitzak, urtean zehar eta batez besteko, 67 poltsa gutxi gorabehera erabiltzen dituela esan nahi du. Gure inguruan nola erabiltzen diren ikusita, ez du hainbeste ematen... Agian hobeto erabiltzen ikasi beharko genuke, ez duzu uste? Ideiaren bat duzu? Ozenki partekatu nahi ez baduzu, gogora ezazu behean 👇🏼 iruzkinak uzteko aukera duzula.

Lehenengo bideoan esandakoarekin lotuta doa bigarren hau:




Lehen bezala, harrituta geratu zarelakoan gaude. Bazenekien plastikozko uharte bat zegoela? Eta bere tamaina hain handia izango zenla? Seguru aski, guk lez, plastikozko poltsen historia ez zenuen ezagutzen. Orain dela 50 urte ia ez zegoen plastikozko poltsarik baina gaur egun, urtero bilioi bat poltsa ekoizten dira. Lehen egindako kalkuluak egokitu ondoren, pertsona bakoitzeko 134 poltsa inguru fabrikatzen dira urtero, hau da, hiru egunetik behin poltsa berri bat. Datu kezkagarriak dira benetan...

Bideo bietan oso aholku ona ematen dute, botatzeko plastikoa bada, atzera bota! Eta noski, ahal izatekotan, lagundu behar dugu gure ozeanoak garbitzen. Ildo honetatik, iaz hainbat kanpainatan, 1200 bolondres baino gehiago hartu zuten parte hondartzak garbitzen Penintsula osoan eta Getxoko Ereaga hondartzan, adibidez, hainbat plastiko tonak batu zituzten. Txalo bero bat zuentzat, lagunak, zuek bai zaretela gure heroiak!

Gero eta plastiko gehiago erabiltzen dugu eta, askotan, ez ditugu ezta birziklatzen ere eta, noski, horrek gure ingurumenaren kutsadura eragiten du. Jarraian datu harrigarri batzuk eman nahi dizkizugu:




Harrigarria ezta? Kontuan hartzeko datuak dira gero! Are gehiago hurrengo bideoan ematen den informazioarekin lotuz gero...




Datuek beraiek hitz egiten dute eta, horregatik, azkenengo bideoei ekingo diegu. Lehenengoa gaurko egunaren aldeko kanpaina batena da eta azkenak mezu argi-argia dauka guztiontzako... Ikus ditzagun:




Hauxe bai janari goxo-goxoa, ezta? Nazkagarria benetan... Eskerrak jende gaztea kontzientziatzen hasi den eta proiektu interesgarri aurkezten ari den! Adibidez, Begoñazpi ikastolako ikasle batzuek Dropsea's proiektua planteatu zuten, bertan ontzi biodegradable eta animalientzako jangarri diseinatzen zuten besteak beste ozpina, Maizena eta glizerinaz eginda. DBH4ko Maddi Castaños, Candela García, Nahia Crespo eta Joane Garzón ikasleak dira egileak, zorionak neskak, lan itzela! Espero dugu aurrera ateratzea Dropsea's!




Planetak behar gaitu, ez gaitezen alferrak izan eta jar gaitezen martxan plastikorik gabeko mundu baten alde!

Asteburu ona izan!

2018/06/01

NORBERAREKIKO AMODIOA ETA AUTOESTIMUA


Kaixo lagun hori:

Hemen gaude berriro ekarpen batekin eta bizitzarako garrantzitsua den gai batekin: norberarekiko amodioa eta autoestimua.

Ed Sheeran abeslaria ezagutzen al duzu? Duela urte batzuk Shape of you edo Thinking out loud abestiekin famatu bihurtu zen. Beharbada orain ospea baino ez dugu ikusten, baina atzetik istorio gogorra dago. Bideoaren hasieran azaltzen du bere txikitako bizipena eta erdialdean umeentzako mezu ikaragarri polita luzatzen du. Entzun arretaz! 





Ikusi duzunez, arazo potoloak izan ditu mutil honek bere bizitzan. Baina bere buruarekiko amodioa eta autoestimuari esker hori dana gainditzeko gai izan da eta gaur egun arrakasta lortu du oso gogor lan eginez. Zuk ere lortu ahal duzu! Ez etsi!

Argi dago edozein egoera zailari aurre egiteko ezinbestekoa dela norbere buruarengan sinestea. Jarraian luzatzen dizugun proiekzioa, gizarte-esperimentu bat da eta lotura estua dauka aurreko egoerarekin: norberarekiko amodio eta autoestimuaren garrantzia. Duela egun batzuk Harremanak II sarreraren bigarren bideoan ikusi genuen moduan, ez gaude bat ere ohituta gauza politak entzuten. Jarraian ikusiko ditugu jendearen erantzunak mezu sinple eta polita entzuterakoan:





A ze nolako aurpegi aldaketak "polita zara" entzutean! Baietz bideoa aurrera joan ahala, irribarrea margoztu zaizun aurpegian konturatu gabe? Animatzen zaitugu asteburu honetan jendeari esatera eta haien erreazkioak aztertzera. Ziur gaude irribarre bat baino gehiago arrankatzen duzula. Esperientzia gurekin elkarbanatu nahi baduzu, hemen azpian 👇🏼 utz dezakezu iruzkin bat.

Asteburu ona izan, polita 😉!