2017/03/30

TIPI TAPA... KORRIKA!!

Kaixo!

Prest al duzu petoa dagoeneko? Hastear dago 20. Korrika! Bi urtean behin burutzen den euskararen aldeko ekimenik handiena. 11 egunez gaur, martxoak 30, arratsaldean Otxandiotik abiatuko den martxa herriz herri pasatuko da Euskal Herri osoa zeharkatzen.

Oraindik ez bazara konturatu, balorezaleak izateaz aparte, euskalzaleak ere bagara, besteak beste euskara gure ondarea delako eta harro sentitzen garelako euskaldunak izateaz.

Jarraian aurtengo mezua itsasten dizugu hemen irakur dezazun:

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT

Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat da: bertoko hizkuntza, gure kultur izaera eta munduan nor izateko modua.

Euskal Herria euskaraz ulertzen dugun euskaldun eta euskaltzaleok aspaldi ekin genion geure hizkuntza sendotzeari, etorkizun hobea nahi dugulako.

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT, ZUK

20. Korrikak zurekin hitz egin nahi du. Euskara ezagut eta gurekin erabil dezazun.

Zeuk ere, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz...

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BATZUK
AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditu. Justizia-kontua da: hizkuntza gutxitu baten biziraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa.

Beharrezkoa da euskara arretaz zaintzea. Gure nahia eta denon egitekoa da euskara aukera-berdintasunean bizitzea egunero eta eremu guztietan. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera-berdintasunean egunero eta plaza guztietan.

EGIN BAT, EGIN BATZUK


Nik, hik, hark. Guk, zuk, zuek, haiek. Bat eta batzuk: nire hizkuntza, zure hizkuntza; gure kultura, gure kulturak; mundu hau, mundu hauek.

Hizkuntza baten alde egitea, finean, guztien alde egitea da. Baten eta batzuen munduaren alde. Kultura unibertsalaren alde.


Hizkuntza-berdintasunaren aldeko jaira gonbidatzen zaitugu. Mundu unibertsalagoa sortzera. Bat egitera. Zuk egitera.
Euskaraz.

Bat egitera. Zuk egitera.

Euskaraz.


Hona hemen egingo den ibilbidea orduekin:




Gehiago jakin nahi baduzu Korrikaren inguruan, lotura batzuk luzatzen dizkizugu:
Karreratik bertatik zuzeneko konexioak hainbat eta hainbat hedabidetan eta Korrikaren eguneroko jarraipen berezia Hamaika Telebista (karrera zuzenean -eguneroko konexioak telebistarako nahiz Interneterako, gaueko 21etan GUREAN GAUR saio berezia, herriz herriko bideoak...) Kanalduden ('KORRIKA non, Kanaldude han' eguneroko saioa) BERRIAn, NAIZen, EITBn, Euskal Irratietan, INFO7n, Arrosa Sarean, ARGIAn, NOTICIAS taldea...

Olerki txiki batekin agurtzen zaitugu, Lekeitiko AEK-k grabatutako lip dub-aren hasieran botatzen dutena eta izugarri gustatzen zaiguna:

Euskeria.
Nor izateko modu bat,
Bizi dodana, bizi nabena.
Euskeria,
Nor izateko modu bat,
Bizi dodana, bizi nabena.
bat izanda, batzuk dana.
Euskeria.
Nor izateko modu bat.
Bizi dodana, bizi nabena.
Bat izanda, batzuk dana.
Bat nahikoa ez dabena,
Batzuk behar dabezana
Bat eitxeko.
Ein bat!
Ein bat zuk!
Ein batzuk!




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina