2017/03/05

BERDINTASUNA NIRE BAITAN ERE HASTEN DA


Kaixo lagun hori!

Pasa den astean berdintasunaren gaia ekarri genizun, aste honetan martxoak 8 daukagu eta ziur gaude sare sozialetan zein komunikabideetan zarata handia sortuko duela gaiak. Baina, gure ustez, ez da egun (edo aste) bateko kontua soilik izaten. Horregatik, hurrengo egunotan jarraituko dugu genero berdintasuna salatzeko eta aldarrikatzeko materiala zabaltzen.

Sarreraren izenburua, Emakunderen kanpainarena da, gure gizartean berdintasuna sustatzen duten jarrera eta ekintza pertsonalen garrantzia azpimarratzen duena. Inguru hurbilenean jarrera eredugarriak dituzten hainbat pertsonen adibideak aurkezten ditu.

Era honetara, kanpainak bizitzaren hainbat eremurekin zerikusia dituzten adibideak aurkezten ditu, baina azaldu beharrean, ikus dezagun primeran azaltzen duen bideoa!





Ikusten duzunez, guztiok egin dezakegu zerbait berdintasuna lortzeko, oso adibide onak luzatzen dizkigu iragarkiak. Baina, besterik bururatzen al zaizu zuri? Horrela izatekotan, ez izan zalantzarik eta praktikan jarri berehala!

Iazko kanpaina ez zen atzean gelditu, arreta jarri zuen neskek eta mutilek egunero jasotzen dituzten mezu sexistetan, generoen arteko botere-harremanak bere horretan betikotzen dituztelako. Kanpainaren leloa honakoa izan zen: «Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu. Aldatu dezagun. Egin dezagun berdintasuna». Ikusten duzunez, berriro ere berdintasunaren alde.

Kanpainaren helburua izan zen egunez egunekoan dauden desberdintasunak hautematea. Aurreko kanpainetan erabilitako aldarrikapenari eutsi zaio, «Berdin gehiago da», berdintasunak gizarte osoari onura ekartzen diolako ideia azpimarratzeko.

Kanpainaren bideoa luzatzen dizugu hemen. Entzun bitartean, pentsa zure inguruan horrelakoak oso ohikoak diren.




Orain hau guztia praktikan jartzea baino ez zaigu gelditzen, ez da lan makala izango, ez!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina