Kaixo irakurle hori!
Ez da lehenengo aldia arazo honetaz mintzatzen garela, baina azkena izatea nahiko genuke, betirako konpondu delako. Egun hori heltzen den bitartean, ez dugu amore emango, hemen egongo gara erasoak jasotzen dituztenen alde eta baita, zergatik ez, erasotzaileen alboan ere, gauzak beste modu batean izan behar direla ulertarazteko.
Pilpilean dagoen gai batez ari gara: berdinen arteko tratu txarrez, bullying-ez alegia. Gezurra dirudien arren, batzuk jolas moduan hartzen dute, baina oso gai serioa da. Irakasle asko eta ikasle baliente asko horren kontrako borrokan daude, baina ez dago modurik. Behin eta berriro, etengabe, entzuten dira bullying kasuak. Txiki txikitatik ikasi beharko genuke besteak errespetatzen, izaten dena izaten dela haien egoera. Errespetuz jokatu behar dugu eta ez ditugu besteen ahuleziak erabili behar gu inoren gainean jartzeko. Inor ez da inor baino gehiago, guztiok trapu zaharrak ditugu eta haiekin bizitzen ikasi behar dugu.
Gaurko sarrera honetan hiru ekarpen luzatu nahi dizkizugu. Lehenengoa, 12 urteko Erfusen rapa da, Ixoneren eskutik jaso genuen. Eskerrik asko bidaltzeagatik! Entzun dezagun abestia adi baino adiago, egia hutsez beterik baitago. Ea gustukoa duzun!
Zer deritzezu hitzei? Espero zenuen horrelako amaiera? Bullying-a zelan garatzen den ondo azaldu duela uste duzu, edo zure ustez ez da horrela gertatzen? Ba al daki Erfusek zergatik egin dioten bere lagunak zirenek horrelako mespretzuak? Lagunak izan ohi dira inoiz hori egin diotenak? Eta zuk, inoiz egin diozu horrelako eraso bat zure kide bati? Ez erantzun ozenki, hausnarketa egin eta neurriak hartzearekin nahikoa da...
Zorionez, iluntasunik ilunena, argiarekin desegiten da. Honekin adierazi nahi dugu inguruko kideen laguntzak oso bultzada potentea eman diezaioke bullying-a pairatzen duen ume bati. Horrela pentsatzen omen dute Carmen Sallés Ikastetxeko DBHko 1. mailako ikasleek eta Ainhoak luzatutako bideoan, primeran irudikatzen dituzte erasoetan guk jokatutako rol desberdinak manequin challenge baten bidez. Lan bikaina, zorionak balienteak! Ikus dezagun bideoa:
Oso lan ona, zenbat informazio minutu bakar batean!! Azaltzen diren egoeretatik, ezaguna egiten zaizu baten bat? Inoiz ikusi al duzu? Fijatu zara detaile bitxiren batean? Ume batzuek begiak estalita daramatzate, zer irudikatu nahi dute horrekin? Baina hori ez da bitxikeria bakarra, mannequin challenge izanda ere, konturatu zara ikasle batzuk mugitzen direla? Zer irudikatu nahi izango dute horrekin?
Argi dago denok daukagula zer esan edo egiterik erasoen kontran. Ez zaitez geldirik gelditu eta egin zer edo zer. Gelditzen ez baduzu gurpil hori, konplizea izango zara eta!
Seguru aski, Got Talent programa ezaguna egingo zaizu. Hurrengo bideoa Britaina Handiko saioan agertu zen. Bertan, bullying-a jaso zuen beste ume batek rap bat abesten zuen. Entzun eta irakurri dezagun arretaz, honek ere egoera larri bat salatzen baitu.
Leondreren kasuan, eskolaz aldatzearekin batera, berriro hasteko aukera izan zuen. Ziur hasieran ez zela erreza izan. Zorionez, ausarta izan da eta bere abestiarekin mundu osoari zabaldu nahi izan dio mezu garrantzitsu bat: Bullying-a ezin da onartu eta, erasoen aurrean, itxaropenean eta besteengandik aurrera jarraitzeko indarra lortu behar da.
Amaitzeko, gaurko gaiaren inguruan ondorio argi eta zehatz batzuk plazaratu nahi dizkizugu:
- Besteen ahuleziak ez dira min egiteko erabili behar.
- Edonorengan tratu txarrak somatzen badituzu, baliente izan eta mugi zaitez!!
- Egoera larriak salatu behar dituzu!!
- Momenturo berriro hasteko aukera daukagu, sinetsi behar dugu gure esku dagoela! Posiblea da eta!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina