Kaixo Balorezale!
Inoiz gelditu zara une batez pentsatzeko mundan dagoen desoreka itzelari buruz? Planeta berean bizi gara gizaki guztiok eta, aurreko sarreran plazaratu genuen bezala, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak dio guztiok berdinak garela baina, tamalez, azkar ohar gaitezke gauzak ez direla horrela funtzionatzen.
Inoiz gelditu zara une batter pentsatzeko gure gizartean dauden pribilegiatuei buruz? Nortzuk dira zure ustez? Seguruaski hainbat kirolari sartuko zenituzke multzo honetan: Messi, CR7, Fernando Alonso, Marc Márquez... Musikari askok ere beraien lekua izango lukete: Shakira, Bisbal, Bob Dylan, Justin Bieber... Hainbat eta hainbat pertsona ospetsu ere ez zen kanpoan geratuko... Arrazoia duzu, horiek guztiak badira pribilegiatuak baina, aurrera jarraitu baino lehen, bideo bat luzatu nahi dizugu, ea iritziz aldatzen duzun:
Azter dezagun bideoa! Animatzaileak gazte guztiak marra batean jarri ditu, irteeran alegia. Baina ez ditu gazte guztiak elkarrekin uzten, ez, hainbat adierazpen egiten ditu eta, horien arabera, batzuk aurrerago kokatzen dira. Aipatutako esaldiak pribilegioak baino ez dira, ez duzu uste? Horien artean familiaren egoera ona izatea, etxean diru sarrerak egonkorrak edukitzea, goi mailako ikasketak izatea, bizitzan aukera gehiago eta egoera onak izatea...
Nola erantzungo zenion orain lehenengo galderari? Nor gehiago dago orain lehen aipatutako pribilegiatuen multzoan? Bai horixe... gu geu! Guri (eta zuri seguruaski) oilo ipurdia jarri zitzaigun bideo hau ikustean, aipatutako pribilegio guztiak edo ia guztiak betetzen baititugu. Agian zure gurasoak bananduta daude edo, zoritxarrez, ezin dira zurekin egon, baina zure familiak ahal duen guztia ematen du zu zoriontsua izan zaitezen eta etorkizun ona izan dezazun. Ez al da hori pribilegiatua izatea? Azken finean bizitza duina daukagu eta geure eskubideak ez daude urratuta... Kasuak kasu, oro har, zorte handikoak gara eta eskertuta bizi beharko ginateke!
Bideoan, animatzaileak erabiltzen dituen esaldi gogor eta sakonen artean guk bat azpimarratu nahi dugu:
"Bizitzaren lasterketan, atzeko aldean daudenei eman behar zaie parte hartzeko aukera eta, seguruaski, marra berean egongo bagina guztiok, gainetik pasatuko gintuzten. Dauzkagun abantailak ez baditugu onartzen, tentel hutsak izango gara..."
Zer deritzozu horri? Bat zatoz animatzailearekin? Zertan ikusten duzu besteekiko abantaila daukazula? Ez bazara ohartzen, zabaldu begirada eta konparatu zeure burua ondoan bizi diren pertsonekin. Orain hobeto ikusten duzu pribilegiatua zarela? Argi dago beti aurkituko dituzula zuk baino gehiago daukatenak eta zuk baino gutxiago daukatenak... Gure uste apalean, esker onekoa izateko, hobe duzu arreta jartzea zuk baino gutxiago daukatenengan.
Honek guztiak enpatiarekin lotura estua dauka. Saiatu behar dugu besteen zapatetan jartzen ohartzeko zenbat aukera daukagun. Gabonak datozela garai honetan, pentsa ezazu nola igaroko dituzun zuk. Mundu guztiak ez du aukera hori izango, beraz, ikusmira aldatzea eta daukazuna eskertzea lor dezazun espero dugu. Ziur horrela zoriontsuago sentituko zarela...
Amaitzeko, bideora itzuliko gara eta airean geratzen den galdera luzatzen dizugu: ba al gaude prest lasterketa orekatzeko, guztiok marra beretik ateratzeko eta ez hainbat pausu aurrerago? Orain arte gizakiak adierazi duena ezetza izan arren, etorkizuneko belaunaldiak hori aldatzeko aukera dauka. Ausartuko gara?
Gogoeta hauekin ikusmira zabalagoa izan dezazun eta pribilegiatuen zakuan zaudela ohar zaitezen espero dugu.
Asteburu ona izan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina