Ongi etorri balorez jositako blogera! Hemen, eskolan baloreak lantzeko hainbat tresna aurkituko dituzu: bideoak, irudiak, testuak, albisteak, hausnarketarako gaiak...
Zeure gustukoa izatea espero dut. Gozatu eta partekatu!
Pasa den ekainean, mundu guztiak #Rusia2018 futbol mundialari begira zegoen bitartean, inork ikusten ez zuen beste futbol mota bat bazegoen, askoz garrantzitsuagoa eta bizikidetza sustatzen zuena.
10 urte betetzen dira Israelek lur, itsas eta aireko blokeoa ezarri ziola Gazari, baina kirola askatasunerako, bizitzarako eta balioak sustatzeko eragile bihurtu da. UNRWA Euskadiren laguntzarekin, emakumeen futbol talde batek haien eguneroko bizitzetan mugak haustea lortu du, Israel eta Palestinaren arteko gatazkari gola sartuz.
Bideo hau Euskadiko GGKEen Koordinakundeko #30UrteAztarnaUzten kanpainaren parte da eta erakunde honen eta Euskadiko lankidetza politiken 30. urteurrenaren testuinguruan kokatuta dago.
Txapela kendu baino ezin dugu egin eredu bikain honen aurrean eta beraiengandik ikasi zer lortu daiteken kirolaren bitartez. Aupa zuek, neskak!
Zelan doakizu ikasturtearen hasiera? Apur bat despistaturik? Gogo gutxirekin? Gogorra izan al da itzulia? Beharbada, pittin bat nagiturik zaude oraindik ere. Orokorrean, normaltzat hartzen dira horrelako jarrerak eta gogo gutxirekin hastea eskolan, ez baikara konturatzen zelako aukera aparta daukagun eskolara modu normalizatu batean joan ahal izateagatik.
Hurrengo bideoek lagunduko zaituzte ikusmira aldatzen, erne!:
Konturatzen zara orain zelako zortea daukazun? Hezkuntza, pertsona guztiek daukaten eskubidea da baina, tamalez, munduan hainbat lekutan ez dago bermatuta. Fijatu zara zein pozik dauden umeak? Zelako gogoekin joaten diren eskolara? Nola eskertzen duten motxila eta arropa berria estrenatzea? Bideoak ikusi ondoren, daukazun aukera aparta gehiago baloratzea espero dut.
UNRWA erakundeak bideo hauen bitartez salatu du egoera hori ume palestinarren duintasuna aldarrikatuz.
UNRWA Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da. 60 urte luzeren ostean, UNRWAren zeregina da Jordanian, Libanon, Sirian eta Palestinar herrialde okupatuetan dauden 5 milioi palestinar errefuxiatuei arreta, babesa eta defentsa eskaintzea, euren egoerari irtenbide baketsua eta iraunkorra ematen zaion bitartean.
Gaur egunean, UNRWAk Palestinako 5 milioi errefuxiaturi baino gehiagori –horietako 1,8 milioi 58 kanpamenduetako batean bizi da- ematen die laguntza eta babesa. Agentziaren lana, batez ere, arlo hauetan kokatzen da: Garapena, Babesa, Hezkuntza, Osasuna, Gizarte Zerbitzuak, mikro-finantzaketak, Laguntza Humanitarioa eta larrialdietan erantzuna ematea.
Euskadi mailan, 2006an sortu zen bi helburu nagusi hartuta: Euskal gizarteari 5 milioitik gora palestinar errefuxiatuek bizi duten egoeraren berri ematea eta 60 urtean UNRWAk burutzen duen lan humanitarioa eta babesekoa zabalaraztea. UNRWA Euskadik funts publikoak nahiz pribatuak biltzen ditu UNRWAk errefuxiatuekin burutzen dituen lanetan laguntzeko, eta euskal gizartean nazioarteko elkartasuna eta lankidetza sustatzeko.
Erakunde honen langileak bolondresak dira, beraiei esker mundu hobea eraikitzea posiblea izango da. Ziur zuetako norbait, modu apalean bada ere, prest egongo dela besteei laguntzen. Hori da blog honen xedea, pertsona hobeak hezten laguntzea.
Pasa den ostiralean ikasturte honetako lehenengo mezua argitaratu nuen, baina asteburu honetan Ainhoa Fernández Araluce (@araluze19) erabiltzaileak egindako bideoa topatu dut eta merezi du zurekin partekatzea. Oso lan fina egin du mezu motibagarriak luzatuz ikasleak (eta irakasleak!) motibatzeko. Apur alferrontzi bazabiltza ikasturte hasiera honetan, lagunduko zaituelakoan nago:
Fijatu zara argazkietan? Oso esanguratsuak dira. Lehenengo argazkian agertzen den umea izan ezik, beste guztiak zoriontsuak dira, nahiz eta errekurtso gutxi izan. Zorte handikoa zara eskolara joan ahal izateagatik; tamalez, ume guztiek ez daukate aukera paregabe hori.
Bideoan agertzen den azkenengo galderari, baietz erantzun izana espero dut. Bestela, nagiak astintu, izan ausarta eta bilatu gogoa eta ilusioa ikasturte honen erronkei aurre egiteko. Abentura hau aparta izan daiteke eta!
Udako oparraldia amaitu da eta hasiera berriari ongi etorria egiteko unea iritsi da. Gaurtik aurrera, aukera berria daukazu esku artean, iraganeko akatsak ez errepikatzeko eta bide berria eraikitzeko akats horiengandik ikasitako guztiarekin.
Blog honi dagokionez, bizirik iraun dezan espero dut, baina lan handia da eta zure kezkak edo ekarpenak partekatzea eskertzekoa da. Horreterako, baloreak@gmail.com helbidera bidali ahal dituzu proposamenak, bideoak, kantak edo dena delakoa.
Iazko ikasturte hasieran egin nuen bezala, abesti batekin hasiko da ikasturte hau, Go!azenen eskutik berriro ere bai. Bertan mezu potenteak ematen dira, guztiz aplikagarriak hastear dagoen abenturarako. Hona hemen abestiaren zatiak hausnarketa txikiekin:
Dena zure eskuetan dago, has zaitez esku artean daukazun hazia maitatzen, aukera paregabea da eta!
Eguzkia goizean, agertu da mendien artean, baina beti ez da horrela izango eta lainoak topatuko dituzu. Hala ere, jakin behar duzu eusten eta aurrera egiten!
Keinu txiki bat bada ere, mundua alda dezake. Inoiz ez dakizu zelako eragina izan dezakeen keinu txiki batek ondoan daukazun besteengan. Espero dezagun onerako izatea keinu txiki (edo handi) horiek!
Banan banan elkartu gara bidean, milaka ale baso bihurtu zale.
Oso inportantea zara, ikasle! Uste duzun baino askoz ere gehiago, zure argi izpia gure eguzkia da. Indarra ematen diguzu irakasleoi gure onena emateko.
Mugimenduan tinko, helmugaraino brinko iritsiko zara ilusioa mantenduz gero.
Amaitzeko, hona hemen abestia! Entzunda izan arren, ziur orain beste modu batez interpretatuko duzula. Gozatu!
Gutxi gehiago dago esateko: bidaia ona izan dezazun 2018/2019 ikasturte honetan!