2018/05/28

JOLASAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo balorazale!

Astea ezin hobeto hasi nahi dugu, horregatik ospatzea gustatzen zaigun eguna ekartzen dizugu: Jolasaren Nazioarteko Eguna. Gaurko sarrera xume honekin, gaurko egunean, maiatzaren 28an, jolasari eman nahi diogu daukan garrantzia. Iaz azaldu genuen egunaren jatorria eta hainbat bideo luzatu genituen, galdu bazenuen, hara jotzeko parada daukazu.

Jolastea ez da soilik umeen kontua, gertatzen dena da gizarte zoro honek, hazten garenean, ez diola jolasteari lekua uzten... Pena bat da, jolasteko ez dagoelako adinik!

Gogora ekarri nahi dugu ume guztien eskubidea dela baina, tamalez, leku guztietan ez da bermatzen. Ostiraleko sarreraren ildora, guztiok ez gara zorte handikoak eta ume batzuk ez daukate jolasteko aukerarik txiki-txikitatik beharrean hasten direlako... Hau tristura!

Jarraian txertatzen dugun bideoan antzikako jolasak agertzen dira. Batzuk ezagunak egingo zaizkizu eta beste batzuk, ordea, guztiz ezezagunak izango dira. Egia esan, ez daukate zerikusirik gaur egingo umeek dituzten jostailuekin... Adi ikusi eta etxean galdetu aiton-amonei ezagutzen ez dituzun jolasez.




Ziur gauza berriak ikusi dituzula! Berdina gertatuko zaie geure nagusiei “Play”-ez aritzen zarenean edo Kahoot-a aipatzen badiezu...

Ez dugu sarrera hau amaitu nahi modan dagoen termino bat aipatu gabe: gamifikazioa. Beharbada ez dues hitz arraro hau entzun baina zer den dakizula ziur gaude! Gamifikazioa ez da kontu berria eta betidanik egin izan da, funtsean jokoak sortzea da normalean jokoetatik kanpo dauden eremuetan, ohiko jardueretan, etxean edo eskoletan ditugun harremanetan. Gamifikazioari esker ohikoak edo aspergarriak diren hainbat eginkizun dibertigarri bihurtzeko aukera dago. Gure eguneroko bizitzan, ikasketetan edo lan munduan aplikatu daiteke. Gamifikazioaren xedea entretenitzea, arreta erakartzea, ikastea eta gehiago saltzea da. Baietz orain identifikatzen duzun zer den? Horixe! Adibidez, lehen aipatutako Kahoot-ak, Classdojo, Plickers, Educaplay, Thatquiz... eta ikasteko erabiltzen dituzun "jolas" horiek guztiak!


Bilatu tarte bat gaurko eguna jolasten ospatzeko!

Inoiz ez utzi jolasteari! Gora jolasa!

2018/05/25

MUNDUA ESKALAN

Kaixo balorezale,

Inoiz gelditu zara gure Lur planeta hau nola dagoen osatuta pentsatzera? Bai, ura, landareak, animaliak... badaude baina, nola osatzen dugu pertsonok? Zeintzuk dira proportzioak? Gaurko sarrera honekin honen inguruan hausnartuko dugu.

Jarraian ikusiko dugun bideoa moldaketa bat da. Jatorrizkoa "El mundo en miniatura" da eta Albert-ek bidali zigun. Eskerrik asko!

Hona hemen guk egindako moldaketa:




Ziur gaude ahoa bete hortz geratu zarela hainbat daturekin. Guri behintzat hori gertatu zitzaigun. Nork pentsatuko zuen proportzioak hain esanguratsuak izango zirela? Konturatu zara zein zortedun eta zoriontsuak garen jaio garen lekuan eta familietan jaiotzeagatik? Munduko mapa hartuz gero, zentimetro batzuk hegoalderantz edo ekialderantz jaio ezkero, ez genuen hain arazo larririk izango. Gure "play-a" 3. edo 4.a izatea ez litzaiguke inportatuko, edo gure gurasoek erositako arropak edo zapatilen markek ez zuten garrantzi handirik izango. Zer jan eta non egin lo izango ziren gure kezka nagusiak.

Mundu honek aberastasuna dauka guztiontzako, ez duzu uste? Orduan, zergatik biztanleriaren %82a bizi behar da txarto edo oso txarto? Zergatik galdu behar dute beraien herrialdeek duten aberastasun naturala? Zergatik ez dira hobeto banatzen denon artean guztiok ondo bizi ahal izateko? Zer nolako interesak dauzka ondo bizi garen %8 horrek?

Askotan plazaratzen dugun moduan, zure esku dago etorkizun hobea lortzeko aukera... Bakoitzak jakin behar du zer den garrantzitsuagoa berarentzat, mundua eta bertan bizi garen guztiok edo txanponak. Bitartean, daukazun guzti hori behar bezala baloratu, zorte handikoa zara eta!

Asteburu ona izan!

2018/05/17

NAZIOARTEKO INTERNET EGUNA

Kaixo irakurle internauta!

Gaur ere Internet nazioarteko eguna da. Internet Eguna 2005eko urriaren 25ean ospatu zen aurrenekoz, Internet Erabiltzaileen Elkarteak bultzaturik. Urte hartako azaroan, Informazio Gizartearen Gailurreko parte hartzaileek, maiatzaren 17a Informazio Gizartearen Nazioarteko Eguna izendatzeko eskatu zioten Nazio Batuen Erakundeari (NBE). Ondorioz, 2006az geroztik Internet Eguna (Espainiakoa) data horretan ospatzen da.

Internet Eguna hainbat lekutan ospatuko da. Benetan al da "Nazioarteko"? Internet Eguna Espainiako Estatuan ospatzen da. Baita Amerikako herrialde batzuetan ere, Kolonbian eta Mexikon, esaterako. Gaztelaniaz bizi dira herrialde horiek guztiak. Eta gainerakoetan zer? Frantzian bai, han ospatuko dute Fête De L'Internet edo Internet Eguna, maiatzaren 13tik 18ra bitartean. Baita Belgikan ere, hilaren 17tik 21era bitartean. Ekimen zabalagoen artean Safer Internet Day azpimarra daiteke, Europako Batasunak ezarri zuena 2004an eta hemen horren berri eman dizuguna azken bi urteotan. Otsailaren 12an ospatzen da, eta Internetek dituen arriskuen aurrean zein neurri har daitezkeen erakustea du helburu, gazteei zuzendurik bereziki.

Ez dirudi Internet Egunak herrialde guztietan arrakasta duenik baina, tira, Internetek eskaintzen dituen abantailez eta planteatzen dituen erronkez hausnartzeko balio du... Gure ustez, ospatzekoa da, tresna potente, lagungarri eta baliogarria baita. Berari esker sarrera hau ikus dezakegu, adibidez. Baina kontuz ikasi behar dugu erabiltzen, emandako aholkuak kontuan izanik.
Hona hemen denbora-lerro batean Internetek izan duen eboluzioaren bideoa:





Ikusten duzunez, Historian bezala, urratsak gero eta handiagoak dira eta gero eta azkarragoak!

Jarraian, Interneten aritzeko netiketa aurkeztu nahi dizugu. Zer esan nahi du hitz horrek? San Inazioko Intxixu ikastolako LH5eko ikasleek primeran azalduko dizute Stop Motion teknikaz egindako bideoan!





Ezagutzen zenituen arau hauek guztiak? Errespetatzen dituzu? Hemendik aurrera Internet munduan zelan ibili badakizu, ez daukazu aitzakiarik behar bezala jokatzeko!

Sarrera hau tresna potente honen inguruan zerbait ikasteko balio izana espero dugu!

2018/05/16

MAIATZAK 17: LGTBFOBIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo balorezale:

Aurten, berriro ere, maiatzaren 17ko Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren berri ematera gatoz. Iaz azaldu genuen moduan, 1990eko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentaleen zerrenatik ezabatu zuelako ospatzen da.

Egun honetako helburu nagusia homosexualen, bisexualen eta transexualen kontrako diskriminazioa salatzeko balio duen ekintza mota guztiak koordinatzea da.

LGTBfobia aniztasun sexualarekiko jarrera diskriminatzailea da. Nahiz eta azken hamarkadan aurrerapausoak ematen ari diren bisibilizazioan, onarpen mailan eta lege berdintasunean tamalez, LGTB pertsonen kontrako uko egite, eraso, diskriminazio eta jazarpenak bizirik jarraitzen dira.

Eskoletan ere bai, ikasleen kontrako diskriminazioa ematen da: mehatxuak, orientazioaren inguruan hainbat iraintze, ez ikusiarena egitea… Jakina da bortizkeria psikologikoak autoestimuan duen eragina negatiboa dela, hori dena umilatzea da. Lan handia egiteke dago, baina gizarteko laguntza  eta inplikazioa ezinbestekoa da.

Badira beste hainbat portaera bortizkeriatzat jotzen ez direnak, baina ezinegona eta mina sortzen dituztenak. Adibidez, genero estereotipoei ez jarraitzeagatik entzuten diren txisteak edota esamesak. Hauek guztiak ere, bortizkeriatzat jotzen ditugu eta hemendik, ozen baino ozenago salatzen ditugu.

Pertsona guztien orientazio sexuala errespetatua izateko asmoz, gure erronka tolerantzian eta errespetuzko jarreretan oinarritutako harremanak gauzatzean datza; pertsonok aske eta libre eratu eta garatu gaitezen. Hori dela eta, geure mezua ahalik eta gehien zabaltzea eskatzen dizugu.

Jarraian bideo batzuk gai honekiko sentsibilizatzeko luzatu nahi dizugu. LGTB kolektiboaren barruan dauden pertsonen sentimenduak hainbat modutan adierazten dira. Esate baterako, Kantu Kolore taldearen kantu eder honek plazaratzen digun istorioa (Eskerrik asko, Patricia!):





Hurrengo bideo honek oso ondo kokatuko zaitu gaurko gaian eta, beharbada, ulertaraziko dizu LGTB kolektioaren pertsonek, guztiok bezala, sentimenduak dituztela, eta ez lituzkete ezkutatu beharko...





Hitzik gabeko bideo adierazgarri hau serio hartu izana espero dugu, gaurko gaiak eta LGTB kolektiboaren errealitateak behar duten seriotasuna eman behar diogulako. Bideo honen bitartez, errealitate honetarako hurbilketa egiteko balio izana espero dugu.

Jarraian, beste bideo bat luzatzen dizugu. Honetan beste mota bateko sentimenduak plazaratzen dira, homosexualen, transexualen eta bisexualen egoera gordina ikusiko dugu. Haien zapatetan kokatzeko balioko zaizulakoan gaude. Erne!





Amai dezagun abesten eta dantzatzen Gatiburen eskutik "Aske maitte, aske bizi" kantuarekin, amodioa librea delako errespeta dezagun maitatzeko edozein modu. Maitasuna dagoen lekuan ezin da minik egon, maitasunak ez dauka etiketarik!:





2018/05/13

PREFOSTA

Kaixo berriro ere:

Oraingo sarrera kultura eta euskaren alde izango da. Gaur, maiatzak 13, Herri Urrats dugu, Seaska elkarteak urtero antolatzen duen euskal irakaskuntzaren aldeko festa Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin. 1984an izan zen lehendabiziko edizioa.

Bildutako dirua Iparraldeko ikastolak laguntzeko bideratzen da. Aurten, Herri Urrats Xiberotar eta Baxenafartar ikasleak biltzen dituen Manex Erdozainzi Etxart Kolegioaren alde (MEEK) izanen da, ikasketa eta harreman hizkuntza euskara duen kolegio bakarra da Barnekaldean. Ipar Euskal Herriko barnekaldea husten ari den bitartean, 11 eta 14 urte bitarteko gazteak biltzen dituen Kolegioa garapen betean da. Xiberoako eta Baxenafarroaren etorkizuna dira aurten MEEKen diren 190 ikasleak.

"Prefosta" leloa ulertzeko haien web-orrialdera jo egin dugu eta azalpen hau topatu dugu: 

“Prefosta” xiberotar lemapean iraganen da. MEE Kolegioaren ikasleen herena Xiberokoa da, eta lema horrekin begi kliska bat egin nahi izan diegu egunero Xiberotik etortzen diren ikasleeri.

Azken inkesta sozio linguistikoak erakusten duen bezala, Ipar euskal herriko euskararen egoera onena Nafarroa Beherean eta Xiberoan da.

Proporzionalki, Nafarroa Beherea eta Xiberoa dira euskaldunen ehunekorik handiena duten lurraldeak (% 49,5). Halaber, bi lurralde hauetan dira euskaraz hitz egiteko erraztasun gehiago duten euskaldunak.

Gehitzen badugu, biztanleriaren erdiaren baino gehiagoren lehen hizkuntza euskara dela (%46,8k euskara soilik jaso du etxean eta % 9,7k euskara eta erdara), ulertuko dugu PREFOSTA! euskaraz ikasten eta bizitzen dela barnekaldean.

Baina ez dugu lokartu behar. Urte batetik bestera hiztun kopuruak beheiti doaz barnekaldean eta ikastolek euskara biziberritzeko duten rola arrunt estrategikoa da.

Ondorioz, alabainan kolegioa tipiegia geratu zaigu! Barnekaldeko jendeak euskararekin duen atxikimendua hemen frogatzen da: gero ta ikasle gehiago ditugu Xibero eta Baxe Nafarroko ikastoletan, eta MEEKen.

Prefosta lemarekin, mezu baikorra zabaldu nahi dugu, euskara eta ikastolen garapena ona dela, bainan erran behar dugu ere lortzen duguna beti borrokaren bidez egiten dela, adibidez MEEKen IEPa idekitzea lortu dugu borrokatuz, brebeta euskaraz lortuko dugu ere beti borrokatuz.

Jarraian, ikasle, irakasle, langile eta guraso denen partaidetzarekin grabatutako bideoklipa luzatzen dizugu:





Gutxi barru beste bi jai izango ditugu Euskara eta Hezkuntzaren alde: ibilaldia eta euskal eskola publikoko jaia. Adi egon, haien berri emango dugu eta!


2018/05/12

MAIATZAK 13: HAUR OSPITALIZATUEN EGUNA

Kaixo irakurle hori:

Gezurra dirudien arren, ume asko ospitaletan bizi dira eta ezin dute egin guretzat arrunta dena, beste errealitate bat daukate... Gaur haien eguna da eta aipamen berezia eta omenaldia egin nahi dizkiegu hemendik, asko ikasi behar dugulako haiengandik: borrokalari hutsak dira eta meritu handia daukate!

Joan zen 2014-2015 ikasturtean, Euskadiko 2.134 ikaslek, osasun arrazoiengatik eta ohiko ikastetxera joan ezin zirela eta, Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroek eskaintzen duten zerbitzuaren bidez jaso zuten hezkuntza. Horietan gehienek, 1.873 ikaslek, ospitale-eskoletan jaso zuten hezkuntza-arreta, 207 ikaslek euren etxean bertan, eta gainerako 54k Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroetan. Orotara, hezkuntza arloko 127 profesional arduratu ziren ume hauetaz. 

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak “Ospitalerako ipuinak” 7 liburu argitaratu zituen duela urte batzuk ospitaleratuta dauden umeei zuzendua. Ipuin hauetako zenbait dagoeneko erabili dira Euskadiko ospitale-eskoletan (Txagorritxu, Santiago, Gurutzeta, Basurto eta Donostian). Lagungarri zaizkie ospitaleratuak dauden haurrei mediku-tresneria nahiz jasotzen ari diren tratamendua hobeto ezagutzeko, haien gaixotasuna ulertzeko eta gertatzen ari zaiena hitzez azaltzeko. 

Musikarekin amaitu nahi dugu, hiru abesti luzatu nahi dizugu, hau lehenengoa hainbat erakundek sortutako bideoklipa da, Conchita abeslariaren ahotsarekin (eskerrik asko, Jone!). Mezu ederra ematen duena, entzun erne!:





Bombai musika taldekideak, hainbat erakundek lagunduta, mila musu banatzeko eta umeen irribarreak ateratzeko prest daude kantu eder honetan ikusten den bezala (eskerrik asko, Leire!):





Amaitzeko, beste abesti bat luzatzen dizugu. Oraingoa euskaraz eta Ene Kantak taldearen eskutik. Neska ausarta bat eta bere familia ezagutu zituzten otsailean. Momentu zailak ziren haientzat eta haiek gainditzen laguntzeko, abesti bat egin zieten.  Abestian El Drogasek, Gorka Urbizuk, Oinatz Bengoetxeak, 'Go!azen'eko aktoreek, Oier Sanjurjok eta Zuriñe Hidalgok parte hartu dute. Ikusi!





Hemendik patxo erraldoia bidali nahi diegu gaixo dauden txiki ausart horiei!


2018/05/10

ERRUGBIA


Kaixo balorazale:

Gaurko gaia duela hilabete batzuk iritsi zitzaigun eta gordeta izan dugu. Gaur, hemen plazaratzeko oso egun aproposa dela uste dugu:

Ziurrenik entzun duzu asteburu honetan, Bilbon, errugbi final europearrak jokatuko direla. Ekimen historikoa da eta eragin handia izango du ekonomian zein hiriaren izenaren zabalkuntzan. Ekintzak eta animazioak egongo dira asteburuan zehar Bilbotik eta espero dugu giro sanoa eta aparta sortzea.

Ekimen honek gogora ekarri digu duela 23 urte, 1995. urtean Nelson Mandela presidenteak, berradiskidetze mailan pausoak eman nahian, Hegoafrikan antolatu zuen Munduko Errugbi Txapelketa. Bertan, Mandelak Hegoafrikako beltzak animatu zituen ordura arte gorrotatzen zuten herrialdeko errugbi selekzio nazionala babes zezaten (Springboks izenez ezagutzen da taldea). Kirol honek arrazakeria gainditzen lagundu zuen herrialde hau eta bere historiaren une hau aipagarria eta arrakastatsua bihurtu zen. Gaur gun kiroletan ikusten diren istiluekin, zein polita den hau gogoratzea...

Baina ez dugu ekarri arrakastaz edo arrazakeriaz aritzeko, berdintasuna aldarrikatzeko baizik. Hona hemen 2017ko urtearen amaieran Joma Sportek argitaratutako iragarkia:





Ez, ez da gizonezkoen kirola; izan ere, ez baitago gizonezko edo emakumezkoen kirolik. Kirolak badira eta edozeinek praktikatu ditzake balditzarik gabe. Honen ildora, #GukEreJolastenDugu bideoa jaso dugu eta zurekin partekatu nahi dugu. Aldarrikapen bat da, errugbi neska jokalarien eskutik; erakundeei eskatu nahi diete laguntza gehiago emakumezko taldeentzat. Bide batez salatu nahi dute iragarki ofizialean gizonak baino ez direla agertzen. Hona hemen gure laguntza zeuren bideoa eta aldarrikapena zabaltzeko:




en Videos


Zorionak Gernika, Getxo, Universitario Bilbao Neskak eta Eibar taldeei, ez duzue inoren baimena beharrik, geldiezinak zarete eta nahi duzuena lortuko duzue!! Aupa zuek!!


2018/05/03

EZ BETI DA EZ


Kaixo balorezale!

Pasa den asteari amaiera eman genion albistea berreskuratu nahi dugu, gaurko sarrera honetan sakontzeko asmoz. Pil-pilean egon da azken egunotan kontu hori eta oraindik horren oihartzuna nonahi entzuten da. Oro har, gizartea sutan dago epaileek ezarritako sententziarekin. Ziur albistegietan eta sare sozialetan honen kontrako mezuak ikusi edota entzun dituzula. Anitzak izan dira guk geuk jaso ditugunak ere bai.

Herenegun ere honekin funtsean lotuta dagoen gaia jorratu genuen, eskola jazarpena. Biak jazarpen mota desberdinak dira, baina jazarpenak azken finean eta indarkeri edo bortizkeriaren barruan sar genitzake, ez duzu uste?

Hurrengo bideo hau onespenetan datza. Te kikara batekin primeran azaltzen du, eta bideoaren hasieran zein amaieran sexu-harremanekin konparatzen du. Guk ekarri dizugu uste dugulako edozein harreman motatan aplikagarria delako. Ikusi eta entzun arretaz:





Aparta azalpena, ezta? Ziur gaude tearen adibidea arazo barik ulertu duzula eta momenturen baten barre egin diozula ere bai. Normala da, egoera batzuk nahiko komikoak eta erridikuluak baitira. Baina, eguneroko harremanetan horrelako egoerak ikusten ditugu, tamalez. Adibidez, haserretzea norbaitek momentu batean ezetza ematen digulakonahiz eta beste momentu batean kasu egin digun; edo pertsona batek aurretik esandakoaz iritziz aldatzen duelako... 

Eremu guztietan, egoera guztietan, adin guztietan, ez beti da ez eta errespetatu behar da baldintzarik gabe. Ezetza jasotzeak dakartzan frustrazioa eta amorrua gestionatzen eta onartzen ikasi behar dugu. Eta bakarrik ez bagara gai, laguntza eskatu beharko dugu.

Asteburu ona izan!


2018/05/02

ESKOLA JAZARPENAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Egun on irakurle hori:

Hona hemen ospatzea gustatzen ez zaigun horietako egun bat. Gaur, maiatzak 2an, mundu mailan "Eskola Jazarpenaren aurkako eguna" daukagu.

Askotan landu dugu gai hau baina behin eta berriro honen inguruko jarrera desegokiak entzuten dira, beraz uste dugu sarrera hau ez dela soberan egongo. Hezkuntza Saletik indarra egiten ari da azken bolada honetan gai korapilatsu honen inguruan irakaslegoa formatzeko, baina oraindik ere lan handia daukagu geure aurrean.

Hau ez da irakasleon arazoa soilik. Familiek paper garrantzitsua daukate, baina batez ere zeuek protagonistak izan behar duzue eta erantzukizun handia daukazue ere bai. Argi dago geuk, nagusiok, bideratu behar dugula baina zeuen kolaborazioa ezinbestekoa da. Eskola jazarpena eragiten duen pertsona agerian jarri behar da, bestela bere papera erreforzatzen da eta gero eta indartsuago sentitzen da. Hori sahiesteko, ikasleon laguntza behar dugu eta ematen duzuen informazioa premiazkoa da arazoan dauden guztiei lantzuntza eman ahal izateko. 

Argi utzi nahi dugu horrelako arazo batean sartuta dauden guztiak lagundu nahi ditugula eta emango duzuen informazio hori haien onerako izango dela. Hau da, bai erasotzaiarekin baita jazarpena jasotzen duenarekin ere lan egin behar da arazoa bideratzeko. Zeuek laguntzaileak izango zarete, inoiz ez salatariak!!

Aprobetxatu nahi dugu sarrera txiki hau aldarrikatzeko egun hau ofiziala ezartzea eta indar gehiago ematea gai honi instituzioetatik. Egia da BAT (Bullyingaren Aurkako Taldea) programa sortu dela, baina oraindik zentru askotara ez da heldu... Gure ustez, funtzezkoa da Hezkuntza komunitateak jazarpen egoerak ezagutzea, gaiaren inguan hausnartea bullyingaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko. 

Amaitzeko, gogoetarako bideoa luzatzen dizugu. Agertzen diren gauza asko ezagunak egingo zaizkizuen baina ez dago soberan berriro gogora ekartzea:





Jorratu dugun honekin guztiarekin, espero dugu zuetariko norbait jazarpenaren biktima izanez gero, ausartzea arazoa azalarazten lagundu ahal izateko; lekukoak izanez gero, erasotzailea ageri jartzea arazoan dauden guztiei lagundu ahal izateko eta erasotzailea izanez gero, birplanteatzea egiten ari zaren min handi hori...

Egun polita izan!