2017/12/21

NEGUKO SOLSTIZIOA

Kaixo irakurle hori!

Oraingo sarrera zientzia, ohitura eta kulturekin lotuta dago. Jakinarazi nahi dizugu gaur, Ipar hemisferioan, abenduaren 21-22an izaten dela neguko solstizioa. Egun honetan, Lurraren errotazio-ardatzaren ipar poloa Eguzkiaren aurkako noranzkoan orientatzen da. Gertaera horrek baditu zenbait ondorio gure planetan:

- Urteko egunik laburrena eta gaurik luzeena dituen eguna da.

- Eguzki-izpiak zerumugarekiko inoiz hartzen duten altuerarik txikienera iristen dira ipar hemisferioan. Horregatik, eguzki-izpiek angelu txikia sortzen dute Lurrarekin eta inoiz baino izpi gutxiago iristen dira azalera-unitate bakoitzeko.

- Ipar poloan, Eguzkia ez da ateratzen egun osoan, 24 orduko gaua izaten da, eta egoera hori zenbait egunez luzatzen da.

Hego hemisferioan, ekainaren 21-22an gertatzen da neguko solstizioa, eta abenduan ipar hemisferioan izandako egoera bera gertatzen da hego hemisferioan.

Data honek, sinbolikoki, garrantzitsua handia dauka eta mundu mailan beti izan da ospatua duela milaka urte hainbat kulturatan. Arketipikoki, iluntasunaren garaia da, zaharra hiltzeko aukera eta berriari lekua uzteko. Gaur agian egun aproposa izan daiteke gogoetarako: pentsa zer nahi duzun utzi atzean eta jarri begirada benetan desiatzen duzun helburuarengan.



2017/12/20

ETA ZUK, ZER ESKATUKO ZENUKE GABONETAN?

Kaixo lagun:

Gabonen usaina edonon daukagu eta ziur guztiok buruan dauzkagula opariak. Ezin genion urte zaharrari agur esan hemendik hausnarketa bat egin gabe. Jarraian galdera pare bat luzatuko dizugu eta erantzuna gordetzea eskatuko dizugu:

  • Zer eskatuko zenuke zuk Gabonetan? 
  • Zein izango zen zuretzat oparirik onena?
Orain, bideo bat ikusiko dugu, ea galdera horien erantzunak aldatzen diren...





Lehengo galderei erantzuteko gauza materialak eskatu dituzuenok, aldatuko zenituzkete erantzunak? Baloreak ondo landuta dituzuen horiek, ziurrenik erantzun aurretik konturatu zarete eta materialak ez diren gauzengan pentsatu duzue. Baina tranpan eroriz gero, ziur gaude bideoa ikusi ondoren ohartu zaretela nora iritsi nahi dugun...

Horixe! Gauzarik inportanteenak baditugula, pribilegiatuak gara, zorte handikoak... Baina oraindik ez baduzu argi ikusten, beste bideo bat partekatu nahi dizugu (eskerrik asko Nahia!):





Hotzikara sentitu duzu azkenengo galdera entzutean? Gu hunkitu gaitu eta pentsakor utzi gaitu bideo honek. Azkar lotu dugu garai honetan bizi den giro kontaminatuarekin. Zoritxarrez, Gabonak gaur egun kontsumismoaren festak bihurtzen ari dira, negozio hutsa eta inkoherentziaz jositako garaia benetako arima galduz. Horrek pena handia ematen digu eta hemendik jendea kutsatu eta bihotzak bigundu nahi ditugu konturarazteko eskaini ahal dugun onena ez dagoela materialean, baizik eta gugan. Aprobetxa dezagun daukagun zortea, ez dugu opari gehiagorik behar bizitzaz gozatzeko. Inportanteena, daukaguna baloratzea da. Baina, zerbait behar dugu horretaz jabetzeko? Albiste txar bat jaso? Maite dugun norbait galdu? Hori gertatu baino lehen, txipa aldatu eta bizi zaitez gogotsu!

Gu geu gara oparirik onena, guk geuk eskaini ahal dugu zerbait berezia... Horren ildora, 2018rako desioen zuhaitza osatu dugu guk geuk irakurle balorazale bakoitzarentzat:





Hori guztia opa nahi dizugu eta, guk ahal dugun heinean, horra heltzeko bidea lantzen jarraituko dugu blog xume honetatik 2018an ere bai bizitzaren baloreen inguruan idazten.


Gabon zoriontsuak izan ditzazun eta 2018 urte zoragarri on!


2017/12/15

BIZITZAREN PRIBILEGIOA

Kaixo Balorezale!

Inoiz gelditu zara une batez pentsatzeko mundan dagoen desoreka itzelari buruz? Planeta berean bizi gara gizaki guztiok eta, aurreko sarreran plazaratu genuen bezala, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak dio guztiok berdinak garela baina, tamalez, azkar ohar gaitezke gauzak ez direla horrela funtzionatzen.

Inoiz gelditu zara une batter pentsatzeko gure gizartean dauden pribilegiatuei buruz? Nortzuk dira zure ustez? Seguruaski hainbat kirolari sartuko zenituzke multzo honetan: Messi, CR7, Fernando Alonso, Marc Márquez... Musikari askok ere beraien lekua izango lukete: Shakira, Bisbal, Bob Dylan, Justin Bieber... Hainbat eta hainbat pertsona ospetsu ere ez zen kanpoan geratuko... Arrazoia duzu, horiek guztiak badira pribilegiatuak baina, aurrera jarraitu baino lehen, bideo bat luzatu nahi dizugu, ea iritziz aldatzen duzun:





Azter dezagun bideoa! Animatzaileak gazte guztiak marra batean jarri ditu, irteeran alegia. Baina ez ditu gazte guztiak elkarrekin uzten, ez, hainbat adierazpen egiten ditu eta, horien arabera, batzuk aurrerago kokatzen dira. Aipatutako esaldiak pribilegioak baino ez dira, ez duzu uste? Horien artean familiaren egoera ona izatea, etxean diru sarrerak egonkorrak edukitzea, goi mailako ikasketak izatea, bizitzan aukera gehiago eta egoera onak izatea... 

Nola erantzungo zenion orain lehenengo galderari? Nor gehiago dago orain lehen aipatutako pribilegiatuen multzoan? Bai horixe... gu geu! Guri (eta zuri seguruaski) oilo ipurdia jarri zitzaigun bideo hau ikustean, aipatutako pribilegio guztiak edo ia guztiak betetzen baititugu. Agian zure gurasoak bananduta daude edo, zoritxarrez, ezin dira zurekin egon, baina zure familiak ahal duen guztia ematen du zu zoriontsua izan zaitezen eta etorkizun ona izan dezazun. Ez al da hori pribilegiatua izatea? Azken finean bizitza duina daukagu eta geure eskubideak ez daude urratuta... Kasuak kasu, oro har, zorte handikoak gara eta eskertuta bizi beharko ginateke!

Bideoan, animatzaileak erabiltzen dituen esaldi gogor eta sakonen artean guk bat azpimarratu nahi dugu: 

"Bizitzaren lasterketan, atzeko aldean daudenei eman behar zaie parte hartzeko aukera eta, seguruaski, marra berean egongo bagina guztiok, gainetik pasatuko gintuzten. Dauzkagun abantailak ez baditugu onartzen, tentel hutsak izango gara..."

Zer deritzozu horri? Bat zatoz animatzailearekin? Zertan ikusten duzu besteekiko abantaila daukazula? Ez bazara ohartzen, zabaldu begirada eta konparatu zeure burua ondoan bizi diren pertsonekin. Orain hobeto ikusten duzu pribilegiatua zarela? Argi dago beti aurkituko dituzula zuk baino gehiago daukatenak eta zuk baino gutxiago daukatenak... Gure uste apalean, esker onekoa izateko, hobe duzu arreta jartzea zuk baino gutxiago daukatenengan.

Honek guztiak enpatiarekin lotura estua dauka. Saiatu behar dugu besteen zapatetan jartzen ohartzeko zenbat aukera daukagun. Gabonak datozela garai honetan, pentsa ezazu nola igaroko dituzun zuk. Mundu guztiak ez du aukera hori izango, beraz, ikusmira aldatzea eta daukazuna eskertzea lor dezazun espero dugu. Ziur horrela zoriontsuago sentituko zarela...

Amaitzeko, bideora itzuliko gara eta airean geratzen den galdera luzatzen dizugu: ba al gaude prest lasterketa orekatzeko, guztiok marra beretik ateratzeko eta ez hainbat pausu aurrerago? Orain arte gizakiak adierazi duena ezetza izan arren, etorkizuneko belaunaldiak hori aldatzeko aukera dauka. Ausartuko gara?

Gogoeta hauekin ikusmira zabalagoa izan dezazun eta pribilegiatuen zakuan zaudela ohar zaitezen espero dugu.

Asteburu ona izan!


2017/12/10

GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo lagun!

Gaurko sarrerak bi aipamen bilduko ditu. Alde batetik, abenduak 5ean Nelson Mandelaren heriotzaren urteurrena izan zela eta, bestetik, gaurko Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna.

Nelson Mandelarekin hasiko gara. Bakearen ikurra da inoiz ez dena hilko. Ezinezkoa da. Betiko geratuko da Historian. Maiuskulaz idazten den horretan. Handietan handienek lekua duten horretan. Askatasunaren eta duintasunaren ikurra da Mandela ere bai. Zapalduen borroka guztiek eta gatazken konponbiderako urratsek ispilua aurkitu dute Madiba handiaren bizitzan.

Jarraian "Invictus" (Menderaezin) olerkia, William Ernest Henleyk idatzia. Bideoa olerkiaren izen bereko filmaren zatia da. Nelson Mandela Hegoafrikako presidentea izan zenean gertatutako pentsaera aldaketaren inguruan datza. Entzun arretaz!





Honela dio olerkiak euskaraz:

"Estaltzen nauen gauetik kanpora,
Polotik polorako amildegia bezain beltza,
Legokeen edozein jainkori eskertuko nioke
Nire arima menderaezina dela eta.
Zirkunstantzien hatzapar ankerretan
Ez kexatu ezta ohiurik ez dut egin.
Zoriaren kolpeenpean
Nire buruak odola jario, baina ez da makurtzen.
Amorru eta malkozko leku honetatik haratago
Izuaren itzala berehalakoa da,
Eta halere urteen mehatxuak
Beldurrik gabe topatzen nau eta topatuko nau.
Atea zenbateko estua den,
Sententzia zenbateko zigorrez beteta dagoen berdin dio.
Nire patuaren nagusia naiz:
Nire arimaren kapitaina naiz."




Nelson Mandela azkenetarikoak izan zen, borrokatzaile hutsa! Eta berari esker Hego Afrikan arraza bereizkeriaren kontra borrokatu egin zen. Lotura estua dago Nelson Mandela eta Giza Eskubideen artean. Irudi honek oso ondo adierazten du (eskerrik asko Leire!!)




Iazko sarreran Giza Eskubideen azalpena eman genizun haibat daturekin. Aurten, bideo berria topatu dugu, bertan Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala biltzen da. Ikusi arretaz!!





Horrela ikusita, ez du ematen hain zaila denik. Baina, tamalez, errealitatea oso desberdina da eta gizaki askok ez dauzkate bermatuta... Giza eskubideak ezagutzea aurretiko eta ezinbesteko urratsa da pertsonen duintasuna errespetatzeko. Horregatik, urtero, abenduaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak komunikabideen bidez sentsibilizazio-kanpaina bat garatzen du ahalik eta herritar gehienengana iristeko asmoz. Hona hemen  sentsibilizazio bi bideo:








Motzak izan arren oso adierazgarriak dira, oso ideia zehatzak eta argiak ematen dituzte.

Lehenengoak argi baino argiago uzten digu PERTSONAK (letra larriz, bai) garela guztiok, salbuespenik gabe! Blog honetan, maiz eta hainbat arlotan,  aldarrikatzen dugu hori. Beti pertsonen alde!

Bigarren bideoan hainbat arazo aipatzen dira: terrorismoa, indarkeria, bidegabekeria, desberdintasuna, lekualdaketa behartua, bazterkeria, arrazakeria, pobrezia... Horiei guztiei argia eman behar zaie konponbidea bilatzeko eta PERTSONA guztiak Giza Eskubideak bermatuta izateko.

2017/12/04

HAURRENTZAKO PROGRAMAZIO-LENGOAIA


Kaixo irakurle hori!

Zelako sorpresa hartu dugun gaur goizean Chrome nabigatzailea zabaltzerakoan! Googlek adierazten digu gaur haurrentzako programazioaren 50. urteurrena dela. Duela gutxi modan jarri den "hizkuntza berriak" 50 urte ditu!! Harrigarria benetan...

Wikipediara jotzen badugu, programazio-lengoaiak ordenagailuaren portaera kontrolatzeko erabil daitezkeen hizkuntza artifizialak direla aurkituko dugu. Bi atal definitu behar dira programazio-lengoaia bat definitzeko:
  • Programak osatzeko erabil daitezkeen aginduak (adb.: datu bat irakurri, datu bat inprimatu, kalkulatu eragiketa bat...)
  • Datuak errepresentatzeko erabil daitezkeen datu-motak (adb.: zenbakia osoa, zenbaki erreala, karakterea...)
Lengoaia horien bitartez, konputagailuak burutu beharreko atazak zehazki deskriba daitezke.

Lehenengo konputagailuak 40. hamarkadan sortu ziren, eta makina-lengoaia erabilita programatzen ziren. Gaur egun, milaka lengoaia daude. Sailkapen bat baino gehiago egin daiteke baina ez gara sartuko kontu horretan. Txikitatik ikas daiteke, ez da nagusion kontua. Ez bazara aritu Googlen doodle-n, proba ezazu eta engantxatuko zara!



Honetaz aparte, programazioarekin zerikusia duen beste berri bat eman nahi dizugu: gaur kode ordua hasten da!! Zer da hori? Mundu mailan kodeatzeko esperientzia paregabea!! Hemen klikatuz hainbat baliabide aurki ditzakezu eta gainera euskaraz!!! Anima zaitez eta hasi programatzen!!

2017/12/03

BEREZIAK, PIZZAK DIRA


Kaixo berriro ere...

Iaz egin genuen bezala, gaur beste sarrera bat eskaini nahi dugu. Alde batetik egunaren berri emateko eta, bestetik, omenaldia egiteko ezintasuna daukaten pertsonei, gaur Ezinduen Nazioarteko Eguna baita.

Batzuek ospakizun moduan hartzen dute egun hau, beste batzuek, aldiz, aldarrikatzeko erabiltzen dute. Eta guk ildo horretatik joko dugu gaur.

Hurrengo bideoaren protagonistak, Constanza Orbaizek, oso ondo azaltzen digu zer den ezintasuna edo, berak dioen moduan "ahal desberdina" (eskerrik asko Jose Luis bideoagatik!!). Ez zaitu hotz utziko, ziur gaude. Entzun arretaz!





Hau laburpena da, nahiago baduzu hitzaldi osoa ikusi hemen daukazu, egia esan, merezi du ikusteak!

Constanza psikopedagogoa da eta eskoletan lan egiteaz aparte, Desde adentro proiektuaren burua da. Gizarte eremuan, terapeutikoan eta eskolarrean ezintasuna daukatenekiko begirada integrala lortzea da bere helburu nagusia. Daukan pentsatzeko eta helarazteko moduarekin lortuko du. Guk zabaltzat jotzen genuen geure ikusmira baina hau ikusi ondoren, are zabalagoak! Eskerrik asko Constanza emandako lezioagatik!

Eta zuk? Zerbait ikasi duzu entzundakoarekin? Gutxienez sentsibilizatuago egotea espero dugu, konturatzea guztiok daukagula ezintasunen bat eta gixajoak edo bereziak ez direla,   P E R T S O N A K baizik.

Ezintasunaren "ezin" hori ahal bihur dezakegu guztion begirada aldatzen bada.




EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo balorazale euskaldun hori!

Nahiz eta ostiralean sarrera berezia euskararen egunaren inguruan, gaur, egun ofizialean berriro gaituzu hemen. Gauza handirik ez dugu idatziko baina gaur jasotako hainbat bideo, audio eta irudi luzatuko dizkizugu jarraian:

Leirek bidalitako collage-ekin hasiko gara, eskerrik asko andereño!:




Mezu ederrak biltzen dituenak irudiak!!

Bideo hau iaz ere bai erabili genuen, baina izugarri hunkigarria da eta berreskuratu nahi izan dugu misterio hori bizirik iraun dadin:





Jarraian ikusiko duzun hau, berriz, aurten argitaratu du Arratiako Udalen Mankomunitateak, Euskara, euskaldun guztion marka!





Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuta euskararen egoerari buruzko gogoeta egin zuen Eli Larrinagak Euskadi Irratian: Euskararen Nazioarteko Eguna eta fisikako ekuaziorik ezagunenetarikoa (E=mc2) uztartu zituen. Entzun arretaz!

Beste irudi batekin amaituko dugu, ozen baino ozenago adierazten duena euskaraz bizi nahi dugula!!



Zorionak euskaldun guztioi, altxorra babesten duzuen guztioi!


2017/12/01

EUSKARAREN EGUNA ESKOLETAN

Kaixo Balorezale!

Iaz bezala, gure hizkuntzari omenaldi txiki bat egin nahi diogu bere egunean. Bai, badakigu igandera arte ez dela, baina hainbat zentrutan gaur ospatuko denez, hemendik eta handik topatutako hainbat gauza luzatuko dizkizugu. Guztiek daukate amankomunean Euskararekiko maitasuna adierazteko nahia.

Hasi egingo gara Gasteizko Koldo Mitxelena BHI-ko 1. batxillergoko ikasleek egindako abestia eta bideokliparekin:




Lan bikaina neska-mutilok! Zorionak! Egia esan, zuek diozuen moduan, Euskera zabaltzeko eta indartzeko egin behar dugun esfortzua ez da hain handia... Eta zuk, lagun, zer deritzozu?

Gasteizko lagunek egindako abestiarekin zerikusia badauka aurten, Deustualdean antolatutako Hamaika Egunez Euskaraz ekimenak. Izan ere, hamaika lagunek hartu dute parte auzo euskaldunagoaren alde, 600 baino gehiago alegia... Txalo zaparrada zuentzat! Ea ekimena ez den bitxikeri batean geratzen eta urtean zehar, leloak dioen moduan, 11 egun egiten duzun Euskaraz!

Eta zertan datza jarduera? Hemen luzatzen dizugu beraien blogean jarritako informazioaren laburpentxo bat. Dena den, animatzen zaitugu bloga bera bisitatzera, merezi baitu!


Baietz 11 EGUN EUSKARAZ bizi!


Gure erronka da 11 egunez euskaraz bizitzea eta hori egiteko bi modu daude: Ahobizi eta Belarriprest.



Euskaraz egiten duenari euskaraz egiten lagunduko dio. Proiektu honen giltzarri izango da, euskaldunak euskaraz berbetan jartzen dituelako.

Belarriprest izan nahi baduzu euskaraz ulertu behar duzu ezinbestean



Zer dakar Belarriprest izateak?

– Euskararekiko zure jarrera positiboa erakusten duzu, euskaraz dakiena zuri euskaraz egiten gonbidatzen duzulako
– Euskaraz egin nahi duenari lagundu egiten diozu euskaraz egiten: ‘Egidazu euskaraz lasai, ulertzen zaitut-eta!’
– Euskararen erabilera igotzen laguntzen duzu eta aukera duzu, nahi izanez gero, mihiari ere eragiteko!



Euskaldun aktiboa izango da. Ahobizi izan nahi baduzu, euskaraz bizi beharko duzu 11 egunez.


Zer dakar Ahobizi izateak?


– Euskara dakiten edo ulertzen dutenekin beti eta erabat berba egingo duzu euskaraz, erdaraz erantzuten badizute ere.
– Ezezagunekin lehen berba egingo duzu euskaraz eta ulertzen badizute euskaraz jarraituko duzu.


Ikusiko duzunez, denok daukagu parte-hartzerik!


Hamaika Egunez Euzkaraz ekimenaren bloga bisitatzen baduzu, mikrogomendioak topa ditzakezu. Guk hemen luzatuko dizkizugu gustatu zaizkigun batzuk:



Guri oso aholku onak iruditu zaizkigu hauek eta blogean agertzen diren besteak ere bai baina, bakarra aukeratu behar izatekotan, zein aukeratuko zenuke zuk?

Hemendik erronka luzatu nahi dizugu: baietz asmatu beste mikrogomendioren bat, irudi polit batean jarri eta guri bidali (baloreak@gmail.com) beste sarrera batean edo hementxe bertan atxikitzeko! Anima zaitez eta hartu parte! Plazaratu zure irudimena geure hizkuntza preziatuaren erabileraren alde!

Deustuko Unibertsitateko Jose Mari Landak sortutako kantarekin amaituko dugu. Egia esan ez da kantaren bideoa, karaokearena baizik. Oso erraza da jarraitzeko eta abesteko. Goza ezazu eta abestu!!!




Geure ondare aparta da, altxor handia hain zuzen ere. Herri txikia gara mundu mailan eta bizirik mantentzeko geure hizkuntza, guk geuk erabili behar dugu ahal den gehien.