2017/05/11

MATEMATIKAREN NAZIOARTEKO ESKOLA-EGUNA


Kaixo balorezale hori!

2000 urtean, Nazioarteko Matematika Urtean hain zuzen, maiatzak 12a Matematikaren Nazioarteko eskola-eguna ezarri zuen UNESCOk. Data hau aukeratu zen Pedro Puig Adam-en omenez, 1900eko maiatzaren 12an jaio baitzen. Gizon hau Matematika irakaskuntza-sailan oso ezaguna izan zen mundu osoan.

Askotan galdetuko diozu zure buruari zertarako balio duen matematikak... Ba sinetsi ala ez, edonon dago! Uste dugun baino leku eta egoera gehiagotan. Eta matematikaz ari garenean ez dira zenbakiak soilik, beste atal batzuk badaude oso garrantzitsuak ere bai. Halaber, matematikari ezker, musika daukagu, kirolak, olerkiak, bertsoak, eta hainbat gauza eguneroko bizitzan garrantzitsu baino garrantzitsuagoak direnak. Medikuntzan, eraikuntzan, eta abarrean lortutako aurrerapenek matematikari zer edo zer zor diote.

Jarraian bideo motz txertatzen dizugu matematikaren garrantzia azalduz:





Gurekin bat etorriko zara matematika oso garrantzitstua dela, baina zergatik dago matematikari buruzko sarrera balore blog batean? Baietz asmatu zerikusia!

Gure munduan, gure gizartean, hainbat datu ditugu harritzekoak direnak eta matematikarekin lotura zuzena daukate. Gaur, Zabalketa elkarteari esker, datu batzuk aztertuko edo aipatuko ditugu. Elkarte honek Munduko Ilara unitate didaktikoan lantzen ditu sakonago. Irakasleak gonbidatzen ditugu haien web orria bisitatzea, materialak euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez baitaude, eta beste hainbat unitate didaktiko jorratu dituztelako balorez blai.

Hona hemen luzatzen dizkizugu datu harrigarri batzuk:

  1. Urtero, Nazio Batuen Garapen Programak munduko herrialde guztiak biltzen ditu zerrenda batean, hiru noten arabera ordenatuta:
  2. 1- Biztanleen bizi itxaropena.
  3. 2- Ikasketei gutxi gorabehera eskaintzen zaizkien urteak.
  4. 3- Pertsona baten diru irabaziak urtean batez beste.
  5. Amaierako notari Giza Garapeneko Indizea (GGI) esaten zaio, eta 0 eta 1 artean dago. Zenbat eta hurbilago 1etik, orduan eta hobea izango da herrialdearen nota.



Hona hemen munduko hainbat herrialderen sailkapena GGI-ri dagokionez. Datuak oso esanguratsuak dira...





Unitate didaktikoan proposatzen dizkiguten galdera batzuk luzatzen dizkizugu jarraian:

1. Zein herrialde da pobreena emakumeen batez besteko bizi itxaropenari dagokionez? Eta aberatsena?

2. Gizonen kasuan, zein herrialde da pobreena batez besteko bizi itxaropenari dagokionez? Eta aberatsena?

3. Badago alderik batez besteko bizi itxaropenean gizonen eta emakumeen artean?

4. Erreparatu ikasketa urteen zutabeari. Zein da herrialde aberatsena? Eta pobreena?

5. Badago alderik batez besteko ikasketa urteetan gizonen eta emakumeen artean?

6. Kontuan izanik diru irabaziak, zein da herrialde aberatsena? Eta pobreena?

Irakurri ozen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 25. artikulua:


  1. "Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta bereziki, elikadura, jantzia, etxebizitza, laguntza medikoa eta gizarte zerbitzuak."

    Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 25. artikulua


Zure kasuan betetzen da Giza Eskubide honek dioena? Altxa eskua erantzuna baiezkoa izanez gero. Begiratu zure inguruan. Ba al dago eskurik altxatuta? Esanguratsua ere bai...

Eskerrik asko berriro ere Zabalketa elkarteari bere materialagatik. Hemendik euren lan bikaina txalotu nahi dugu. Jarraitu horrela!

Bukatzeko, desio bat bota nahi dugu: ea datorren urtean, matematikak, datu baikorragoak luzatzen dizkigun, hori gizarteak gauzak hobeto egiten dituen seinalea izango baita.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina