2017/05/28

JOLASAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Gaurko egunak sarrera berezia merezi du, Jolasaren Nazioarteko eguna da eta. Jolasa bizitza da eta bizitza jolasa da.

Ba al dakizu nondik datorren Jolasaren Nazioarteko Egunaren jatorria? 1998an sortu zen, Ludoteken Nazioarteko Elkartearen (ITLA International Toy Library Association) eskutik, eta FridaKim elkartearen lehendakariaren ekimenez. Maiatzaren 28a aukeratu zuten, Elkartea egun horretan eratu baitzen.

Jolasa munduko gizarte eta kultura guztietan agertzen den giza jarduna da. Besteak beste, inteligentziaren, afektibotasunaren, sormenaren eta soziabilitatearen hazkunde orekatua ahalbidetzen eta errazten du, hortaz, pieza giltzarria da norbanakoaren garapen integralerako.

Jolasteko ekintza entrenamendu ona da gaitasun sozialak garatzeko; elementu ludiko bat baino gehiago da. Oinarrizko aspektua da jokabidea osatzeko, jolasean aritzen garenean garen moduan agertzen baikara. Jolasean berez eta espontaneoki azaltzen gara.

Jolasa tresna baliotsua da, gizarte hobe bat sortzeko, norbanakoen artean komunikazioa sustatuz, komunitate bateko norbanakoen harremanetan sakonduz, eta aurkakoak diren jarrerak berradiskidetuz.

Aurreko guztia dela eta, eskaini diogu lekua geure blogean egunari, oso garrantzitsua delako jolastea eta jolasaren bitartez balore asko lantzen direlako. Gure ustez, DERRIGORREZKO ikasgaia izan beharko zuen eskoletan, umeek asko ikasten dutelako jolasaren bitartez.




Ikusten duzunez, onura ugari ditu jolasak, beraz, jolas gaitezen!!!




Jakintsua benetan 5 urteko neskato hau!!


Jarraian bideo bi luzaten dizkizugu, edozein adinetan jolasaren garrantzia azaltzen dutenak:









Abesten amaituko dugu gaurko sarrera, alde batetik Amets Arzallusen jolasteari buruzko bertso batekin Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ahotan. Eta bestetik, Alkartu ikastolako iazko LH6ko ikasleen bertsoarekin, Unairi esker osatu zutena!!





Inoiz ez utzi jolasteari.

GORA JOLASA!!

2017/05/25

TOLERANTZIA


Kaixo irakurle hori!

Pasa den astean tolerantzia eta aniztasunaren aldeko egunaren berri eman genizun. Aste honetan nahiz eta nazioarteko egunik ez ospatu, ildo horretatik jarraitu nahi dugu.

LGTB kolektiboaz aritu ginen eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako kanpainaren leloari eutsi genion: gorrotoaren hizkuntza ez erabiltzearena. Zergatik ote proposamen hori? Argi dago askotan modu desegokian etiketatzen zaiela kolektibo horren pertsonei eta irainak erabiltzen direla haien kontra. Sentimenduak, berez sortzen dira eta oso zaila da kontrolatzea, guztien artean zailenetik zailena amodioa da, zalantza barik... Zergatik etiketatu pertsona bat sentitzen duenagatik? Hurrengo bideo honek harritzeaz aparte hunkitzea ere espero dugu. Ikusi eta gozatu!!





Bideo honetatik ateratzen dugun gogoeta zera da: toleranteak izan behar dugula, askatasunez begiratu, ez epaitu azalaren koloreagatik, ideiengatik edo maitasun harremanengatik. Ekintzak epaitu behar dira, hau da, pertsona ona izateagatik, fidagarria, besteak laguntzeagatik, maltxurra izateagatik ala ez... Justuak izan gaitezen eta pertsonen ekintzak epai ditzagun!

Aurreko bideoak ez du soilik genero arazoa aipatzen, baita erlijioa, arraza, ezintasuna ere. Tolerantea izatea oso garrantzitsua dela oso ondo dakizu dagoeneko, baina, Munduak asko eta asko landu behar duen gaia da. Ziur gaude bideoan agertzen diren maitasunezko loturak sakonago landuz gero elkarbizitza global baten helburuarekin, Manchesterren, Parisen, Dortmunen, Londresen, Madrilen, Iraken, Sirian, Turkian eta beste hainbat lekutan gertatutakoak ez zirela pasatuko.

Dakizunez, elkarbizitza, errespetua, tolerantzia... lantzeko leku aproposa baino aproposagoa eskola da. Tamalez, irakasleok ere, askotan, hain tolerantea ez den hizkuntza erabiltzen dugu. Hurrengo bideoak primeran azalduko digu. Adi!



Zer espero zenuen bideoaren hasieran? Bullying-ari buruz izatea? Hau, gure ustez, hainbat arazoren atzetik dagoen kutsadura da. Beti saiatzen gara besteak gu bezalakoak izaten, "normalak" izaten. Baina normaltasuna ez da existitzen, eskerrak! Inoiz entzun duzu "Zenbat buru, hainbat aburu" atsotitza? Ba primeran datorkigu hau azaltzeko: bakoitzak, normaltasuna bere errealitatetik eta bere ikuspuntutik ulertzen du. Horrela, ezer ez daukanarentzat, denetik edukitzea, gure moduan, ez da batere normala.

Bideo honek  aniztasunaz ohartarazteko laguntzen digu, azken finean, zenbat azal kolore daude zure gelan? Ez dugu aurrera egin nahi beraien ideiaren bat aipatu gabe. Bai horixe! Gure geletan dauden azaleko kolore guztiak margotu ahal izateko, margo bereziak atera dituzte eta salgai dituzte! Hemen uzten dizugu linka, agian datorren ikasturterako lekutxo bat gorde diezaiokezu zure klaseko zorroan...

Gaurko sarrerarekin bukatzeko, Paul-en bidaia aurkeztu nahi dizugu. Paul suediarra da eta egun batean, trenez zihoala hau gertatu zitzaion...





Zer deritzozu Paulek egindakoari? Ausartuko zinen zu barrutik daramazun hori plazaratzen hain era nabarmenean? Eta trenean dauden pertsonen jarreraz zer uste duzu? Nola erantzungo zenuke zuk zure alboan jesarrita dagoen gizona komunera badoa eta bueltan emakume bat dela ikustean? Gure ustez, ondo baino hobeto erantzuten dute bidaiariek, Paul bera eta bere erabakia errespetuz hartu eta onartu dute.

Espero dugu hau guztiarekin zure ikuspuntua gero eta zabalagoa izatea, gero eta toleranteagoa... Gogoratu guztiok PERTSONAK garela, kanpotik izaten garena izaten garela edo sentitzen duguna sentitzen dugula ;)

2017/05/16

MAIATZAK 17: LGTBFOBIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo balorazale!

Zer dira sarreraren letra horiek?

Lesbiana
Gay
Transexuala
Bisexuala

Horrela ikusita, argiago duzu, ezta?

Gaur homofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako nazioarteko eguna da. Maiatzaren 17an ospatzen da 1990. urteko egun horretan Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) gaixotasunen sailkapenen eskuliburutik kendu zuelako homosexualitatea. Bai, ondo ulertu duzu, duela 30 bat urte gaixotasuntzat hartzen zen LGTBa. Harrigarria benetan!

Duela gutxi Gazteen Euskal Behatotiak egindako ikerketa baten arabera, Euskadiko gazteak gero eta toleranteagoak dira. Izan ere, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 92a ez dago ados “funtsean homosexualitatea gaixotasun bat da eta horrela tratatu behar da” dioen esaldiarekin; soilik % 3a azaldu da ados esaldi horrekin. Adostasuna jaitsi egin da azken bost urteotan, 2012an % 6koa baitzen.

Gure uste apalean, eskolak eragin handia dauka horrelako kontuetan, horregatik gaude hemen, materialak luzatzen eta etorkizunaren begiradak zabalarazi nahian. Txiki txikitatik landu daiteke LGTB gaia, horretarako ipuinak daude eta normaltasuna ematen bazaio kontuari, begirada zabaleko pertsonak heziko ditugu, pertsona toleranteak alegia. Lotura honetan ipuin batzuk luzatzen dizugu, nahiz eta umeentzat izan asko ikas daiteke haiengandik!!

Hasiko gara transexualitatea primeran azaltzen duen 2005eko dokumental finlandiarrarekin. Protagonista, 11 urteko neska transexuala da eta berak oso modu argi eta garbian azaltzen du zer den eta zer sentitzen duen. Luzetxoa da (17 minutu) baina uste dugu merezi duela gauza asko ikas daitekeelako.





Ziur gaude gauza berri asko ikasi dituzula, ezta? Zuk zeuk galdetuko zenizkiokeenak agertu direla eta zalantza asko argitu zaizkizula suposatzen dugu. Ekarpen hau zure begirada zabaltzeko asmoarekin izan da. Lortu izana espero dugu!

Jarraian maiatzak 17rako Bizkaiko Foru Aldundiak egindako iragarkia txertatu dugu, irain homofobo, transfobo eta lesbofoboak salatzen dituena. Horretaz aparte, datu interesgarriak ematen ditu baina pena da euskaraz ez egotea, nahiko lotsagarria gure ustez... Beraz, aprobetxatu nahi dugu salatzeko entidade publiko baten iragarkia euskaraz ez egotea. Gorrotoaren hizkuntza ez erabiltzeko animatzen gaituzte, baina hobe geure hizkuntzan egingo balute. 





Aurreko bideoan aipatzen diren datuak harrigarriak dira, baina hurrengoarenak ez dira atzean gelditzen... Ez dago txarto jakitea zer dagoen munduan eta zelako egoerak existitzen diren! Adi egon:




XXI. mendean Giza Eskubideak bermatzen ez dituen herrialdeak egotea lotsagarria da. Espero zenuen horrelakorik existitzea? Zer izan da gehien harritu zaituena? Guk egiten dugun hausnarketa da LGTBak PERTSONAK direla, hori baino ez. Eta pertsonen trataera merezi dutela, hori baino ez... 


2017/05/11

MATEMATIKAREN NAZIOARTEKO ESKOLA-EGUNA


Kaixo balorezale hori!

2000 urtean, Nazioarteko Matematika Urtean hain zuzen, maiatzak 12a Matematikaren Nazioarteko eskola-eguna ezarri zuen UNESCOk. Data hau aukeratu zen Pedro Puig Adam-en omenez, 1900eko maiatzaren 12an jaio baitzen. Gizon hau Matematika irakaskuntza-sailan oso ezaguna izan zen mundu osoan.

Askotan galdetuko diozu zure buruari zertarako balio duen matematikak... Ba sinetsi ala ez, edonon dago! Uste dugun baino leku eta egoera gehiagotan. Eta matematikaz ari garenean ez dira zenbakiak soilik, beste atal batzuk badaude oso garrantzitsuak ere bai. Halaber, matematikari ezker, musika daukagu, kirolak, olerkiak, bertsoak, eta hainbat gauza eguneroko bizitzan garrantzitsu baino garrantzitsuagoak direnak. Medikuntzan, eraikuntzan, eta abarrean lortutako aurrerapenek matematikari zer edo zer zor diote.

Jarraian bideo motz txertatzen dizugu matematikaren garrantzia azalduz:





Gurekin bat etorriko zara matematika oso garrantzitstua dela, baina zergatik dago matematikari buruzko sarrera balore blog batean? Baietz asmatu zerikusia!

Gure munduan, gure gizartean, hainbat datu ditugu harritzekoak direnak eta matematikarekin lotura zuzena daukate. Gaur, Zabalketa elkarteari esker, datu batzuk aztertuko edo aipatuko ditugu. Elkarte honek Munduko Ilara unitate didaktikoan lantzen ditu sakonago. Irakasleak gonbidatzen ditugu haien web orria bisitatzea, materialak euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez baitaude, eta beste hainbat unitate didaktiko jorratu dituztelako balorez blai.

Hona hemen luzatzen dizkizugu datu harrigarri batzuk:

  1. Urtero, Nazio Batuen Garapen Programak munduko herrialde guztiak biltzen ditu zerrenda batean, hiru noten arabera ordenatuta:
  2. 1- Biztanleen bizi itxaropena.
  3. 2- Ikasketei gutxi gorabehera eskaintzen zaizkien urteak.
  4. 3- Pertsona baten diru irabaziak urtean batez beste.
  5. Amaierako notari Giza Garapeneko Indizea (GGI) esaten zaio, eta 0 eta 1 artean dago. Zenbat eta hurbilago 1etik, orduan eta hobea izango da herrialdearen nota.



Hona hemen munduko hainbat herrialderen sailkapena GGI-ri dagokionez. Datuak oso esanguratsuak dira...





Unitate didaktikoan proposatzen dizkiguten galdera batzuk luzatzen dizkizugu jarraian:

1. Zein herrialde da pobreena emakumeen batez besteko bizi itxaropenari dagokionez? Eta aberatsena?

2. Gizonen kasuan, zein herrialde da pobreena batez besteko bizi itxaropenari dagokionez? Eta aberatsena?

3. Badago alderik batez besteko bizi itxaropenean gizonen eta emakumeen artean?

4. Erreparatu ikasketa urteen zutabeari. Zein da herrialde aberatsena? Eta pobreena?

5. Badago alderik batez besteko ikasketa urteetan gizonen eta emakumeen artean?

6. Kontuan izanik diru irabaziak, zein da herrialde aberatsena? Eta pobreena?

Irakurri ozen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 25. artikulua:


  1. "Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta bereziki, elikadura, jantzia, etxebizitza, laguntza medikoa eta gizarte zerbitzuak."

    Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 25. artikulua


Zure kasuan betetzen da Giza Eskubide honek dioena? Altxa eskua erantzuna baiezkoa izanez gero. Begiratu zure inguruan. Ba al dago eskurik altxatuta? Esanguratsua ere bai...

Eskerrik asko berriro ere Zabalketa elkarteari bere materialagatik. Hemendik euren lan bikaina txalotu nahi dugu. Jarraitu horrela!

Bukatzeko, desio bat bota nahi dugu: ea datorren urtean, matematikak, datu baikorragoak luzatzen dizkigun, hori gizarteak gauzak hobeto egiten dituen seinalea izango baita.


FAMILIEN ANIZTASUNA


Kaixo balorezale hori!!

Datorren astean bi data garrantzitsu izango ditugu: alde batetik maiatzak 15, Familien naziarteko eguna, eta bestetik maiatzak 17, Homofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna. Bi egunak oso gertu daudenez, pitin bat aurreratuko gara eta gaiak lantzen hasiko gara.

Familiaren kontuarekin sartuko gara gaurko sarrera honetan. Oso galdera sinple batekin hasiko gara: 

Zer da familia?

Ziurrenik, burura datozkizun erantzun eta ideia guztiak zuzenak dira, baina suposatzen dugu pentsatu duzun lehenengo gauza izan dela zeure familiarengan, ezta? Normala!

Hartu minutu bat jarraian txertatzen dizugun irudia aztertzeko, ondoren galdera bati erantzun beharko diozu:




Familia mota ezberdinak al daude?

Duela ez asko, familia mota bakarra zegoen: ama, aita eta seme-alabak. 




Eredu tradizionala deitzen zaio mota horri eta, irudiak alderatuz, konturatuko zinen ereduak aldatu egin direla eta jada familia eredua ez dela beti seme-alabak dituen bikote heterosexualarenarekin lotzen. Askoz ere zabalagoa da kontzeptua. Ea hurrengo bideoak ikuspuntua irekitzera laguntzen gaituen:





Irudikatzen zenuen hainbeste posibilitate ezberdin bideoa ikusi aurretik? Edo familia tradizionalaren irudiarekin geratzen zinen? Zergatik izango ote da hori? Zer uste duzu zuk? Bai horixe, gure gizarteak hainbat aldaketa esperimentatu ditu azken 50-60 urteetan eta gaur egun hainbat familia mota ezberdintzen dira, nahiz eta komunikabideetan gehienetan tradizionala baino ez den aipatzen.

Egon momentu bat. Pentsatu ezagutzen dituzun lagunen familiez. Denak al dira zurea bezalakoak? Goazen aztertzera egoera ezberdin arruntenak:

Tradizionala: lehen aipatu dugu eta aita, ama eta seme alabak osatuta dago.

Gurasobakarrekoa: hainbat arrazoiengatik (heriotza, banaketa...) seme alabak guraso batekin bizi dira. Diborziatuen kasuan, umeak bi familia guraso bakarrekoak ditu.

Berreraikia: Bikotekide batek, gutxienez, seme-alabaren bat izan zuen aldez aurretiko beste harremanen batean. Familia-mota honetako partaideak aita, ama, anaiordeak, arrebaordeak edota anai-arrebak izan daitezke.

Adopzio-familia: Gurasoekiko lotura genetikorik ez dagoen arren, haurrak ekartzeko nahia handia izaten da. Adopzio prozesuak oso luzeak izaten dira. Erabakia hartu ondoren, eta egokitasun egiaztagiria eman baino lehen, aztertu egiten da adoptatzailearen edo bikotearen egoera. Izapide burokratikoak eta itxaropen garaia pasatu ondoren, gurasoak umearen bila joaten dira. Orduan hasten da elkar ezagutu eta onartzeko garaia, familian eta etxean behar diren egokitzapenak eginez.

Harrera-familia: Guraso biologikoek une konkretu batean ondo zaindu ezin badute, beste familia batek babesten du  umea, adopzioa planteatu gabe.

Familia homosexuala: Beste familia mota guztien itxura edo konposizioa izan dezake, baina gurasoak homosexualak izango dira.

Baina, zein da motarik onena? Ba... ez dago! Familiarik onena maitatua sentiarazten zaituena da. Maitatzea eta maitatua sentitzea, hori dugu sentimendurik atseginena eta familian, normalean, hori gertatzen da.

Aurreko guztia kontuan hartuz, ondorioztatu ahal dugu familia guztiak balio handikoak direla. Bideo honek oso ondo azaltzen digu:





Espero dugu familia hitza entzutean ikuspuntu zabalagoa izan dezazun orain. Eta gogoratu, familia hitza aditzean burura datozkizun pertsonek osatzen dutela zurea. Zaindu zure familia, betidanik eta baldintza barik zu laguntzen eta maitatzen egon delako eta zure maitasuna eta babesa beharrezkoak dituelako, ahalik eta indartsuena izateko.

2017/05/04

BESTEAREN ZAPATETAN JARTZEA ETA GEHIAGO

Kaixo balorezale:

Gaurko sarrera honek jarraitzaile baten eskaerari erantzuna ematen dio. Jarraitzaile hau irakaslea da eta oso kezkatuta dago bere ikasle batzuk ez direlako gai besteen zapatetan jartzen, ez dakite zer den enpatia ezta umiltasuna ere. Termino horien esanahi etimologikoa ez jakiteak ez dauka garrantzi handirik baldin eta besteen zapatetan jartzen badakizun eta daukazuna baloratzen baldin baduzun...

Enpatiarekin has gaitezen: ba al dakizu zer den bestearen zapatetan jartzea? Baina beste galdera bat daukagu zuretzat, aurrekoa baino zailagoa: ba al dakizu bestearen zapatetan jartzen? Kontuan izan guztiz desberdina dela zer den jakitea (teoria) eta egiten jakitea (praktika), ez duzu uste? Guztiok dakigu teoria oso ondo, baina praktikan jartzeko orduan, kostata egiten dugu... Hartu minutu pare bat pentsatzeko zer egin dezakezun hori aldatzeko...

Ziur asmatu duzula lehenik eta behin jakin behar duguna dela zelan sentitzen den bestea, hau da, bestearen emozioaren kontzientzia hartzea da funtsezkoa. Jabetzen zarenean zer den sentitzen duena besteak, bere egoeran jar zaitezke, bere zapatetan, eta zure jokaera aldatu egingo da. Hor dago koxka!! Baina... ez da batere erreza. Saiatuko zara hurrengo egunotan praktikan jartzen? Horrela hasiz gero, ohitura bihur daiteke eta zure jokabidea alda daiteke. Pausu txikia da aldaketa erraldoia hasteko, egiten animatzea espero dugu. Baina, noski, zure esku baino ez dago...

Bestearen zapatetan jartzea zer den azaltzen duen bideoa luzatzen dizugu:





Bideo honek laguntzen digu sarreraren hasieran aipatu dugun beste puntua sartzen: umiltasuna. Neurri batean, enpatiarekin lotuta dago, geroago ikusiko duzu argiago. Suposatzen dugu termino honek ez duela azalpen beharrik. Horregatik galdera batekin jarraituko dugu: inoiz gertatu al zaizu besteek daukatena desiatzea?

Bideo motz hau oso adierazgarria eta esanguratsua da, pentsaraztea espero dugu:





Bakoitzari berea kezkatzen zaio, eta normala da horrela jokatzea, are gehiago, komenigarria izan daitekela esan dezakegu bizitzan hobetu ahal izateko, bai, baina ezin gara hor izkutatu. Norberak zailtasunak izan arren, zorte handikoak garela pentsatu behar dugu beste egoera larri batzuekin konparatzen badugu geure egoera. Beti dago gu baino gaizkiago dabilenik eta horrek izan beharko zuen geure erreferentzia, ez guk baino gehiago daukanak... Horretaz hausnartzea espero dugu.

Amaitzeko, gaur jorratutako bi gaiekin lotutako bideoa luzatzen dizugu, oso ondo uztartzen ditu enpatia eta umiltasuna, hitz barik asko adierazten du. Begiak eta ikusmira zabaldu eta pentsatu!!





Eskerrak zapata galtzen duenak bestearen zapatetan jartzen den!! Horrela jokatuko bagenu guztiok, askoz hobeto joango litzateke mundua, ez duzu uste?


2017/05/02

BULLYING ETA ESKOLA JAZARPENAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo irakurle hori!

Gaur, maiatzak 2, bullying eta eskola jazarpenaren aurkako nazioarteko eguna dugu. Ez da lehenengo aldia gai honetaz idazten dugula, kontua kezkatzen gaitu eta irakurleak sentsibilizatu nahi ditugu arazo potolo honen inguruan. Argi daukagu kontzientzia hartu behar dugula arazoari aurre egin ahal izateko.

Jarraian kontu honekin orain arte egindako sarrerak luzatzen dizkizugu:

Irudi esanguratsu batekin hasi nahi dugu. Zer ikusten duzu? Zer adierazten dizu? Zelan sentiarazten zaitu?




Aurten pil-pilean dago KiVa programa, eskola-jazarpenaren aurkako programa, Finlandiako Turkuko Unibertsitateak sortu eta garatua, eta Euskal Herriko hainbat ikastolatan jarri da martxan. Bere web orrialdean, Gurasoen gidan, oso azalpen eta aholku baliogarriak ematen dituzte baina ez bakarrik gurasoentzat, umeekin lan egiten dugunontzat ere bai!! 

Ba al dakizu zer den bullying-a edo jazarpena? Definizioa edo azalpena eman aurretik, argituko dugu zer EZ den: 
  • Liskarrak, desadostasunak edota eztabaidak ez dira jazarpena, normalean iragankorrak direlako eta azkar pasatzen direlako.
  • Adarra jotzea edo jolarean bortizki aritzea ez da jazarpena.
Jazarpena da ikasle berari behin eta berriz eta nahita min ematea. Biktimak zailtasunak izaten ditu erasotzailearen aurrean bere burua defendatzeko. Jazarpena pertsonaren eskubideen urraketa larria da beti, eta haren giza balioa eta duintasuna apaltzen ditu.

Mota anitzak daude, hurrengo bideoak oso argi azaltzen ditu. Erne egon eta zeure inguruan jazarpen mota baten bat somatzen baduzu, salatu!





Ez gara nekatuko esaten, horrelako egoeren lekukoa bazara, salatu behar dituzula arazoa konpondu ahal izateko. Hori da lehenengo pausua, baina ez bakarra. Gehiago egin ahal duzu: biktimarengana hurbildu zaitezke, erasotzaileari aurre egin bakarka edo taldeka, arazoaz mintzatu... EZ ISILDU, MESEDEZ!