Kaixo balorezale hori!
Unescok apirilaren 6a izendatu zuen Garapenerako eta Bakerako Kirol eta Jarduera Fisikoaren Nazioarteko Eguna.
Maiz ikusten dugu jendeak kirola aitzakiatzat erabiltzen duela bere alderik txarrena plazaratzeko. Udan, futboleko Eurokopan hain zuzen, hooligan-ek behin eta berriro sortzen zituzten borrokak, iskanbilak… baina ez bakarrik erradikalak, beste hainbat zalek txiroei burla egiten zieten txanponak botatzen beraiek txanponen atzetik zelan egiten zuten korrika ikusteko. Ikusi dezakegunez, indarkeria motak amaituezinak dira, eta hori bakarrik hilabete bateko txapelketa batean. Zorionez, kirolaren munduan, kontrakoaren hainbat eredu ditugu, nahiz eta telebistan edo egunkarietan oso sarritan ez agertu. Antza, Cristiano Ronaldoren azken kotxea edo Messiren azken orrazkera askoz garrantzitsuagoak dira…
Gaurko saio honetan ez dugu ezkorrak izan nahi, horregatik luzatuko dizkizugu hainbat eredu onen inguruan jasotako berriak.
Kirol guztietan egin behar den lehenengo gauza beroketa da, oso atal garrantzitsua lesioak saihesteko. Hau da, prebentzioa hortik pasatzen da. Gure gaurko sarreran, beroketa moduan, txartel beltzaren erabilera azaldu nahi dizugu. Agian txartel hau ez da oso ezaguna gure artean, baina orain dela 3 ikasturte, 2013-14 ikasturtean, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri zuen Eskola Kirolaren Futboleko maila guztietan.
Nolako erabilera dauka? Ateratzen den lehenengo aldian informatzeko erabiliko da, hau da, mundu guztiak jakingo du, zelaian eta jarduera beran, jarrera ez hezitzaileak garatzen ari diren berri emango du eta bigarren aldiz atera behar bada, lehiaketa bera bertan behera utziko dela.
Hau gertatu ezkero, partiduaren aktan gertatutako guztia idatziko da eta ondorioak egongo dira.
Ba al zenekien existitzen zela? Inoiz ikusi al duzu txartel hori erabiltzen jokalari edo ikusle moduan?
Ez dakigu txartel hori nahi dugun eragina izango duen baina, zorionez, badaude ume kirolari batzuk ez dutenak behar. Besteak beste hurrengo bideoan agertzen dena. Egon erne!
Zer deritzozu ume honen ekintzari? Inoiz ikusi duzu horrelako egoerarik, non bi heldu eztabaidatzen hasi egiten diren? Ikustekotan, zer egingo zenuke? Bideoan kazetariak oso esaldi polita erabiltzen du bukatzeko: “Eskerrak oraindik umeak ditugula, beraien begirada garbiarekin eta arauekiko errespetuarekin”. Ea denon artean jarrera desegokiak eta tranpatiaren rola kiroletik at uzten ditugun!
Beroketa egin ondoren, entrenamenduaren atal nagusiari edo partiduari ekiten diogu. Metafora honekin azaldu nahi duguna da txikitatik kiroleko baloreak ondo garatuta egon ezkero, kiroltasuna ere jorratu egingo dela. Hau irudikatzeko, hurrengo albistea luzatzen dizugu:
Hemendik klub biei bidali nahi diegu gure txalorik beroena. Hau bai da kiroltasunaren eredu aparta. Aupa Caudal eta Urraca!
Batzuetan, klubek, oso ondo ulertzen ez diren erabakiak ere hartu behar dituzte, eta hori gertatu zen Madrilgo ikastetxe batean. Irakur dezagun albistea.
Zer deritzozu ikasleek beste taldekoekin izandako jarrerari? Eta zuzendariaren erabakiari? Agian ondorio itzela izan zen baina, seguruaski, ikasitakoa ez dute inoiz ahaztuko, ez duzu uste?
Partidetan, askotan, epaliea kritika guztien jomuga bihurtzen da baina, noizbehinka, alderantziz gertatzen da… Cordobako epaile batek, itotzen ari zen jokalari bat lagundu zuen. Berari esker jokalaria bizirik jarraitzen du. Hau zela eta, Athletic-ek gutun bat bidali zion epaileari bere jarrera eskertzeko, nahiz eta talde zurigorriek interesik ez izan, partida ez baitzuen jokatzen. Epaileek Athletic-i eskertu egin zioten bere gutuna. Hemen luzatzen dizugu berriaren lotura.
Partida edo entrenamendua bukatu ondoren, luzamenduak eta baretzeko ariketak datoz. Fase honek, gure metaforan, balio du ondo jarritako oinarri baten etekinak ikus daitezkela irudikatzeko.
Hau hobeto ulertzeko, beste albiste bat luzatu nahi dizugu. Goazen aztertzera!
Aurten, Italiako futboleko 2. mailan, historiako lehenengo txartel berdea atera zuen epaile batek. Txartel honen helburua jolasaren onurako jarrerak saritzea da. Ez da zelaian ateratzen, baina bai adierazten da aktan eta jokalariak sari ekonomiko bat jasotzen du epaileari laguntzeagatik.
Zer deritzozu horrelako ekintzari? Gorago komentatu dugu txartel beltzak lagundu ahalko zuela baina, zure ustez berdeak gauza bera lortuko du? Zure ustez sari ekonomikorik egon beharko zen?
Udan, Eurokopa ez ezik, Joku Olinpikoak ere antolatuak izan ziren, hauek Rio de Janeiro-n. Han gertatutakoarekin bukatuko dugu gure gaurko sarrera.
Atletismoko 5000m-ko final aurrekoan, bi korrikalarik talka egin zuten eta erori egin ziren. Ikus dezagun zer gertatu zen…
Beraien kiroltasunez beteriko jarreragatik Pierre de Coubertin (aro berriko Joku Olimpikoen aita) saria jaso izan dute, COI-ren (Nazioarteko Olinpiar Komitea) eskutik. Aurretik, bakarrik 10 kirolarik jaso izan dute sari hau Joku Olinpiko historian zehar. Txalo bero bat bi kirolari apart hauentzat emandako ereduagatik!
Kirolan zein bizitzako esparru guztietan, gogoratu beti: irabaztea ez da garrantzitsuena. Froga edo partida bakoitzeko irabazle bakarra dagoela pentsa dezakegu baina... ez al dago irabazteko hainbat modurik?
Opor onak izan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina