Kaixo irakurle hori!
Oporrak amaitu egin dira jada eta bueltan gaude pilak kargatuta azken txanpa egiteko prest. Beti bezala, astero gai berri bati buruz idatziko eta hausnartuko dugu balore saioan, pertsona hobeak hezteko eta buruari eragiteko, saio hauekin pertsona ona eta kritikoa izan zaitezen nahi dugulako.
Ez zaigu konformismoa batere gustatzen, ez doa gurekin. Hori dela eta, hirugarren hiru hilabete motz honi hasiera emateko, izan ditzakezun beldurrak kentzea nahi dugu sarrera honekin.
Gogoratzen duzu ikasturtearen hasieran Pigmalion Efektua landu genuela? Eta bigarren hiru hilabetearen hasierako Ezina ekinez egina sarrera? Biek daukate amankomuneko elementua: ESFORTZUA.
Beharbada ekartzen dizugun bideoa ezagutzen duzu, "Buscando a Dory" pelikula ikustera joan zinenean ikusi zenuelako. Piper du izenburu. Ikusita baduzu, ziur gustatu zitzaizula oso, hunkigarria eta samurra baita. Baina beste irakurketa bat egin eta modu desberdin batean ikus dezazun nahi dugu. Horretarako beste ikuspuntu batetik behatzea gomendatzen dizugu, ez geratu bideoaren azalean, begirada sakonagoarekin ikusi. Ea zerbait berri ikusten duzun eta asmatzen duzun zergatik ekartzen dugun... Zer ote nahi dugu landu eta hausnartu? Eta ikusten duzun lehenengo aldia bada, gomendatu dugun moduan ere bai ikusi.
Ikusi ondoren, pistaren bat izango duzulakoan ziur gaude. Orain pentsa zelako lotura izan dezakeen irakaskuntzarekin edo zeure egunerokotasunean eskola mailan egiten duzunarekin... Zerekin konparatu ahal dugu laburmetraiaren hasieran kumeak bilatzen duen amaren babes hori eskolara eramaten badugu adibide hori?
Ariketa polit bat proposatzen dizugu: jarri taldeka eta eztabaidatu ikusitako egoerak. Ondoren, egoera horiek abiapuntu moduan hartu eta eskola eremuarekin zerikusia duten adibidea jarri. Babesa, porrota, beldurra eta ausardia agertu behar dira.
Nagusion babesa beharrezkoa da, baina iritsi da zeu hegoak zabaltzeko momentua eta astintzen hastea bakarrik hegan egiten ikasteko. Eroriko zara eta kolpeak hartuko dituzu, horiek porrotak dira, beharrekoan direnak guztion bizitzan aurrera egiteko. Porrot baten ostean, beldurra izatea normala da, guztioi gertatzen zaigu. Baina ez dugu ezer konpontzen ez bagara mugitzen. Porrotak balio behar zaizkigu hurrengoan hobeto egiteko, beldurra kentzeko eta horretarako ausartak izan behar dugu. Egoera zailetatik beti ikasi behar dugu zerbait eta arazoak gainditzen saiatu behar dugu, bestela ez dugu lorpen handirik izango...
Bi hilabete eskas gelditzen dira ikasturtea amaitzeko. Horregatik, beldurrak kendu gainetik, pisu handia daukate eta! Ausarta izan eta helmugarantz abiatu indar osoaz!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina