2017/04/27

BESTE FUTBOL BAT POSIBLEA DA


Kaixo lagun hori!

Oporretan joan baino lehen, idatzi genuen azkenengo sarrera kirola eta futbolarekin lotuta zegoen. Egunotan, nahiz eta oporretan egon, trasteatzen ibili gara eta sare sozial batean oso bideo interesgarri bat aurkitu dugu (eskerrik asko Eba!) zurekin partekatzeko.

Aipatutako sarreran, baloreak kirolean lantzen genituen. Honek, baloreekin ez dauka lotura zuzena, baina askotan landu dugun gai batekin bat dator: genero berdintasunarekin. Futbola eta genero berdintasuna normalean ez datoz bat, baina hemendik oso gertu, Eibarren hain zuzen, lortzen ari dira. Klubaren gestioa emakumeek eramaten dute, gaur egun langileen erdia baino gehiago emakumeak dira. Ikus dezagun zelan beste futbol bat posiblea den!





Beste talde batzuek aurrerapenak egin dituzte ere bai genero kontuetan. Horrela, adibidez, Athletic-ek izan zuen Ana Urkijo Elorriaga Klubeko lehendabiziko emakume presidente, bigarrena Espainiako futbol liga txapelketan izanik, Rayo Vallecanoren Teresa Rivero eta gero.

Baina bidea ez da erreza izaten, ez gestio postuetan ezta jokalarientzat ere. Ezin dugu ahaztu iaz zer gertatu zen Athletic-en neskekin liga irabazi zutenean. Ez zuten jaso behar bezalako tratamendua eta La Sexta telebistak hurrengo aldarrikapena egin zuen: 





Pena bat da azkenean merezitako errekonozimendua egin ez izana. Hala ere, ez dago zalantzarik, haien lorpena itzela izan zen eta gabarra ateratzea merezi zuten.

Baina Athletic Emakumezkoen taldea ez da lorpen handiak garatzen dituen bakarra. Gugandik oso gertu, San Inazio auzoko talde bat Iberdrola Ligara, hau da Emakumezkoen Lehenengo Mailara, igotzeko play-off jokatzeko sailkatu egin da lehenengo aldiz sortu zenetik. Hemen duzue berri honen informazioa (ikusteko irudian sakatu).




Espero dugu haiek animatzera hurbiltzea eta zelaia betetzea indarra emateko. Aurrera neskak!!! Ingelesez esaten den moduan, zerua da muga bakarra!!!

Amaitzeko El Hormiguero telesaioaren gaurko gaiarekin lotutako esperimentu soziala partekatu nahi dizugu. Besterik gabe, ikus dezagun zer gertatzen den!





Ziur zu ere aho bete hortz utzi zaituela Brendak bere abileziarekin. Baina, zergatik harritzen gara? Zergatik emakumezko bat ezin da futbolean aparta izan? Futbola ez da gizonezkoen kontu bat soilik,. Beste gauza batzuk bezala, gizarte matxista honek gizonezkoei egokitu zaie kirola orokorrean, baina guztion lana da estereotipo horiek baztertzea eta berdintasuna lortzea. Eskoletatik gehiago landu beharko zen kontu hau, eta ez bakarrik azaroak 25ean edota martxoak 8an. 

EGUNEROKO LANA DA GENERO BERDINTASUNA ETA GUZTIONA!


2017/04/26

IN MEMORIAM


Kaixo!

Ezaguna egiten al zaizu margolan hau? Oso artelan ezaguna da eta geure historiarekin lotura estua dauka.




Gernika du izenburu eta Pablo Picassok gaur dela 80 urte Gernikan gertatutakoa bertan irudikatu zuen, hau da, 1937ko apirilaren 26an Espainiako Gerra Zibilean izandako Gernikako bonbardaketa irudikatzen du artistak. Hainbat lekutan egon da ikusgai eta gaur egun, Madrilgo Reina Sofía museoan dago. Beti aldarrikatu da Gernikan egun behar duela baina momentuz ez da lortu...

Espainiako Errepublikak beste artista batzuei eskatu bezala, Picassori ere Parisko nazioarteko erakusketarako enkargatu zion margolana. Picassoren 'Guernica' lanaren inguruko bideoa jarraian duzu:




Wikipediak hainbat datu ematen digu arte margolan honi buruz. Jarraian sinboloen interpretazioa luzatzen dizuegu:

Koadroan bederatzi sinbolo daude irudikatuta: sei gizaki eta hiru animalia (zezena, zaldia eta usoa). Ezkerretik eskuinerazko norabidean, honako hauek dira pertsonaiak
  • Zezena: Irudian ezkerrean agertzen da, gorputz iluna eta burua zuria. Zezenak, Picassoren sinbolismoan, “basakeria eta iluntasuna” adierazi nahi ditu.
  • Ama seme hilarekin: Zezenaren azpian kokatuta, babestuta balego bezala, aurpegia zerura begira. Bere mihia zorrotza da. Besoetan semea dauka hilik.
  • Usoa: Zaldia eta zezenaren artean kokatuta dago, ez da ondo ikusten. Hegala jaitsita dauka. Hala eta guztiz ere, bakearekin erlazionatzen da.
  • Soldadua: Egia esanda, buru, beso eta aztarnak ikusten dira. Esku bat zabalik dauka eta bestean ezpata eta lore bat dauzka, itxaropen izpi bat bezala interpreta litekeena.
  • Bonbila: Irudi honek intriga esnatzen du. Koadroaren erdian kokatzen da eta kritikoek bonba sinboloarekin erlazionatzen dute, beste teoria bat zientzia eta elektronika aurrerapenekin lotzea da.
  • Zaldia: Konposizioaren erdian. Bere gorputza eskumara begira dago, baina buruak ezkerraldera begiratzen du, zezenak bezala.
  • Emakumea belauniko: Beste bertsio bat; emakumea zaurituta dago eta zaldiarengana doa deskantsatzeko.
  • Emakumea kriseiluarekin: Gela argiztatu egiten du.
  • Sutan dagoen etxea. Picassok espresibitate gehiago lortzen du pertsonaien xehetasunak azpimarratuz lerro soilen bitartez.
  • Gizona erreguka. Gizon bat agertzen zaigu zerura begira abioiei erregutzen bonbardaketa bukatzeko.
  • Gezi zeiharra. Zaldiaren ipurmasailen azpian kokatuta. Hildakoaren arimaren sinboloa izan daiteke, gorantz doala.
Ez badituzu elementu guztiak ikusi, ez kezkatu, hurrengo bideo honek lagunduko dizu:




Hau lantzeko modu desberdinak egongo direlakoan gaude, baina erreza eta ikusgarria den bat otutzen zaigu eta proposamena luzatzen dizugu: irudi interaktiboa sortzea eta elementu horien azalpena bertan txertatzea. Animatuko zinateke egiten eta gurekin elkarbanatzen? Zure esku uzten dugu...

Berria egunkariak kontatzen digu Euskal Herriko historian egun seinalatua dela Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutenekoa. Urteurren berezi hori oroitzeko ekitaldi ugari izango dira egunotan. Atzo, jada, Gernikarekin batera Japoniako Nagasaki hiria oroitu zuten, eta bi gertakizunetatik bizirik atera zirenen testigantzak entzun ahal izan ziren.

Berriak, aipatutako albisteaz aparte, webgune berezia ere osatu du informazio anitzarekin. Gehiago jakin nahi baduzu gertaera honetaz, webgunea bisitatu.

Amaitzeko oilo-ipurdia jarri digun bideoa ikustea proposatzen dizugu.





Zoritxarrez, munduko hainbat lekutan horrelako sirenak entzungo dira egunero, espero dugu salbu jarri ahal izatea jendea eta Gernikan gertatu zena duela 80 urte sekula ez dadila inon berriro gerta... Berriro ere edozein indarkeriaren motatako aurkako jarrera ozen azaldu nahi dugu hemendik.


2017/04/24

AZKEN TXANPA


Kaixo irakurle hori!

Oporrak amaitu egin dira jada eta bueltan gaude pilak kargatuta azken txanpa egiteko prest. Beti bezala, astero gai berri bati buruz idatziko eta hausnartuko dugu balore saioan, pertsona hobeak hezteko eta buruari eragiteko, saio hauekin pertsona ona eta kritikoa izan zaitezen nahi dugulako. 

Ez zaigu konformismoa batere gustatzen, ez doa gurekin. Hori dela eta, hirugarren hiru hilabete motz honi hasiera emateko, izan ditzakezun beldurrak kentzea nahi dugu sarrera honekin. 

Gogoratzen duzu ikasturtearen hasieran Pigmalion Efektua landu genuela? Eta bigarren hiru hilabetearen hasierako Ezina ekinez egina sarrera? Biek daukate amankomuneko elementua: ESFORTZUA.

Beharbada ekartzen dizugun bideoa ezagutzen duzu, "Buscando a Dory" pelikula ikustera joan zinenean ikusi zenuelako. Piper du izenburu. Ikusita baduzu, ziur gustatu zitzaizula oso, hunkigarria eta samurra baita. Baina beste irakurketa bat egin eta modu desberdin batean ikus dezazun nahi dugu. Horretarako beste ikuspuntu batetik behatzea gomendatzen dizugu, ez geratu bideoaren azalean, begirada sakonagoarekin ikusi. Ea zerbait berri ikusten duzun eta asmatzen duzun zergatik ekartzen dugun... Zer ote nahi dugu landu eta hausnartu? Eta ikusten duzun lehenengo aldia bada, gomendatu dugun moduan ere bai ikusi.





Ikusi ondoren, pistaren bat izango duzulakoan ziur gaude. Orain pentsa zelako lotura izan dezakeen irakaskuntzarekin edo zeure egunerokotasunean eskola mailan egiten duzunarekin... Zerekin konparatu ahal dugu laburmetraiaren hasieran kumeak bilatzen duen amaren babes hori eskolara eramaten badugu adibide hori?

Ariketa polit bat proposatzen dizugu: jarri taldeka eta eztabaidatu ikusitako egoerak. Ondoren, egoera horiek abiapuntu moduan hartu eta eskola eremuarekin zerikusia duten adibidea jarri. Babesa, porrota, beldurra eta ausardia agertu behar dira. 

Nagusion babesa beharrezkoa da, baina iritsi da zeu hegoak zabaltzeko momentua eta astintzen hastea bakarrik hegan egiten ikasteko. Eroriko zara eta kolpeak hartuko dituzu, horiek porrotak dira, beharrekoan direnak guztion bizitzan aurrera egiteko. Porrot baten ostean, beldurra izatea normala da, guztioi gertatzen zaigu. Baina ez dugu ezer konpontzen ez bagara mugitzen. Porrotak balio behar zaizkigu hurrengoan hobeto egiteko, beldurra kentzeko eta horretarako ausartak izan behar dugu. Egoera zailetatik beti ikasi behar dugu zerbait eta arazoak gainditzen saiatu behar dugu, bestela ez dugu lorpen handirik izango...

Bi hilabete eskas gelditzen dira ikasturtea amaitzeko. Horregatik, beldurrak kendu gainetik, pisu handia daukate eta! Ausarta izan eta helmugarantz abiatu indar osoaz!


2017/04/08

IJITOEN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo!

Nahiz eta oporretan egon, gaurko eguna aipagarria dela uste dugu. Ijitoen nazioarteko eguna da hain zuzen, eta gure eguneroko  omenaldia eskaini nahi diegu. Gaurko sarreran herri honen inguruko hainbat kontu berri ikastea espero dugu. Adibidez: ba al zenekien 1430 urtearen inguruan ijitoak Euskal Herrira etorri zirela? 




Eta hasieran oso artisau ospetsuak zirela? Gaur egun, gure herrietako hainbat jai herrikoien artean, ijitoekin lotura zuzena duten batzuk ospatzen dira, adibidez, Donostian, kaldereruena.












Urrunetik etorritako artisauen hizkuntza Caló zen, eta gurea Euskara. Talde bien arteko komunikazioari ekiditzeko, erromintxela sortu zen. Hemen uzten dizkizugu adibide batzuk, agian baten bat ezaguna egingo zaizu...

Ama: batia
Aita: batoa
Burua: keroa
Eskua: basta
Hanka: pindrua
Izena: txipa
Etxea: kera
Denda: mertxa
Handia: baroa
Txikia: txinoa
Polita/ederra: pukerra
Ona: latxoa
Ura: pañia
Esnea: xuta
Txakurra/Polizia: txukela
Katua: txitxaia
Lan egin: kurratu
Eskatu: mangatu
Maitatu: piratu
Edan: piautu
Joan: najel egin
Begiratu: dikelatu
Egin: kerau

Etnia guztietan jende ona eta jende txarra dago, pertsonak garelako. Gure artean harreman hobeak izateko bi hitz dira garrantzitsuenak: errespetua eta ezagutza. Ezagutu behar ditugu besteen kultura, egoera, tradizioak... ezberdintasunak errespetatuz. Horrela lortuko dugu bestearen errespetua eta interesa.

Zorionak ijitoei, ijitoekin lan egiten duten pertsonei eta ijitoak ezagutzen ahalegintzen direnei. Aupa zuok!



2017/04/06

KIROLAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo balorezale hori!

Unescok apirilaren 6a izendatu zuen Garapenerako eta Bakerako Kirol eta Jarduera Fisikoaren Nazioarteko Eguna. 

Maiz ikusten dugu jendeak kirola aitzakiatzat erabiltzen duela bere alderik txarrena plazaratzeko. Udan, futboleko Eurokopan hain zuzen, hooligan-ek behin eta berriro sortzen zituzten borrokak, iskanbilak… baina ez bakarrik erradikalak, beste hainbat zalek txiroei burla egiten zieten txanponak botatzen beraiek txanponen atzetik zelan egiten zuten korrika ikusteko. Ikusi dezakegunez, indarkeria motak amaituezinak dira, eta hori bakarrik hilabete bateko txapelketa batean. Zorionez, kirolaren munduan, kontrakoaren hainbat eredu ditugu, nahiz eta telebistan edo egunkarietan oso sarritan ez agertu. Antza, Cristiano Ronaldoren azken kotxea edo Messiren azken orrazkera askoz garrantzitsuagoak dira…

Gaurko saio honetan ez dugu ezkorrak izan nahi, horregatik luzatuko dizkizugu hainbat eredu onen inguruan jasotako berriak.

Kirol guztietan egin behar den lehenengo gauza beroketa da, oso atal garrantzitsua lesioak saihesteko. Hau da, prebentzioa hortik pasatzen da. Gure gaurko sarreran, beroketa moduan, txartel beltzaren erabilera azaldu nahi dizugu. Agian txartel hau ez da oso ezaguna gure artean, baina orain dela 3 ikasturte, 2013-14 ikasturtean, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri zuen Eskola Kirolaren Futboleko maila guztietan. 

Nolako erabilera dauka? Ateratzen den lehenengo aldian informatzeko erabiliko da, hau da, mundu guztiak jakingo du, zelaian eta jarduera beran, jarrera ez hezitzaileak garatzen ari diren berri emango du eta bigarren aldiz atera behar bada, lehiaketa bera bertan behera utziko dela. 

Hau gertatu ezkero, partiduaren aktan gertatutako guztia idatziko da eta ondorioak egongo dira.





Ba al zenekien existitzen zela? Inoiz ikusi al duzu txartel hori erabiltzen jokalari edo ikusle moduan?
Ez dakigu txartel hori nahi dugun eragina izango duen baina, zorionez, badaude ume kirolari batzuk ez dutenak behar. Besteak beste hurrengo bideoan agertzen dena. Egon erne!




Zer deritzozu ume honen ekintzari? Inoiz ikusi duzu horrelako egoerarik, non bi heldu eztabaidatzen hasi egiten diren? Ikustekotan, zer egingo zenuke? Bideoan kazetariak oso esaldi polita erabiltzen du bukatzeko: “Eskerrak oraindik umeak ditugula, beraien begirada garbiarekin eta arauekiko errespetuarekin”. Ea denon artean jarrera desegokiak eta tranpatiaren rola kiroletik at uzten ditugun!

Beroketa egin ondoren, entrenamenduaren atal nagusiari edo partiduari ekiten diogu. Metafora honekin azaldu nahi duguna da txikitatik kiroleko baloreak ondo garatuta egon ezkero, kiroltasuna ere jorratu egingo dela. Hau irudikatzeko, hurrengo albistea luzatzen dizugu:




Hemendik klub biei bidali nahi diegu gure txalorik beroena. Hau bai da kiroltasunaren eredu aparta. Aupa Caudal eta Urraca!

Batzuetan, klubek, oso ondo ulertzen ez diren erabakiak ere hartu behar dituzte, eta hori gertatu zen Madrilgo ikastetxe batean. Irakur dezagun albistea.

Zer deritzozu ikasleek beste taldekoekin izandako jarrerari? Eta zuzendariaren erabakiari? Agian ondorio itzela izan zen baina, seguruaski, ikasitakoa ez dute inoiz ahaztuko, ez duzu uste?

Partidetan, askotan, epaliea kritika guztien jomuga bihurtzen da baina, noizbehinka, alderantziz gertatzen da… Cordobako epaile batek, itotzen ari zen jokalari bat lagundu zuen. Berari esker jokalaria bizirik jarraitzen du. Hau zela eta, Athletic-ek gutun bat bidali zion epaileari bere jarrera eskertzeko, nahiz eta talde zurigorriek interesik ez izan, partida ez baitzuen jokatzen. Epaileek Athletic-i eskertu egin zioten bere gutuna. Hemen luzatzen dizugu berriaren lotura.

Resultado de imagen de athletic bilbao arbitro cordoba


Partida edo entrenamendua bukatu ondoren, luzamenduak eta baretzeko ariketak datoz. Fase honek, gure metaforan, balio du ondo jarritako oinarri baten etekinak ikus daitezkela irudikatzeko.

Hau hobeto ulertzeko, beste albiste bat luzatu nahi dizugu. Goazen aztertzera!

Aurten, Italiako futboleko 2. mailan, historiako lehenengo txartel berdea atera zuen epaile batek. Txartel honen helburua jolasaren onurako jarrerak saritzea da. Ez da zelaian ateratzen, baina bai adierazten da aktan eta jokalariak sari ekonomiko bat jasotzen du epaileari laguntzeagatik.





Zer deritzozu horrelako ekintzari? Gorago komentatu dugu txartel beltzak lagundu ahalko zuela baina, zure ustez berdeak gauza bera lortuko du? Zure ustez sari ekonomikorik egon beharko zen?

Udan, Eurokopa ez ezik, Joku Olinpikoak ere antolatuak izan ziren, hauek Rio de Janeiro-n. Han gertatutakoarekin bukatuko dugu gure gaurko sarrera. 

Atletismoko 5000m-ko final aurrekoan, bi korrikalarik talka egin zuten eta erori egin ziren. Ikus dezagun zer gertatu zen…




Beraien kiroltasunez beteriko jarreragatik Pierre de Coubertin (aro berriko Joku Olimpikoen aita) saria jaso izan dute, COI-ren (Nazioarteko Olinpiar Komitea) eskutik. Aurretik, bakarrik 10 kirolarik jaso izan dute sari hau Joku Olinpiko historian zehar. Txalo bero bat bi kirolari apart hauentzat emandako ereduagatik! 





Kirolan zein bizitzako esparru guztietan, gogoratu beti: irabaztea ez da garrantzitsuena. Froga edo partida bakoitzeko irabazle bakarra dagoela pentsa dezakegu baina... ez al dago irabazteko hainbat modurik? 

Opor onak izan!


2017/04/02

APIRILAK 2: AUTISMOAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo irakurle hori!

Gaur, apirilak 2, autismoaren nazioarteko eguna da eta, geure eskoletan transtorno hau daukaten umeak daudenez eta ezjakintasun handia dagoenez, zabaldu nahi dugu horri buruzko informazioa.

Hasteko bitxikeria bat: ba al zenekien autismoaren kolorea urdina dela? Eta gaurko egunean munduko eraikin xelebreak urdinez argitzen dituztela? Guk ez genekien eta egunaren inguruko informazioa bilatzen ezagutu dugu.

EITBko hurrengo albisteak pista batzuk ematen dizkigu autismoaren inguruan:




Hurrengo bideo hau aurteko kanpainia ofiziala da, existitzen diren oztopoak apurtu nahian:





Ikusten duzunez, pasa den astean argitaratu genuen "Etiketak" izeneko sarrerarekin lotura handia dauka, askotan, jakin gabe epaitzen dugulako... Ez dakigu autista bat ezagutzeko aukera izan duzun, horrela bada, ziur gaude konprobatu duzula oso pertsona bereziak direla eta zerbait ikasi duzula berarengandik.

Bideo hau oso abesti politarekin eginda dago eta TEAren inguruko 10 kontu argitzen dizkigu. Entzun eta irakurri arretaz!:




Azken finean, pertsonak dira, gu baino zailtasun eta berezitasun gehiagorekin baina PERTSONAK baino ez!

Amaitzeko, autismoa zer den azalpen polita. Hobe ikustea azaltzea baino!




Sarrera honekin PERTSONA aparta hauek hobeto ezagutzea espero dugu.