2017/01/25

NORBERAREN MOTXILA


Kaixo balorezale hori!

Ikasturtea aurrera doa, gai asko landu ditugu dagoeneko hemendik, baina kontu asko hausnartzeko eta ikasteko dituzu oraindik ere. Guk jarraitzen dugu ekarpen aberasgarriak bilatzen zurekin gogoeta egiteko eta ikasketaren bat egin dezazun.

Hasi baino lehen, ariketa praktikoa luzatuko dizugu. Zure irakasleak paper bat emango dizu, bertan, marraztu beharko duzu ondorengo irudia:





Segur aski 3 zenbakia dela pentsatuko duzu, baina erratuta zaude eta egiaztatuko dizugu: emaizkiozu bira batzuk paperari, ikusi alde ezberdinetatik, eta, irudi horretan oinarrituta, egin marrazki bat. Gehienez 5 minutu izango dituzu horretarako. Zertan bihurtu da? Zure ikaskideen ekoizpenak ikusi ondoren, 3 zenbakia baino ez dela pentsatzen jarraitzen duzu? Besteek plazaratu dituzten ideia guztiak bururatu zaizkizu zuri ere bai edo baten batek harritu zaitu? 

Momentuz ez diogu marrazkiari garrantzi gehiagorik emango. Aurrerago hartuko dugu berriro, baina orain jakin nahi dugu, sarreraren izenburua irakurrita, zer datorkizun burura eta sarrera zertan datzala uste duzun. Hau da, hipotesiak egingo dituzu. Geroago, bideoa amaitu ostean, konprobatuko dugu asmatu egin duzun... Ezer esan baino lehen, ez ahaztu baloreetan oinarritzen garela beti eta egindako marrazki horrek zerikusia duela bideoarekin.





Orain, egiazta dezagun hipotesirik bete egin den. Bideoa ikusi ahala, susmatzen zenuen horrela amaituko zela? Zelako amaiera espero zenuen? Zergatik hautatu dugu izenburu hori? Ulertzen duzu ikusitakoarekiko loturarik? 

Argi dago pertsona bat epaitu baino lehen, pertsona horrek atzean duen guztia jakin beharko genukeela, ezta? Askotan ez dakigu eta ez dugu zertan jakin behar ere; beraz, kontuz ibili beharko genuke esaten eta egiten dugunarekin, guzti-guztiok motxila gainean daramagulako, batzuk beteago beste batzuk baino, baina azken finean, bakoitzak dauka berea. Ez da lan erreza, noski! Baina informazio eskasa izanda, aurreiritzia bota baino lehen, hobe ahoa itxita mantentzea. Horrelako egoera batean egonez gero, espero dugu bideo hau burura etortzea eta, gutxienez, geldiaraztea eta pentsatzea mintzatu baino lehen.

Baina hau ez da bideo honetatik atera daitekeen ondorio bakarra, ez...

Demagun beste neskak zigorra ederra jasotzen duela egindakoagatik, hobeto sentituko zen Mariana hori jakinda? Zigorra soilik lagungarria da? Zer egin genezake erasotzailearekin ulertarazteko egin duena ez dagoela ondo eta ikas dezan hurrengoetan hobeto jokatzen besteekin?

Mundu guztiak ondorio berdina jaso beharko luke eraso egiteko "arrazoioa" izaten dena izaten dela?

Orain arte erasotzaileari buruz ari izan gara, baina ezin dugu ahaztu Mariana zelan senti daitekeen. Kasu honetan Marianak bakarrik aurkitu du erasotzaileak horrela jokatzearen zergatia, baina beti ez daukagu aukera hori... Horrela izatekotan, zelan jokatu ahal dugu? Ezin garenez besteen bizitzan sartu, gure ustez, onena da pentsatzea besteak ez duela apropos egiten eta bere motxilak ez diola uzten behar bezala jokatzen. Beharbada horrek apalduko du gure mina eta aurre egin ahal izango diogu egoerari modu egokian. Horrek ez du esan nahi zama astuna eramateagatik bidezkoa denik txarto jokatzea eta baimena dugunik nahi duguna egiteko. Ezta pentsatu ere!

Hau guztia aztertu ondoren, marrazkiaren jarduerari ekingo diogu. Zer nolako lotura dauka aztertu dugun guztiarekin? Hasierako 3 hori zertan bihurtu da? Zergatik? Zerbaiten zati bat baino ez badugu ikusten, ez genuke epaitu behar osorik ikusi gabe, ez duzu uste? Baina gehiago ikusteko, ahalegin handia egin behar dugu. Pentsa ezazu orain gogoko ez duzun pertsona batengan eta galdetu zeure buruari pertsona horren istorioa ezagutzen duzun. Beharbada honek laguntzen zaitu zentzuz jokatzen eta geldiarazten zaitu ezer esan baino lehen. Hala izatea espero dugu behintzat!

Guk uste dugu ondorioztatu ahal dugula premiazkoa dela bestearen zapatetan jartzea, pelikula bere ikuspuntutik ulertu ahal izateko. Jarraian txertatuko irudiek oso ondo adierazten dute ideia hori:






Gaurko sarrerarekin espero dugu kontu batzuen ikuspuntu zabalagoa izatea eta besteen egoerak modu desberdinean ikustea, enpatia handiagoa izatea, alegia.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina