2019/02/11

ZIENTZIAREN ARLOKO EMAKUME ETA NESKATOEN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo irakurle hori!

Gaur, otsailaren 11 guztietan bezala txoko txiki eta xume honetatik bat egiten dut Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunarekin. Ez dakit zelako oihartzunik izango duen nire mezuak, zenbat pertsonenganaino iritsiko den eta zenbatengan eragina izango ote duen. Baina gai honetaz hausnartzea komenigarria dela uste dut. Bai eskolan bai etxean erantzukizun itzela daukagu berdintasunaren gaiarekin.

Jarraian "Ez da pertzepzio bat" bideoa luzatzen dizut, ekoizpen honen bidez salaketa egin nahi zuten eta esku hartzeko eta batik bat lan egiteko deia zabaldu. Gizon eta emakumeek eskubide eta aukera berberak izango dituzten gizarte bat lortzeko lanaren aldeko deia da. Iazko bideoa da eta Euskal Herriko Unibertsitatean grabatua izan zen bertako bost zientzialari eta ikertzaileren parte-hartzeari esker: 
  • Itziar Alkorta, biokimikaria.
  • Arantza Aranburu, geologoa.
  • Gotzone Barandika, kimikaria.
  • Txelo Ruiz, informatika-ingeniaria.
  • Ana Zubiaga, genetista.



Hurrengo bideo honetan, "Nire alabak ingeniaria izan nahi du" izenekoa,  ingeniaritzako karreretara jotzeko orduan mutil eta nesken artean dagoen alde handian zentratu nahi izan du EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, bai eta arrail horretan estereotipoek duten eraginean ere.

Umorea tresna gisa erabiliz, karrera hautatzeko orduan, neskatoei kontzienteki edo inkontzienteki transmititutako estereotipoek izan dezakete eragina agerian utzi nahi izan da.





3. urtea da egun honen berri ematen dudala blog honetan eta posiblea den heinean, jarraituko dut desberdinasunaren alde aldarrikapenak egiten, horrelako egunak ospatzeko beharra desagertzeko nahiarekin. 

Material gehiago nahi izanez gero, hona hemen aurreko urteetako sarrerak. Bota begirada bat, bideo eta datu interesgarriak daude eta!:

2019/02/06

EMAKUMEEN GENITALEN MUTILAZIOAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo irakurle hori!

Gaur, otsailaren 6an, Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Askotan genero berdintasunaz eta giza eskubideez aritu izan da blog honetan eta ablazioak bi gai hauek biltzen ditu.

Datu harrigarri batzuekin hasiko naiz:
  • Urtean bi milioi neskei egiten diete ablazioa; egunero 6.000 dira sufrimendu hori pairatzen dutenak; minutu batean bost emakume hain zuzen ere. 
  • Guztira, 130 milioi neska eta emakumek jasan dute ablazioa mundu osoan zehar eta jarraitzen dute egunero tradizio honekin herrialde ezberdinetan. 
  • Afrikako 28 herrialdeetan eta munduan beste hainbat herrialdeetan (Arabia Saudi, Yemen, Malaysia, Indonesia eta India adibidez) oraindik ere tradizio honekin jarraitzen dute. Gainera, azken urteotako migrazioaren ondorioz, Australia, Kanada, Zelanda Berria, Europa eta Ameriketako Estatu Batuetako leku askotan ere ablazio kasuak eman dira.
Hotzikara sortzeko moduko datuak, ezta? 

Jarraian txeratutako bideoak ere oilo-ipurdia jarriko dizu, erne egon!:




Ea ez diren urte asko igaro behar egun hau sekula ez berriro ospatzeko...

2019/01/09

EGUNON MUNDO!

Aspaldiko irakurle hori!

Itxaropenaz betetako abesti batekin bueltatzen naiz (eskerrik asko Meritxel!). Kantak dioen bezala, nik ere nire momentuak ditut eta pozik, triste eta indartsua, guzti hori naiz etengabe, etengabe... Ni neu naizena izanik esku betez bihotz biziz #muxotepotolobat eta Gari abeslariaren ekoizpen hau partekatu nahi dizut. Ez inoiz galdu itxaropena, beti dago norbait gure ondoan egongo dena bizitzari zurrut egiteko.

Ez ahaztu, bakarra zara mundu honetan, beraz, zu zeu izan, eta goizero altxatzen zarela, egunon mundo ozen oihukatu, eskertuz aurrera egiteko beste aukera bat oparitzen dizula bizitzak. 





2018/11/22

EUSKARALDIA: BESTE ERRESPETU MOTA BAT

Kaixo irakurle hori!

Blog honetan askotan jorratu da errespetuaren gaia. Gaur, berriro ere ekartzen dizut baina beste ikuspegi batetik. Hain zuzen ere, Euskaraldiaren atean gauden momentu honetan, geure hizkuntzarekiko errespetua adierazten duen istorio bat ekartzen dizut.





Jonek euskara ikasteko ahalegina egin zuen bere semeak berdintasunean, aniztasuna errespetatzen, gauza txikiak maitatzen eta albokoak zaintzen hezi nahi dituelako.

Amaitu nahi dugu egiten duen gogoetarekin:

"Bide errez eta laburrena ez da izaten biderik onena. Gauza politek esfortzua exigitzen dute. Baina gero, datorrena askoz ederragoa da."


Mr Euskaldunen irudi alai honekin agurtzen zaitut, ahobizi edo belarriprest hori!


@mreuskaldun

2018/11/15

MIKROMATXISMOAK

Kaixo balorazale,

Azaroak 25 gertu dago eta laster hasiko gara egun horren inguruko informazioa jasotzen. Iaz gai honi emandako trataera ikusi nahi baduzu, klikatu hemen. Aurten finagoa den indarkeriari erreparatuko diogu, mikromatxismoei hain zuzen ere.

Definizioz, gure egunerokotasunean jasaten eta eragiten ditugun eraso matxista ikusezin eta baliogabetuak dira. Edonon topa ditzakegu: kalean, dendetan, tabernetan, geure etxeetan baita geure artean ere! Kontuz ibili behar dugu, horrek eragina baitauka geure bizitzengan. Batzuetan ikustezinarena egiten dugu edo zama kendu nahi diegu... Kezkagarria benetan oraindik ere horrelakoak gertatzea!

Oraindik ez baduzu irudikatzen zehatz-mehatz zertaz ari garen, hona hemen bideo labur bat oso ondo azaltzen duena zertan dautzan eraso hauek.





Ulertu al dituzu guztiak? Ezagunak egiten zaizkizu? Gehiagorik bururatzen al zaizu?

Hurrengo bideoan, DBHko ikasle batzuk horrelako egoera eta beste batzuk antzezten dituzte mikromatxismoak zer diren azaltzeko. Aupa zuek!





Horrelako egoerak gero eta gutxiago gertatzea espero dut. Bururatzen al zaizu nola saihestu? Zer egin genezake?


2018/11/08

ETA ZUK ZER PRAKTIKATZEN DUZU?

Kaixo!

Askotan helarazi dut blog honetako hainbat argitalpenetatik, hemen egindako gogoetekin mundua hobetzeko itxaropena daukadala. Zuetako gutxi batzuengana iristeko gai banaiz eta nire ekarpenekin pertsona hobeak izaten laguntzen badut, astero ematen dudan denborak merezi du. Inoiz ez dut jakingo hala den, baina ideia horrek laguntzen dit aurrera egiten.

Hezkuntza sistemak askotan alde batera uzten ditu garrantzitsuak diren bizitzako alor eta egoera pertsonaletan, sozialetan, akademikoetan eta lanekoetan, arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar diren konpetentziak. Honekin, betiko arloak baztertzen ari naiz eta indarra eman nahi diet elkarbizitzari, ekimena izateari, sentimendu, pentsamendu eta ekintza pertsonalez gogoeta egiteari... Hori da hain zuzen, hemen lantzen den guztia.

Zuk, irakurle hori, etorkizuna eraikiko duzu eta horretarako jarrera oso garrantzitsua da. Bizitzarako jarrera egokia beharrezkoa da edozein egoeratan, eta hiru umek azalduko digute hurrengo bideoan (eskerrik asko, Leire!):





Zein azalpen argia, ezta? Izan presente ume hauek errepikatzen duten ideia:

"Egunero praktikatzen duzun horretan, oso ona bihurtuko zara"


Orain zure esku dago alaitasuna, errespetua edo zoriona praktikatzea horretan aditua bihurtzeko, eta beste alde batera utzi protestatzea, alde txarra topatzea, haserretzea, kezkatzea oraindik gertatu ez den edozein gauzagatik... 

Nola bizi izango duzu lasaiago? Ohartzea lortu baduzu, lehenengo urratsa emanda daukazu!

Orain, praktikatzera!

2018/10/31

ARIMEN GAUERAKO MOZORROAK

Kaixo balorazale,

Ez naiz Halloween egunaren bat ere zale. Izan ere, duela urtebete sarrera egin nuen jakinarazteko euskal kulturan ohitura hau aintzinean ospatzen zela eta gaur egun leku batzuetan berreskuratzeko saiakera egiten ari dela.

Ezjakintasun handia dago egun honen inguruan, gehienek uste dute Estatu Batuetako tradizioa dela baina ez da horrela, jatorria Irlandan omen dago. Duela 1.900 urte inguru hasi zen ospatzen zelta herriaren eskutik...

Gaur egun, gure ingurua guztiz kutsatuta dago, ospatu egiten da baina ez dakigu zer den ere. Kultura apur bat ez datorkigu txarto, baina hobe etxetik hasi, hori dela eta iazko sarrera ez baduzu ikusi, hona hemen Arimen gaua ikusteko aukera.

Aurtengo ekarpena, hurrengo bideoa da, aitzakia da berdintasuna eta askatasuna aldarrikatzeko.




Gaur mozorratzen bazara, libre sentitu jantzia aukeratzeko orduan eta besteenak errespetatu. Eta etxez etxe bazoaz, gutxienez "ziria edo saria" euskal esamoldea erabili!

2018/10/26

TXIMELETA-AZALA

Kaixo lagun hori,

Izenburua soilik irakurrita, ondo jotzen du belarrira eta zerbait goxoa ekartzen dizudala eman dezake, ezta? Hurrengo bideoak argituko dizu kontu hori, erne!





Argi dago ez dela zerbait atsegina. Zoritxarrez, jende askok pairatzen du gaixotasun hau eta baztertuak izaten dira. Hori da bideoaren kanpaniaren xedea, agerian jartzea gaixotasuna eta ezagutaraztea ez dela kutsatzen.

Gaixotasun hau, Epidermolisis Bullosa, gaixotasun arraroen barruan dago. Gaitz hau dutenek oso azal ahula dute eta horregatik gaixotasun honi Tximeleta Azala ere deitzen diote.

Jarraian, gaixotasunaren ezaugarri batzuk luzatzen dizkizut:
  • Gorputzeko edozein organori egiten dio eraso, urdailari, esofagoari, hesteei, begieie, ahoari…. Hori dela eta, mota bateko edo besteko ezgaitasunak sortzen dira (fisikoa, psikikoak, sentimenei dagozkienak… ). Gaixotasun kronikoa eta sendaezina da eta dieta espezifiko bat eraman behar izaten dute.
  • 2-4 ordutako sendaketak egin behar izaten dituzte egunero edo bi egunetik behin. Material berezia behar dute, eta batzuetan gorputz guztia estaltzen zaie. Sendaketek beste jarduerak egiteko denbora kentzen die.
  • Beste arazoetako bat, eskuak erabiltzeko gaitasuna galtzea da.
  • Gaixotasun honek ez du fisikoari ezta pairatzen dutenei bakarrik eragiten.
  • Bizitza familiarrean eta laboralean ere badu eragina.
  • Eskolako eta laneko absentismo-indizea ere igo egiten da, hitzordu desberdinak eta ingresoak direla eta. 
  • Erlazio sozialak ere murriztu egiten dira seme alaben zainketan eta ongizatean ardurapean egoteatik.
  • Gaixotasun honen prebalentzia baxuarengatik, ezjakintasuna dago. DEBRA-PIEL DE MARIPOSA elkartetik profesional desberdinak hezitzen dira zainketa hobeak eskeintzeko.
Pairatzen duten egoerak, isolamendu soziala pizten du eta askotan beraien artean bakarrik erlazionatzen dira. Hori dela eta ekarri dizut, ahalik eta gehien zabaltzeko eta ezjakintasunetik ateratzeko.

2018/10/11

NESKATOEN NAZIOARTEKO EGUNA III

Kaixo balorazale,

Egun hau aldarrikatuz zabaldua izan zen blog hau duela 3 urte, eta, zoritxarrez, gauzak ez dira apenas aldatu eta ezin izan da egutegitik kendu.  Jarraian aurreko bi urteetako sarreretan egindako ekarpenak, materialak eta gogoetak dituzu: 2016 eta 2017

Neskatoen Nazioarteko Egunaren xedea bere eskubideak hautematea da baina, batez ere, mundu osoko neskek pairatzen dituzten arazoei aurre egitea, diskriminazioa eta bortizkeria besteak beste.

Egun hau, generoen arteko eskubideak banantzeko beharretik jaio zen 2011 urtean, bada mutilak eta neskak oso desberdinak dira eta arreta erdiratzen du neskek aurrean dituzten erronkei ekiteko eta bere ahalduntzea eta bere giza eskubideak betetzea bultzatzeko beharra.

Adi egon hurrengo bideoari, UNICEFek egina da Hegoamerika eta Cariberako neskentzat (eskerrik asko, MarĂ­a!). Oso adierazgarria da!





Argi eta garbi uzten digu ikusten dena baino gehiago direla neskatilak, onerako eta txarrerako noski. Beharbada, gure inguruan ez dago desoreka nabarmenik eta hau nahiko urrun gelditzen zaizu, baina  neska eta mutilen arteko desoreka existitzen den errealitatea da. Jarraian jarritako bideoan (eskerrik asko, Leire!), krisialdieetan neskek pairatzen duten desoreka salatzen da.




Amaitzeko, Legoren irudi bat luzatzen dizut. Pozgarria da ikustea super heroinak bultzatzen ari direla. Baina, aldi berean, penagarria da paretasuna bultzatu behar izatea umeen jolasen bitartez. Ea egunen batean lortzen den hain beharrezkoa den oreka hori!



2018/10/04

BALOREAK

Kaixo balorezale!

Gaurko sarrera balorezale batzen inguruan izango da. Duela gutxi hasi berri den proiektua aurkezten dizut: baloreak giza balioak Euskal Herriko txoko guztietara musikaren bidez helarazteko sortua, eta 8-14 urte bitarteko bost haurrek osaturiko musika talde bat du ardatz.

Netsanet, Kaiet, Luna, Iradi eta Asier kantua biziki gustuko duten bost neska-mutil dira. Baloreak giza balioei balore handiz helduko dien proiektu berritzailea da. Eta blog hau baloreetan oinarritzen denez, proiektua partekatu nahi dizut. Oso modu polita daukate baloreak helarazteko, musika bitartez. Lehenengo abestia elkartasunaren inguruan, hemendik elkarbizitza etiketapean hainbat aldiz landuta dagoena.

Aupa zuek! Eta zorte on!