Kaixo irakurle hori!
Mozorro garaia iritsiko zaigu laster eta gaur jorratuko dugun gaia, batzuk beti jantzita daramaten mozorroari buruz da.
Ea bideo honek pistaren bat ematen dizun:
Ea bideo honek pistaren bat ematen dizun:
Ziur dagoeneko argi daukazula gaurko gaia berdinen arteko jazarpena edo bullying-a dela. Bideo hau Eusko Jaurlaritzaren Bizikasi izeneko proiektuaren aurkezpena da, horren xedea, bideoan aipatu den moduan, eskola jazarpena egiten dutenei mozorroa kentzea da. Elkarbizitza positiborako eskola-jazarpenaren aurkako ekimena da, eta elkarbizitza positiboa hobetzea eta ikasleengan gaitasun prosozialen garapena sustatzera bideratuta dago. Gure eskoletan jazarpen-kasuak prebenitzeko eta goiz detektatzeko esku-hartzean oinarritzen da.
Jazarpen egoerak gertatzen den kasuetan jazarpena pairatu duen ikaslearekin esku-hartze egokia eskaini behar zaio. Baita jazarpenaren aurrean ikusle papera betetzen dutenei eta jarrera jazarlea duten ikasleei ere. Horiei tresnak eman behar zaizkie eurre egiteko, salatzeko beldurra kentzeko...
Guztiok dakigunez, eskola jazarpena haur eta gazteen artean gertatzen da. Agerikoa da jazarpena pairatzen duenak egoera larria bizi duela eta babesa eta laguntza bermatu behar zaiola, baina ezin dugu ahaztu jazarpena egiten duena, honek ere agerian uzten baitu orientazio beharra duela jarrera jazarlea utz dezan.
Proiektu integral honek jazarpenaren parte guztiekin lan egiteaz aparte, garapen mailakatua izango du, hau da, era antolatuan eta doituan, eskola-jazarpenari aurre egingo dio, eta elkarbizitza positiboa sustatuko da. Horretarako ezinbestekoa da prebentzio neurriak hartzea, Hezkuntza Sisteman diharduten kide guztiak formatu, gaitu, hornitu, eta aberastu, beharrezko ikuskera, gaitasun, trebezia eta tresneriaz, eskoletan izan litezkeen jazarpen kasuei aurre egiteko.
Bizikidetza positiboa eta ustezko jazarpen-egoeren aurrean zero tolerantzia duen inguru segurua eraikiko dugu guztion artean. Eskola askotan dagoeneko hasi da proiektua osatzen eta Bizikidetzaren behatokia sortu da. Ziur zuetakoren batek entzunda daukala.
Guztion artean BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) osatuko dugu, horrela ikasle eta irakasleekin hasita, familiekin eta lagunekin, eta gizarte guztiarenganaino iritsiko da. Guk ere BAT!!
Jarraian beste bideo bat luzatzen dizugu. Hau luzeagoa da eta aholku batzuk ematen ditu jazarpenari aurre egiteko. Harriturik gelditu zarelakoan gaude!
Espero dugu bideoan agertu diren pistak eta trikimailuak baliagarriak izatea erasotzaileak kikiltzeko eta daukaten mozorro hori kentzeko horrelako egoera batean ikusten baduzu zeure burua sartuta.
Ez da lehenengo aldia blog honetan gai hau jorratzen dugunik, hurrengo loturan landutako guztietan aurkituko duzu informazio gehiago nahi izanez gero.
Asteburu ona izan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina