2018/01/29

URTARRILAK 30: INDARKERIAREN KONTRAKO ETA BAKEAREN ALDEKO ESKOLA-EGUNA

Kaixo irakurle hori!

Berriro urtarrilak 30 eta Mahatma Gandhiren heriotzaren urteurrenarekin batera, Indarkeriaren kontrako eta bakearen aldeko eskola-eguna ospatzen da. 

Iazko sarreran, besteak beste, egunaren jatorria azaldu genizun. Gaurkoa, oso xumea izango da baina ezin dugu pasatzen utzi egun hau.  Egia esan, gaurko eguna ospatzeko, eskola askotan arraza, kultura eta erlijio desberdinetako pertsonentzako, bakea eta ulermenaren aldeko ekimenak egingo dira. Ez dago gaizki, ez. Baina gure ustez, haratago doa kontua. Hori dela eta, baloreak lantzeko blog honetatik, jakinarazi nahi dugu bizi garen mundua aldatzeko gai izango den hezkuntza eraldatzaile baten alde lan egiten dugula astero hemen argitaratzen dugun sarrera bakoitzarekin. 

Bide batez, aprobetxatu nahi dugu geure argitalpenekin lanean diharduten hezitzaile guztiak zoriontzeko eta jarraitzen animatzeko.

Oso irudi esanguratsu batekin amaitu nahi dugu sarrera hau. Bansky artistarena da eta gatazkaz beteriko mundu batean zoriontsu eta baketsu bizitzea posiblea dela adierazten du. Bakea norberaren esku dago.


2018/01/25

GUSTUKO EZ DUGUN MOZORROA

Kaixo irakurle hori!

Mozorro garaia iritsiko zaigu laster eta gaur jorratuko dugun gaia, batzuk beti jantzita daramaten mozorroari buruz da.

Ea bideo honek pistaren bat ematen dizun:





Ziur dagoeneko argi daukazula gaurko gaia berdinen arteko jazarpena edo bullying-a dela. Bideo hau Eusko Jaurlaritzaren Bizikasi izeneko proiektuaren aurkezpena da, horren xedea, bideoan aipatu den moduan, eskola jazarpena egiten dutenei mozorroa kentzea da. Elkarbizitza positiborako eskola-jazarpenaren aurkako ekimena da, eta elkarbizitza positiboa hobetzea eta ikasleengan gaitasun prosozialen garapena sustatzera bideratuta dago. Gure eskoletan jazarpen-kasuak prebenitzeko eta goiz detektatzeko esku-hartzean oinarritzen da.

Jazarpen egoerak gertatzen den kasuetan jazarpena pairatu duen ikaslearekin esku-hartze egokia eskaini behar zaio. Baita jazarpenaren aurrean ikusle papera betetzen dutenei eta jarrera jazarlea duten ikasleei ere. Horiei tresnak eman behar zaizkie eurre egiteko, salatzeko beldurra kentzeko...

Guztiok dakigunez, eskola jazarpena haur eta gazteen artean gertatzen da. Agerikoa da jazarpena pairatzen duenak egoera larria bizi duela eta babesa eta laguntza bermatu behar zaiola, baina ezin dugu ahaztu jazarpena egiten duena, honek ere agerian uzten baitu orientazio beharra duela jarrera jazarlea utz dezan. 

Proiektu integral honek jazarpenaren parte guztiekin lan egiteaz aparte, garapen mailakatua izango du, hau da, era antolatuan eta doituan, eskola-jazarpenari aurre egingo dio, eta elkarbizitza positiboa sustatuko da. Horretarako ezinbestekoa da prebentzio neurriak hartzea, Hezkuntza Sisteman diharduten kide guztiak formatu, gaitu, hornitu, eta aberastu, beharrezko ikuskera, gaitasun, trebezia eta tresneriaz, eskoletan izan litezkeen jazarpen kasuei aurre egiteko.

Bizikidetza positiboa eta ustezko jazarpen-egoeren aurrean zero tolerantzia duen inguru segurua eraikiko dugu guztion artean. Eskola askotan dagoeneko hasi da proiektua osatzen eta Bizikidetzaren behatokia sortu da. Ziur zuetakoren batek entzunda daukala.

Guztion artean BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) osatuko dugu, horrela ikasle eta irakasleekin hasita, familiekin eta lagunekin, eta gizarte guztiarenganaino iritsiko da. Guk ere BAT!!

Jarraian beste bideo bat luzatzen dizugu. Hau luzeagoa da eta aholku batzuk ematen ditu jazarpenari aurre egiteko. Harriturik gelditu zarelakoan gaude!





Espero dugu bideoan agertu diren pistak eta trikimailuak baliagarriak izatea erasotzaileak kikiltzeko  eta daukaten mozorro hori kentzeko horrelako egoera batean ikusten baduzu zeure burua sartuta.

Ez da lehenengo aldia blog honetan gai hau jorratzen dugunik, hurrengo loturan landutako guztietan aurkituko duzu informazio gehiago nahi izanez gero.

Asteburu ona izan!

2018/01/19

OREKA BERMARRAZTEN


Kaixo Balorezale!

Blog honetan idazten has ginenetik hainbat sarrera argitaratu ditugu genero eta berdintasunaren gaien inguruan. Gaur jarraipena eman nahi diegu. Gehiago luzatu gabe, jarraian txertatzen dugun bideoa ikusiko dugu (eskerrik asko Jone eta Sole!), geroago hausnarketa egiteko:





Zu ere aho bete hortz geratu zara? Horrela izan bada, seguruenik da buruan txikitatik sartu dizutelako lanbide batzuk gizonezkoak direla eta beste batzuk, aldiz, emakumezkoak. Horregatik espero zenuen gizonak ikustea eta ez emakumeak.

Azaroan egindako sarrera batean, Goazenen kantuan entzuten genuen izaten garena izaten garela, libreak garela erabakitzeko zer aukeratu gure bizitzaren edozein esparrutan. Hori argi baino argiago izan behar dugu, lehenengo urratsa da berdintasunerantz begira. Horren ostean kontuan izateko beste batzuk ere badaude, ereduak besteak beste. 

Funtsezkoak dira emakumeen ereduak, eskola honetako esperientzia bezala.  Ziur gaude ume hauen etorkizuna onerako baldintzatuta dagoela. Artikulu honetan azaltzen da esperientzia osoa.

Euskal Herria mailan gauzak badoaz aldatzen, pixkanaka-pixkanaka baina etengabe. Azkenetariko eredua Ertzaintzaren 27. promoziorako iragarkian topatzen dugu. Hemen txertatzen dizkizugu atera dituzten bi "spot-ak". Ikusi ondoren 7 ezberdintasunetan jolastuko gara:






Ikusi duzunez, bietan agertzen dira emakumezkoak, eta hori, horrelako lanbidetan, orain dela gutxi arte, gizonezkoei bereziki bideratuta zegoena da, seinale ona!

Lehenengo bideoan agertzen den emakume bakarrari ematen dioten rola ikerlariarena da, akziotik urrun, garrantzitsua den bigarren planoan. Bigarrenean aldiz, nolakoa da emakumearen presentzia? Horixe! Hasteko, gehiengoa da (2/3) eta hartzen dituen rolak akzioaren barruan daude. Ziur gaude horrela imaginatzen duzula zuk ere, ertzain ona izateko indarra beharrezkoa da baina argia izatea ere bai, oso denbora murriztuan erabaki serio-serioak hartu behar baitira, eta emakumezkoek zein gizonezkoek izan ditzakete bi ezaugarri horiek, ez duzu uste?

Guri oso gustatu zaigu eredu hau topatzea eta espero dugu laster suhiltzailea, ikerlaria, lehendakaria edo astronauta izateko emakumez betetako iragarkiak ikusteaz gain, benetako ereduak izatea. 

Baina aldaketa guzti guztiak ez daude erakundeen edo Jaurlaritzaren eskuetan, gure etxeetan ere eredu ona jaso behar dugu, adibidez, lo egitera joan aurretik irakurtzen diren ipuinetan aldaketak egon behar dira. Ea hurrengo bideoa gustoko duzuen...




Hauek dira guk gustuko ditugun ipuinak, gaur egungo printzesekin, estereotipoak apurtzen dituzten horietakoak. Eskerrik asko, Audi, urtero horrelako iragarkiak oparitzeagatik.

Espero dugu zu nagusia zarenean, guztiz arrunta izatea emakumezkoek beraien ametsetako lanpostuetan lan egitea, eta horrela izan dadin, badago manifestu bat hori guztia bultzatzen duena eta sinatu daitekeena: 



Guk, dagoeneko, irakurri eta sinatu egin dugu eta zure gurasoekin, aitona-amonekin eta nahi duzun pertsona nagusi guztiekin gauza bera egitera animatzen zaitugu. Beti esaten dugun moduan, zu izan zaitezke aldaketaren lehengo pausua, etorkizuna zurea baita!

Asteburu ona izan!

2018/01/11

TXIMELETEN ZIRKUA

Kaixo Balorezale!

Ohituta gaude post bakoitzean, sarreratxo bat egiten bideoa edo ekarpena ikusi baino lehen. Gaur ez dugu horrela jokatuko, bideo hau nahiko mamitsua dela eta ez duela sarrera handirik behar uste baitugu. Horrez gain, ez zaitugu baldintzatu nahi ezta aurreiritzirik sortarazi nahi.

Ohartxo bat bakarrik hasi baino lehen: normalean baino luzetxoagoa da, berez, jar zaitez eroso eta... disfrutatu!





Kontu asko daude aztergai bideo honetan, sarrera bat baino gehiagorako ideiak sortu zaizkigu baina gaur, pertsonaia batengan zentratuko gara: Willengan. Ez gara fisiko hutsean fijatuko, argi baitago gure protagonistaren fisikoaren ezaugarri bereziak nabarmenak direla. Fisikoa alde batera utzita, Willekin identifikatuta sentitu zara inoiz, hau da, ahalmenik gabe? Zer egin duzu pentsamendu ezkor horretatik ateratzeko? Blog honetan maiz ikusi dugu pribilegiatuak garela, agian pentsamendu horrek lagundu ahal zaitu aurrerantzean... 

Zoritxarrez, horrela sentitzen diren pertsonak asko dira, eta ia-ia ziur gaude norbait ezagutu edo ezagutzen duzula bere burua ahalmenik gabekotzat hartzen duena. Zerbait egin dezakezula uste al duzu? Zer esango zenioke? Oso garrantzitsua da "putzuan gaudenean" besteen babesa sentitzea (Harri Orri eta Ar gogoratuko dituzu, ezta?). Ez da erraza besteak ondo laguntzea, oso erosoa ez baita, baina horrelako egoera batean topatzen baduzu zeure burua, egon lasai. Askotan, ondo laguntzeak ez du askorik eskatzen, bakarrik entzutea. Besteak ez du zure aholkua nahi, bakarrik zure babesa :)

Bira handi hau egin eta gero, Willen jarrera aztertzera goaz; horretarako, hainbat momentu bereiz ditzakegu:

- Hasiera-hasierakoa, lehenengo zirkuan dagoenean, alegia. Zelan sentitzen da? Aukerarik al dauka besterik egiteko? Norbaiten laguntza jasotzen du?

- Ondoren, handik ihes egiten duenean eta furgonetan izkutatzen denean. Zelan uste duzu senti daitekeela bere helburua lortzean? Norbaiten laguntza jaso du egoera horretan?

- Tximeletaren zirkuaren lagunekin dagoenean hasiera batean. Lehengo zirkuan baino hobeto sentitzen dela uste duzu? Momentu txarrik somatu duzu?

- Eta azkenik, uretara erori ondorengoa. Nork eta nola laguntzen dio Willi?

Hau guztia aztertu ondoren, zer deritzozu Willen jarrerari une bakoitzean?

Amaitzeko, azkenengo galderatxo bat: bazenekien Willen papera antzezten duen aktorea, Nick Vujcic, hainbat lekutara doala urtero jendea bere gaitasunez ohartarazten laguntzeko asmoz? Horrela da, guztiok daukagu izar bat gure barnean, guri dagokigu askatzea edo barruan gordetzea, atera ezinik... Distiratsu baino distiratsuagoa izan zaitezela espero dugu guk, zirkuko izar nagusia hain zuzen ere!

Asteburu ona izan!


2018/01/07

EGUN BERRI ON!

Kaixo balorazale!

Ez, ez gara erratu izenburua idaztean. Ondo idatzi dugu, hori baita hain zuzen, opa nahi dizuguna: egun berri on izan dezazun! 

Hurrengo bideoa intentzio onez eta mezu baikorrez beterik dago, ez bakarrik gaurko, eguneroko baizik. Hiruhilabete berri honetan animoak pizteko eta zure jarrera planteatzeko ideiak har ditzakezu, ziur ondo datorkizula. Ikusi erne!!





Ideiarik otu al zaizu? Hala izatea espero dugu eta indarrez eta gogoz har dezazun hirubilabete berri hau, konfidantza izanik zeure buruarengan, kapaza zara eta!!

Ondo izan!

2018/01/04

OPARIEKIN ERE BERDINTASUNA!


Kaixo balorazale!

Oporretan gauden arren, ezin izan dugu saihestu zuekin bideo hau elkarbanatzea. Gure eskuetara iritsi bezain pronto, hona etorri gara zuri helarazteko.

Amaitzen ari dira oporrak baina oraindik Errege Maguak etortzeke daude. Nahiz eta oso jakintsuak izan, batzuetan erratzen dira eta hanka sartzen dute opariak aukeratzerakoan. Bideo barregarri honek oso ondo azaltzen du. Erne egon!




Errege Maguek zein helduok txipa aldatu behar dugu. Utzi behar ditugu umeak (neskak zein mutilak) haien gustuko gauzak aukeratzen, baldintzatu gabe, askeak izaten eta haien aukerak errespetatzen. Horrela, berdintasunerako bidea pixkanaka-pixkanaka joango gara eraikitzen eta etorkizuneko helduek askatasunez aukeratu ahal izango dute haien bidea.

Gabonetako opariekin ere berdintasunaren alde!