Ongi etorri balorez jositako blogera! Hemen, eskolan baloreak lantzeko hainbat tresna aurkituko dituzu: bideoak, irudiak, testuak, albisteak, hausnarketarako gaiak...
Zeure gustukoa izatea espero dut. Gozatu eta partekatu!
Aprobetxatu nahi dugu sarrera hau McDonalds-en kanpaina baten iragarkia aztertzeko, harrituta utzi gaitu eta zurekin elkarbanatu nahi dugu. Hona hemen:
Espero zenuen honelako ekintzarik McDonalds-en eskutik? Zer deritzozu? Ba al zenekien horrelako egoitzak zeudela hainbat ospitaletan?
Gure kasuan hauetariko egoitza baten beharra izan duen familia bat ezagutzen dugu eta, egia esan, jasotako informazioa ezin da hobeagoa izan, oso ondo tratatuta, babestuta eta eroso sentitu baitziren oso egoera larrian egonda.
Gaur ez badakizu non askaldu edo afaldu eta lagundu nahi baduzu, hurbildu zaitez zure familia edo lagunekin McDonald batera. Gaur Big Mac menua Big Heart bihurtu da eta bat eskatuz gero, ordaindutako %100 Ronald McDonald fundaziora joango da. Guk gureak jan ditugu dagoeneko! Baina ezin baduzu, ez da ezer gertatzen, gutxienez honen berri daukazu! Eskerrak mundu zoro honetan horrelako ekintza politak existitzen diren.
Gaur, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen da. Telebistako eta egunkarietako albisteetan oilo-ipurdia jartzen diguten datu ikaragarriak entzungo ditugu indarkeria mota honi buruz. Baina ez dugu horrekin bakarrik gelditu behar. Batzuk pentsatuko dute helduen kontua soilik dela, baina ez da horrela, heziketa txiki-txikitatik izan behar baita. Gaia sakonki landu nahi dugu, horregatik egun honetaz apur bat gehiago jakiteko eta horri buruz pentsarazteko prestatu dugu gaurko sarrera hau.
Egunaren historiarekin has gaitezen:
Zergatik egun hau? Dominikar Errepublikan 1960ko azaroaren 25ean, Trujillo diktadoreak, Mirabal ahizpak (Minerva, Patria eta MarĂa Teresa) hiltzeko agindua eman zuen bere erregimenaren kontra borrakatzeagatik. Horrela, egun honetan, Mirabal ahizpei omenaldia egiten zaie.
1981ean, Bogotan (Kolonbia) Hego Ameriketako eta Karibeko Feministen Topaketan, onartu zen Dominikar Errepublikako batzordeak egindako proposamena emakumeen kontrako indarkeriaren eguna ofiziala azaroak 25a izatea. Ikusten duzunez, arazo hau ez da gaur egungoa bakarrik, aspalditik dator. Duela 35 urte sortu zen emakumeenganako indarkeriaren aurkako mugimendua, baina arazoa beti egon da nahiz eta ezkutuan izan eta inork salatu ez.
Tristea benetan horrelako egun bat leku berezia izatea geure egutegian. Ez zen existitu beharko gaur egiten den aldarrikapena. EZ! Lotsagarria eta penagarria edozein bortizkeria desagerrarazteko eskatu behar izatea...
Jarraian, gaurko gaiarekin albiste erreal pare bat luzatzen dizugu:
Lehenik, indarkeria mota honen hasieraren berri ematen diguna.
Eta hau, tratu txarrak jaso zituen emakume baten adierazmena, aholkuak eta itxaropen mezua:
Konturatu zara hemen beste indarkeria mota bat aipatzen dela? Indarkeria hitza erabiltzen dugunean, ez da fisikoa soilik adierazteko, indarkeria psikologikoa ere existitzen da, eta askotan fisikoa baina gaitzagoa gainditzeko. Zorionez, azken albistearen kasuan bezala, aurre egin ahal zaio eta gaindi daiteke.
Gai honetan pittin bat gehiago sakontzeko eta hausnartzeko, zugandik hurbilago egon daitekeen egoera baten bideoa proposatzen dizugu jarraian. Ikusi bitartean, pentsa zelako erantzuna izango zenukeen zuk, berdin da neska zein mutila zaren. Erne egon!!
Lehen adierazi dugun moduan, berdin da neska zein mutila zaren, zer erantzungo zenuke zuk zure lagun bat jipoitzeko agintzen badizute? Berdin jokatuko zenuke jipoitu behar duzuna neska zein mutila izanda ere? Gustatu zaizkizu haur hauen erantzunak? Bat aukeratu behar izatekotan, zein izango zen?
Jarraituko dugu irudi batekin. Ziur zure zentroko pasabideetatik ikusi duzula. Baina... gelditu zara une batez pentsatzeko zer esan nahi duen esaldi horrek? Zergatik neska horiek ez dute ausartak izan nahi? Inportanteagoa al da askatasuna ausardia baino? Noski! Askatasuna badugu, ausardia ez dugu beldurraren kontra erabili behar izango!
Beldur barik programak hainbat ekintza antolatzen ditu emakumeek izan dezaketen beldur hori kentzeko. Besteak beste, bideoklipen lehiaketa genero indarkeria salatzeko. Hainbat ekimen eta topaketa bultzatzen ditu ere bai.
Puntu morea ezarri nahi dugu hemen. Puntu moreak adierazten du edozein indarkeria motaren aurka egotea. Eta gu, horren kontra gaude, argi eta garbi utzi nahi dugu geure desadostasuna.
Athletic-ek bere aldarrikapena egiten du ere bai, neskek zein mutilek modu adierazgarri batean azaltzen digute ez dela ezetz. Erne, ikusi!
Musikarekin amaitu nahi dugu gaurko aldarrikapena, beste ezetz batekin, Esne Beltza taldearena. Oso adierazgaria abestia zein bideoklipa. Irudikatzen duena inoiz ez suerta dakizun espero dugu.
Hemen gaude berriro gai berri bat baloratzeko! Beno, beharbada ez da hain berria eta orain arte landutako zerbaitekin lotu dezakegu... Ea topatzen duzun zerekin!
Jarraian ikusiko dugun bideoa El Hormiguero izeneko saioaren esperimentu bat da. Bere itxurarekin konforme ez dauden pertsonek hartzen dute parte.
Gogoeta egin ondoren konturatzen gara kanpokoa aldatzeko, inportanteena barrukoa aldatzea dela. Gure pentsamenduek indar handia daukate eta aldaketarik nabarmenenak barrutik hasten dira.
Oraingoan, umeengandik ikas dezagun:
Bideo honekin pentsaraztea nahi dugu eta bakarra eta paregabea zarela ohartaraztea. Ohikoa da geure fisikoarekin gustora ez egotea, baina sarrera honen helburua ikuspuntu hori aldatzea zen. Ez dakigu lortu dugun baina zerbait beste modu batetik ikustea behintzat espero dugu. Eta orain, zeozer aldatuko zenuke zuk? Konformeago zaude zeure itxurarekin? Baietz espero dugu...
A! Ohartu zara zein sarrerarekin lotu ahal dugun hau? Ez bazara konturatu, hemen klikatu.
Egun ona izan eta ez ahaztu bakarra eta paregabea zarela!!
Gaur,
azaroak 20, haurren eguna da. Horrela ezarri zuen Nazio Batuen
Erakundearen Batzar Nagusiak orain dela 57 urte, hau da, 1959an.
Egun hartan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH) sinatu zen eta UNICEF-en web orrialdean ikus daiteke zer suposatzen duen HEHk haurren bizitzan.
Hitzarmenak
argi eta garbi onartzen du (18 urtetik beherako) haurrek bizitza maila
egokia izateko eskubidea dutela. Eta hitzarmen hau juridikoki loteslea
da, edo bestela esanda, nahitaez bete beharrekoa da. Tamalez, mundu
guztian ez, Somalian eta EEBBetan izan ezik, haiek ez baitzuten
hizarmena sinatu.
Mafaldak, bere ikuspuntu bereziarekin, horrela azaltzen dizkigu haurren eskubideak:
Argi
baino argiago daukagu eskubideak ditugula. Izan ere, azken bolada
honetan maiz entzuten dugu "Nik hau egiteko eskubidea daukat", baina,
benetan ezagutzen al ditugu gure eskubideak? Eta eurekin batera berez
datozen betebeharrak? Hau hobeto ulertzeko hurrengo bideoa proposatzen
dizugu.
Zer
deritzozu bideoari eta bere edukiei? Argiago ikusten duzu orain
betebeharren kontua? Bazenekien hauek zure eskubideak zirela? Eta zure betebeharrak hauek izango zirela espero zenuen? Txanpon batek bi alde
ditu eta bat ezin da izan bestea gabe.
Ikusi
berri dugu haur guztiak berdinak direla eskubide eta betebeharrei
dagozkienez baina, tamalez, bizi diren egoerak ez dira berdinak. Gure
kasuan oso zoriontsuak gara, zorte handikoak, ez baitzaigu ezer falta, baina
beste leku batzuetako haurren errealitatea ez da gurea bezalakoa. Ikus
dezagun hurrengo bideoa ea ezberdintasunik topatzen dugun:
Lortu
duzu ezberdintasunik ikustea? Zer iruditu zaizkizu ezkerreko eta
eskumako haurren arteko aldeak? Biek dauzkate bermatuta eskubideak?
Justua al da eskubideak izatea eta bete behar dituztenek -agintariek- ez egitea?
Zangozako Ikastolan egindako hormairudi baten argazkiarekin agur (eta askoz gauza gehiago) esaten dizugu...
Komentatu, hausnartu eta ikusi dugun guztia zure gogoeta sortaraztea nahiko genuke.Daukazun zorte itzela aztertzeko, baloratzeko eta eskertzeko balio izatea espero dugu.
Zeuen egunaz eta, batez ere, daukazun zorteaz gozatu!
Dakizunez, arnasa hartzea funtzezkoa da bizi izateko, izaki bizidun guztiok egiten dugu inkonszienteki etengabe. Natura edo biologiaren gaia da, baina ez gara ildo horretatik joango, ez dugu bizi-funtziotzat hartuko oraingoan, ez.
Arnasketa mota desberdinak daude. Ezagutzen al duzu arnasketa motarik? Ba al dakizu zertarako erabil dezakegun arnasketa arnasa hartzeaz aparte? Hurrengo bideoan ikusiko duguna funtzezkoa dela uste dugu, ikus dezagun ea galdera hauen erantzunak aurkitzen dituzun...
Argi dago orain, bideoa ikusi ostean, erlaxatzeko funtzezko baliabidea dela. Nahiz eta argiago izan lehen planteaturiko galderak, beste batzuk datozkigu burura:
Inoiz sentitu zara ume horiek deskribatzen duten moduan?
Umeen arazoa al da edo uste duzu nagusioi ere gertatzen zaigula berdina?
Bakarrik balio dute aholku hauek haserre gaudenerako?
Bururatzen al zaizu noiz gehiago hartu behar dugun arnasa lasaitzeko?
Eta zuk, zer egiten duzu? Arnasa hartzen duzu zeure emozioak kontrolatzeko? Elkarbanatu nahi duzu gurekin zure trikimailua?
Aurreko guztia hausnartu ondoren, ondorioztatu ahal dugu egoera batetiko daukagun pentsamendu edo iritzia aldatzen badugu, gure emozioak ere aldatuko direla eta beraz, martxan jartzen ditugun ekintzak eta emaitzak ere bai. Edota egoera batean gure emozioak aldatzea lortzen badugu, gure pentsamenduengan eragingo dugu baita egoera horretan, gure ekintzak ere aldatuko dira eta emaitzak ere bai.
Beraz, merezi du denbora hartzea, sakon hartzea arnasa egoera latzetan emozioak kontrolatzeko... Horretarako teknika erreza plazaratzen dizugu: 4-7-8. Hiru urrats ditu teknika honek:
Ahoa itxi eta hartu arnasa sudurretik lau segundotan.
Mantendu airea zazpi segundo barruan.
Bota aire guztia pixkanaka zortzi segundotan.
Ziur besteren bat jakingo duzula, baina orain praktikatzeko aitzakiarik ez duzu izango!!
Bilatu leku lasaia, eroso jarri, itxi begiak, arnasa hartu eta hasi zenbatzen:
Gaurko sarrera kultura, tradizioa eta balorez beterik dago. Gozatu!!
"Txerri orori bere San Marin heltzen zaio" Inoiz entzun al duzu esaera hau?
Hona hemen azalpena:
Gaur, azaroak 11, San Martin eguna da, jaiegun seinalatua euskal tradizioan. Izan ere, txerria hiltzeko egun aproposa zen baserritarrentzat; alegia, negu latzari aurpegi emateko laguntza paregabea eskaintzen zuten txerrrikiak prestatzen hasteko egun egokia. Euskal baserriaren giroan festaz jantzi izanda beti San Martin eguna. Txerri hilketaren inguran antolatu ohi zen festaz. Lukainka, buzkantz eta odolosteak, San Martin egunez prestatzen ziren. Saiheski, solomo eta pernilak ere egun horretatik aurrera joaten ziren heltzen. Gaur, oso gutxi dira, gure artean, baserrian eta baserritik bizi direnak. Baina hori gora behera, bere garrantzia ematen zaio oraindik San Martin egunari.
Ohitura eta kultura zati bat ezagutu ondorren beste ohitura batekin jarraitzen dugu. Gaur, azaroak 11, Ziba eguna da. Eta hemendik oso gertu dagoen eskola batean ospatzen dute. Urtero, egun honetan, Alkartu ikastolako umeek zibak atera eta dantzatzen dituzte. Han, Joseba maisuak, ekintza asko bideratzen ditu eta ziba dantzatzeko trukoak azaltzen ditu. Jolasen inguruko blog polita dauka eta, besteak beste, azken sarreren artean ziba birziklatu bat egiteko urratsak azaltzen ditu. Bisitatu eta gozatu: Aintzinako ume jolasak
Baina, zer ikusirik al dauka hau guztia baloreekin? Momentuz ezer ez. Oraindik ez dugulako aipatu ekimen solidario batekin lotuta dagoela ziba egun hau. Eguna ospatzeaz aparte, ikastolako guraso elkarteak aurretik zibak eta kamisetak saltzen ditu, eta biltzen den dirua proiektu solidario batentzat da. Aurten Gorkharen txanda da, Nepaleko herria, 2015 urtean eskola gabe geratu zena lurrikara baten ondorioz.
Egoera horren berri izatea Gergoriri esker izan zen, 12.000 km bizikletaz egiten ari den tipoa eskola berreraikitzen laguntzeko. Zoramena dirudien arren, horrela da. Proiektua, "Una pizarra para Gorkha" izenekoa, martxan jarri zuen pasa den apirilean eta dagoeneko, lehenengo zatia burutu egin du. Bigarren zatia 2017an izango da eta Nepaleraino iritsiko da. Benetan polita horrelako ekimenak existitzea!
Amaitu baino lehen, irudi polita eta esanguratsua luzatzen dizugu, zibak egiten duen moduan dantzatzera gonbidatzen gaituena.
Gaurko sarreran ez dugu aurkezpenik egingo. Bideo batekin hasiko gara zuzenean. Oso motza da eta ikusten duzun bitartean, pentsa ezazu zerekin egon daitekeen lotuta, kontuan izanik blog honetan argitaratzen ditugun sarrerak giza-baloreekin zerikusia dutela...
Erne egon!!
Bideoa ikusita, Eroskiri publizitatea egiteko ekarri dugula uste al duzu? Ba ez! Orduan, zer nahi dugu lortu bideo honekin?
Azter dezagun bideoa: "Eroskiren helburua: zero hondakin" oso ondo dago, horrekin guztiz bat gatoz. Baina besteak bezalakoak badira barazki eta fruta horiek, zergatik jaitsi behar zaie prezioa? Zergatik jendeak ez ditu erosten? Erantzuna tristea da, jendeak kanpoko itxurari garrantzi handia ematen diolako.
Baina hau ez da bakarrik gertatzen jakiekin. Gure gizartean, tamalez, kanpotik nolakoa zaren askoz garrantzitsuagoa da nor zaren baino. Aspalditik ikusi dugu nola emakumezkoak argalak izan behar diren edo gizonezkoak gihartsuak, nola emakumezkoek depilazioa jasan behar duten, ilea tintatu edo makillatu behar diren eder egoteko... Zorionez mundu guztiak ez du amore ematen eta kanpotik nolakoa den onartzen eta defendatzen du.
AEBetako Idaho estatuko Boise hirian bizi da Amy, hurrengo bideoaren protagonista. Bere gorputza nolakoa zen onartzeko arazoak izan zituen Amyk. Oso ibilbide luzea egin du eta azken geltokia hiri horretako merkatu batean gertatzen da. Ikus dezagun zer egiten duen eta nolako erantzuna jasotzen duen jendearengandik...
Zer deritzozu Amyren ekintzari? Zer nolako erantzuna izango zenuke zuk horrelako pertsona bat kalean topatuz gero? Bihotza marrazteaz aparte, besterik idatziko zenioke zuk? Zer?
Hemendik zorionik beroenak eta eskerrik asko handia luzatu nahi dizkiogu Amyri horren ausarta izateagatik eta jende askori lezioa emateagatik, han ikusteko aukera izan zutenei eta bideoaren bitartez iritsi zaigunoi ere bai.
Bideoak eta egoerak aztertu ondoren, zure ustez kanpoko itxura garrantzitsua da? Noraino? Espero dugu ikuspuntu desberdin batetik ikustea orain. Eta horrela ez bada, gutxienez gaiaz hausnar dezazun.