2018/11/22

EUSKARALDIA: BESTE ERRESPETU MOTA BAT

Kaixo irakurle hori!

Blog honetan askotan jorratu da errespetuaren gaia. Gaur, berriro ere ekartzen dizut baina beste ikuspegi batetik. Hain zuzen ere, Euskaraldiaren atean gauden momentu honetan, geure hizkuntzarekiko errespetua adierazten duen istorio bat ekartzen dizut.





Jonek euskara ikasteko ahalegina egin zuen bere semeak berdintasunean, aniztasuna errespetatzen, gauza txikiak maitatzen eta albokoak zaintzen hezi nahi dituelako.

Amaitu nahi dugu egiten duen gogoetarekin:

"Bide errez eta laburrena ez da izaten biderik onena. Gauza politek esfortzua exigitzen dute. Baina gero, datorrena askoz ederragoa da."


Mr Euskaldunen irudi alai honekin agurtzen zaitut, ahobizi edo belarriprest hori!


@mreuskaldun

2018/11/15

MIKROMATXISMOAK

Kaixo balorazale,

Azaroak 25 gertu dago eta laster hasiko gara egun horren inguruko informazioa jasotzen. Iaz gai honi emandako trataera ikusi nahi baduzu, klikatu hemen. Aurten finagoa den indarkeriari erreparatuko diogu, mikromatxismoei hain zuzen ere.

Definizioz, gure egunerokotasunean jasaten eta eragiten ditugun eraso matxista ikusezin eta baliogabetuak dira. Edonon topa ditzakegu: kalean, dendetan, tabernetan, geure etxeetan baita geure artean ere! Kontuz ibili behar dugu, horrek eragina baitauka geure bizitzengan. Batzuetan ikustezinarena egiten dugu edo zama kendu nahi diegu... Kezkagarria benetan oraindik ere horrelakoak gertatzea!

Oraindik ez baduzu irudikatzen zehatz-mehatz zertaz ari garen, hona hemen bideo labur bat oso ondo azaltzen duena zertan dautzan eraso hauek.





Ulertu al dituzu guztiak? Ezagunak egiten zaizkizu? Gehiagorik bururatzen al zaizu?

Hurrengo bideoan, DBHko ikasle batzuk horrelako egoera eta beste batzuk antzezten dituzte mikromatxismoak zer diren azaltzeko. Aupa zuek!





Horrelako egoerak gero eta gutxiago gertatzea espero dut. Bururatzen al zaizu nola saihestu? Zer egin genezake?


2018/11/08

ETA ZUK ZER PRAKTIKATZEN DUZU?

Kaixo!

Askotan helarazi dut blog honetako hainbat argitalpenetatik, hemen egindako gogoetekin mundua hobetzeko itxaropena daukadala. Zuetako gutxi batzuengana iristeko gai banaiz eta nire ekarpenekin pertsona hobeak izaten laguntzen badut, astero ematen dudan denborak merezi du. Inoiz ez dut jakingo hala den, baina ideia horrek laguntzen dit aurrera egiten.

Hezkuntza sistemak askotan alde batera uzten ditu garrantzitsuak diren bizitzako alor eta egoera pertsonaletan, sozialetan, akademikoetan eta lanekoetan, arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar diren konpetentziak. Honekin, betiko arloak baztertzen ari naiz eta indarra eman nahi diet elkarbizitzari, ekimena izateari, sentimendu, pentsamendu eta ekintza pertsonalez gogoeta egiteari... Hori da hain zuzen, hemen lantzen den guztia.

Zuk, irakurle hori, etorkizuna eraikiko duzu eta horretarako jarrera oso garrantzitsua da. Bizitzarako jarrera egokia beharrezkoa da edozein egoeratan, eta hiru umek azalduko digute hurrengo bideoan (eskerrik asko, Leire!):





Zein azalpen argia, ezta? Izan presente ume hauek errepikatzen duten ideia:

"Egunero praktikatzen duzun horretan, oso ona bihurtuko zara"


Orain zure esku dago alaitasuna, errespetua edo zoriona praktikatzea horretan aditua bihurtzeko, eta beste alde batera utzi protestatzea, alde txarra topatzea, haserretzea, kezkatzea oraindik gertatu ez den edozein gauzagatik... 

Nola bizi izango duzu lasaiago? Ohartzea lortu baduzu, lehenengo urratsa emanda daukazu!

Orain, praktikatzera!