2018/01/11

TXIMELETEN ZIRKUA

Kaixo Balorezale!

Ohituta gaude post bakoitzean, sarreratxo bat egiten bideoa edo ekarpena ikusi baino lehen. Gaur ez dugu horrela jokatuko, bideo hau nahiko mamitsua dela eta ez duela sarrera handirik behar uste baitugu. Horrez gain, ez zaitugu baldintzatu nahi ezta aurreiritzirik sortarazi nahi.

Ohartxo bat bakarrik hasi baino lehen: normalean baino luzetxoagoa da, berez, jar zaitez eroso eta... disfrutatu!





Kontu asko daude aztergai bideo honetan, sarrera bat baino gehiagorako ideiak sortu zaizkigu baina gaur, pertsonaia batengan zentratuko gara: Willengan. Ez gara fisiko hutsean fijatuko, argi baitago gure protagonistaren fisikoaren ezaugarri bereziak nabarmenak direla. Fisikoa alde batera utzita, Willekin identifikatuta sentitu zara inoiz, hau da, ahalmenik gabe? Zer egin duzu pentsamendu ezkor horretatik ateratzeko? Blog honetan maiz ikusi dugu pribilegiatuak garela, agian pentsamendu horrek lagundu ahal zaitu aurrerantzean... 

Zoritxarrez, horrela sentitzen diren pertsonak asko dira, eta ia-ia ziur gaude norbait ezagutu edo ezagutzen duzula bere burua ahalmenik gabekotzat hartzen duena. Zerbait egin dezakezula uste al duzu? Zer esango zenioke? Oso garrantzitsua da "putzuan gaudenean" besteen babesa sentitzea (Harri Orri eta Ar gogoratuko dituzu, ezta?). Ez da erraza besteak ondo laguntzea, oso erosoa ez baita, baina horrelako egoera batean topatzen baduzu zeure burua, egon lasai. Askotan, ondo laguntzeak ez du askorik eskatzen, bakarrik entzutea. Besteak ez du zure aholkua nahi, bakarrik zure babesa :)

Bira handi hau egin eta gero, Willen jarrera aztertzera goaz; horretarako, hainbat momentu bereiz ditzakegu:

- Hasiera-hasierakoa, lehenengo zirkuan dagoenean, alegia. Zelan sentitzen da? Aukerarik al dauka besterik egiteko? Norbaiten laguntza jasotzen du?

- Ondoren, handik ihes egiten duenean eta furgonetan izkutatzen denean. Zelan uste duzu senti daitekeela bere helburua lortzean? Norbaiten laguntza jaso du egoera horretan?

- Tximeletaren zirkuaren lagunekin dagoenean hasiera batean. Lehengo zirkuan baino hobeto sentitzen dela uste duzu? Momentu txarrik somatu duzu?

- Eta azkenik, uretara erori ondorengoa. Nork eta nola laguntzen dio Willi?

Hau guztia aztertu ondoren, zer deritzozu Willen jarrerari une bakoitzean?

Amaitzeko, azkenengo galderatxo bat: bazenekien Willen papera antzezten duen aktorea, Nick Vujcic, hainbat lekutara doala urtero jendea bere gaitasunez ohartarazten laguntzeko asmoz? Horrela da, guztiok daukagu izar bat gure barnean, guri dagokigu askatzea edo barruan gordetzea, atera ezinik... Distiratsu baino distiratsuagoa izan zaitezela espero dugu guk, zirkuko izar nagusia hain zuzen ere!

Asteburu ona izan!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina