2017/05/25

TOLERANTZIA


Kaixo irakurle hori!

Pasa den astean tolerantzia eta aniztasunaren aldeko egunaren berri eman genizun. Aste honetan nahiz eta nazioarteko egunik ez ospatu, ildo horretatik jarraitu nahi dugu.

LGTB kolektiboaz aritu ginen eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako kanpainaren leloari eutsi genion: gorrotoaren hizkuntza ez erabiltzearena. Zergatik ote proposamen hori? Argi dago askotan modu desegokian etiketatzen zaiela kolektibo horren pertsonei eta irainak erabiltzen direla haien kontra. Sentimenduak, berez sortzen dira eta oso zaila da kontrolatzea, guztien artean zailenetik zailena amodioa da, zalantza barik... Zergatik etiketatu pertsona bat sentitzen duenagatik? Hurrengo bideo honek harritzeaz aparte hunkitzea ere espero dugu. Ikusi eta gozatu!!





Bideo honetatik ateratzen dugun gogoeta zera da: toleranteak izan behar dugula, askatasunez begiratu, ez epaitu azalaren koloreagatik, ideiengatik edo maitasun harremanengatik. Ekintzak epaitu behar dira, hau da, pertsona ona izateagatik, fidagarria, besteak laguntzeagatik, maltxurra izateagatik ala ez... Justuak izan gaitezen eta pertsonen ekintzak epai ditzagun!

Aurreko bideoak ez du soilik genero arazoa aipatzen, baita erlijioa, arraza, ezintasuna ere. Tolerantea izatea oso garrantzitsua dela oso ondo dakizu dagoeneko, baina, Munduak asko eta asko landu behar duen gaia da. Ziur gaude bideoan agertzen diren maitasunezko loturak sakonago landuz gero elkarbizitza global baten helburuarekin, Manchesterren, Parisen, Dortmunen, Londresen, Madrilen, Iraken, Sirian, Turkian eta beste hainbat lekutan gertatutakoak ez zirela pasatuko.

Dakizunez, elkarbizitza, errespetua, tolerantzia... lantzeko leku aproposa baino aproposagoa eskola da. Tamalez, irakasleok ere, askotan, hain tolerantea ez den hizkuntza erabiltzen dugu. Hurrengo bideoak primeran azalduko digu. Adi!



Zer espero zenuen bideoaren hasieran? Bullying-ari buruz izatea? Hau, gure ustez, hainbat arazoren atzetik dagoen kutsadura da. Beti saiatzen gara besteak gu bezalakoak izaten, "normalak" izaten. Baina normaltasuna ez da existitzen, eskerrak! Inoiz entzun duzu "Zenbat buru, hainbat aburu" atsotitza? Ba primeran datorkigu hau azaltzeko: bakoitzak, normaltasuna bere errealitatetik eta bere ikuspuntutik ulertzen du. Horrela, ezer ez daukanarentzat, denetik edukitzea, gure moduan, ez da batere normala.

Bideo honek  aniztasunaz ohartarazteko laguntzen digu, azken finean, zenbat azal kolore daude zure gelan? Ez dugu aurrera egin nahi beraien ideiaren bat aipatu gabe. Bai horixe! Gure geletan dauden azaleko kolore guztiak margotu ahal izateko, margo bereziak atera dituzte eta salgai dituzte! Hemen uzten dizugu linka, agian datorren ikasturterako lekutxo bat gorde diezaiokezu zure klaseko zorroan...

Gaurko sarrerarekin bukatzeko, Paul-en bidaia aurkeztu nahi dizugu. Paul suediarra da eta egun batean, trenez zihoala hau gertatu zitzaion...





Zer deritzozu Paulek egindakoari? Ausartuko zinen zu barrutik daramazun hori plazaratzen hain era nabarmenean? Eta trenean dauden pertsonen jarreraz zer uste duzu? Nola erantzungo zenuke zuk zure alboan jesarrita dagoen gizona komunera badoa eta bueltan emakume bat dela ikustean? Gure ustez, ondo baino hobeto erantzuten dute bidaiariek, Paul bera eta bere erabakia errespetuz hartu eta onartu dute.

Espero dugu hau guztiarekin zure ikuspuntua gero eta zabalagoa izatea, gero eta toleranteagoa... Gogoratu guztiok PERTSONAK garela, kanpotik izaten garena izaten garela edo sentitzen duguna sentitzen dugula ;)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina